Albistea entzun

Doktore tesien gorakada EHUn

2011-2014ko Ikerketa Planaren emaitzak aurkeztu ditu unibertsitateak: lau urtean 319tik 479ra emendatu da ikerlanen kopurua.

Euskaraz 43 lan defendatu ziren iaz; 25 ziren 2011n
Jakintza arlo guztietan egin du gora Euskal Herriko Unibertsitatean azken lau urteotan defendatutako doktore tesien kopuruak.
Jakintza arlo guztietan egin du gora Euskal Herriko Unibertsitatean azken lau urteotan defendatutako doktore tesien kopuruak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2015eko urriak 2

Bere ikerketa jarduera ebaluatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta, orain lau urte bere buruari jarritako helburuak bete ez ezik, gainditu ere egin ditu arlo gehienetan. 2011-2014ko Ikerketa Planaren emaitzak aurkeztu zituen atzo EHUko Gobernu Kontseiluan, eta ikerkuntza jarduera «finkatu» egin dela ondorioztatu du. Lau urteotan gora egin du defendatutako doktore tesien kopuruak, aurreikuspenak gaindituta gainera, eta igo egin dira Europatik jasotako finantzaketa, nazioarteko aldizkarietan argitaratutako lanen kalitatea eta enpresen sorrera ere. Euskaraz landutako tesi kopuruak ere gora egin du lau urtean: 25etik 43ra igo dira.

2011n 319 doktore tesi defendatu ziren EHUn, eta iazko urterako 400 azterlan jasotzeko xedea zehaztu zuen unibertsitateak. Helburua aise bete da, baita %20 gainditzea lortu ere, 479 lan aurkeztu baitziren iaz. Halaber, nazioarteko tesien kopuruak ere —atzerriko unibertsitate edo erakunde batekin elkarlanean gauzatutako lanen kopuruak— gora egin du lau urteotan: 80 izan ziren 2011n, eta 175 iaz. Euskaraz sortutako ikerlanak gehitu behar zaizkio, halaber, gorakada orokorrari. «Balorazioa oso positiboa da», Fernando Plazaola EHUko Ikerkuntza arloko errektoreordearen hitzetan. «Jarritako kopuruak ez dira nahikoak izan; ekoizpen zientifikoa handia eta kalitatezkoa izan da».

Aldizkari zientifikoetan argitaratutako lanen emaitzak ere nabarmendu ditu Plazaolak. Iaz 2.000 artikulu argitaratzeko xedea zuen unibertsitateak, eta 2.615 izan ziren azkenean. Kopuruan ez ezik, lanen kalitatean ere aurrerapausoa izan da. Izan ere, jakintza arlo bakoitzaren kalitate handieneko aldizkarietan —lehen kuartila edo Q1 deritzonetan— argitaratu dituzte artikulu horietatik 1.400. «Gure ikerketa taldeen lehiakortasuna agerian geratu da», Plazaolaren esanetan. «Jakintza arlo guztietan egin dute gora bai tesiek bai artikuluek. Unibertsitatean egiten den ikerketa gero eta inpaktu handiagoa izaten ari da, eta, gainera, agerian dago ikerketaren kalitatea hobetu egin dela urteotan arlo guztietan».

Ikerketa proiektuetarako, urteotan 35 milioi euro lortu ditu EHUk Europako Batasunaren VII. Esparru Programatik. «Europan oso indartsu sartu gara. Aurreko programaren aldean, sei aldiz finantzatze handiagoa lortu dugu. Asko areagotu da gure nazioartekotasuna».

Enpresa berriak sortzea

Enpresa eta administrazioekin sinatutako kontratuek, ordea, behera egin dute lau urteotan, nahiz eta iaz gorakada txiki bat sumatu zuten. «Krisi egoeran jardun gara, eta hainbat iturritatik finantzatzea gutxitu egin da, baina, hala ere, etekinak nahiko onak dira», Plazaolaren ustez. 35 milioi euro fakturatu ditu EHUk 2011tik.

Enpresa berrien sorkuntzan, berriz, hobera egin dute datuek, eta iazko aurreikuspenak bikoiztu egin dituzte: 49 enpresa sortu dira, eta bi herenetan ikasleen parte hartze zuzena izan da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez

 ©Araba Euskaraz

Araba Euskarazen egitaraua aurkeztu dute

Berria

Hiru gune izango ditu jaiak, Olarizun, ekainaren 11n.

Tayeb, ezkerrean, Lasserrerekin, eskuinean, hizketan, AB Etxean, asteartean. ©Guillaume Fauveau

Adierazpen matxistengatik barkamena eskatu du Baionako Aviron taldeko presidenteak

Berria

Pirinio Atlantikoetako kontseiluko presidente Jean-Jacques Lasserrek, ordea, «txantxa bat» izan zela adierazi du

Donostia ospitalean ingresatu dute pazientea ©Jon Urbe /Foku

Pertsona bat ospitaleratu dute Donostian, sukar hemorragiko bat izan dezakeelakoan

Edurne Begiristain - Arantxa Iraola

Egin dituzten azterketen arabera, uste dute ez dela ebola kasu bat, baina pazienteari egiten ari zaizkion azterketen emaitzak falta dira oraindik; martxan dute infekzio tropikalak artatzen dituztenean ezarri ohi duten protokoloa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.