Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Euskararen erabilera 11 puntu igo da lan arloan Eusle metodoarekin

Publizitatea

Gizartea

Euskararen erabilera 11 puntu igo da lan arloan Eusle metodoarekin

Hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoa 2013an abiatu zuten, eta «igoera oso nabarmena» izan da erabileran. Euskarari eusten diotenen jokabidera egokitu egiten dira gainerakoak

2017-05-19 / Garikoitz Goikoetxea

Ezagutzan egindako urratsak erabilerara nola eraman, hizkuntza ohiturak nola astindu. Euskarari leku handiagoa nola eman. Erabileraren gaiak erdigunea hartua du euskalgintzan, eta hor eragiteko bideen bila ari dira han-hemen. Lan arloa da esparru horietako bat. Eusle metodologia probatzen aritu dira 2013tik, eta arrakastatsutzat jo dute emaitza. Hamahiru lantegitan izan dute abian, eta, batez beste, 11 puntu igo da euskararen erabilera. Gogoetarako datu ugari ditu ikerketak, eta ondorio argiak ere bai: batetik, lortu dute erabilera igotzea ia kasu guztietan, nahiz esku hartze mugatua izan; bestetik, ikusi dute eusleen jarrerarekin mugiarazi egiten direla besteak, euskarari eusten diotenen aurrean egokitu egiten direla gainerakoak, horretarako baldintza egokiak badaude.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamenak zabaltzen ari dira hainbat lekutan, eta batzuek Eusle egitasmoa dute oinarri —adibidez, Lasarte-Oriako ahobizi eta belarriprest figurek—. Asmoa dute datorren urtean proiektu horiek Euskal Herri osora hedatzeko.

Metodologia bera lehenagotik dator. Aldahitz egitasmoa 2010ean hasi zuen Soziolinguistika Klusterrak, beste eragile batzuekin elkarlanean; helburu du hizkuntza ohituren aldaketa aztertzea. Aldahitzeko proiektu bat da Eusle metodologia, lan arloko hizkuntz ohiturak aldatzea aztergai duena.

Nagusitu ez arren, igo bai

Hamahiru lantegitan probatu dute Eusle metodoa urteotan —enpresa pribatuak eta erakunde publikoak daude tartean—. Emaitza orokorrari begiratuta, hara aldea: esperientzia hasi aurretik, %60,8 zuten euskararen erabilera; esku hartze garaian %76,1era igo zen; eta hiru hilabete geroago, %71,4an zegoen finkatua. Lasarte-Orian kalean egindako probaren traza du lantokietakoak, beraz: esku hartzearekin gorakada handia, eta gero jaitsiera, baina txikiagoa. Oro har hartuta, beraz, gorakada.

Eusle metodologiak badu baldintza bat: parte hartzaile guztiek gai izan behar dute euskara ulertzeko behintzat. Egin dituzten esperimentuetan, %40,4k aurretik bazuten ohitura euskaraz aritzeko, eta horri eutsi diote; %1,7k, berriz, joera jaitsi egin dute zerbait.

Gainerakoengan jarri dute begia, erdararako joera zutenengan. %11k lortu dute ohitura aldatzea eta euskaraz egiteko joera nagusitzea; %6 bidean geratu dira, hasieran ohitura aldatu bai baina gero eutsi gabe; eta %40k ez dute lortu euskara gailentzea. «Halere, horietako gehienek aurrerapen aipagarriak egin dituzte, baina ez dira iritsi eguneroko euskarazko erabileran egonkortzera». Erabilera datuak interesgarri dira: euskarazko ohitura finkatu ez dutenek %29ko erabilera zuten aurretik; orain, %40koa. Erabilera nagusiko hizkuntza ez dute euskara, beraz, baina 11 puntu igo dituzte.

Abiapuntua eta 'eusleak'

Hiztun bakoitzaren abiapuntuak badu garrantzia. Izan ere, bi hilabetekoa izan da proba. Joera hau sumatu dute: lehenago zenbateko erabilera zuten, horrek izan du eragina euskararako ohitura hartzeko. Euskara gailentzea lortu dute lehen euskaraz gehixeago egiten zutenek. «Haientzat bi hilabeteko tartea egokia izan da jokaera berria finkatzeko». Besteentzat, berriz, «motz» geratu da.

Erabilerak «igoera oso nabarmena» eduki du, bultzatzaileen ustez. Ohartarazi dute hiru faktore aintzat hartu behar direla: lehenik, «esperientzia laburra» izan dela, bi hilabetekoa; bigarrenik, «oso dinamika sinpleak» direla oinarri; eta hirugarrenik, lehenago ere egin dituztela halako saioak.

Eusleak dira egitasmoaren bultzagileak: euskarari eusteko konpromisoa hartzen dute. Haienera egokitzen dira besteak, eusleen eta ez-eusleen erabilerak erakusten duenez. Are, euslerik ez duten bikoteetan ere aldatzen da ohitura, taldearen eraginez: euskararako ohitura hartu duten bikoteen %30ean, adibidez, ez zen euslerik.

Emaitzen argitan, ikuspegi aldaketa eskatu du Pablo Suberbiola klusterreko teknikariak: «Maiz galdera hau egiten da: 'Zer dela-eta erabilerak ez du ezagutzaren pareko aurrerapenik?'. Egokiagoak dira bestelako galderak: 'Talde batean zein elementu aldatu edo gehituta bihurtzen da zilegi euskarazko erabilera berri bat?'».

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea Garikoitz Goikoetxea

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak