Albistea entzun

Euskarazko haur eskolen aurkako epaia, matrikulazioaren bezperan

Iruñeko bi haur eskolatan euskara ezartzearen kontrako helegitea onartu du epaile batek. Udalak dio ebazpenak ez duela matrikulazioa baldintzatuko, eta helegitea aurkeztuko du
Iruñeko Euskalgintzak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Sasoia elkarteak atzo Iruñean eginiko protesta.
Iruñeko Euskalgintzak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Sasoia elkarteak atzo Iruñean eginiko protesta. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2017ko otsailak 24

Itxita zirudien auzia zabalik da berriro. Iruñeko Administrazio Auzietarako 2 zenbakiko epaitegiak ontzat jo du guraso talde batek iaz aurkeztutako helegitea, eta ebatzi du legez kontrakoa izan zela hiriburuko bi haur eskolatan —Donibanen eta Printzearen Harresian— euskarazko hezkuntza eskaintzeko erabakia. Albistea jakin orduko, helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuten Iruñeko Udaleko arduradun politikoek, epaiak oinarri juridikorik ez duela iritzita.

Atzo argitaratutako ebazpenean, epaileak zilegitasuna ukatzen dio Iruñeko Udalari haur eskolen hizkuntza eredua aldatzeko, konpetentzia hori Nafarroako Gobernuari dagokiola argudiatuta: «Berregituratzetik haratago doa erabaki hori. Hizkuntza eredua aldatzen da, eta hori ez da udalaren eskumena, erkidegoarena baizik, Foru Hobekuntzaren legetik eratortzen baita». Epaileak dio, gainera, legearen arabera pixkanaka gehitu behar dela euskara hezkuntza sisteman, eta «borondatezko» kontua izango dela betiere, «ikastetxeetan euskaraz ikasteko lerroak sortuz».

Hau ez da Donibane eta Printzearen Harresi ikastetxeen eredu aldaketaren aurkako lehen epaia: iaz, Iruñeko haur eskoletako matrikulazio kanpaina osoa bertan behera uzteko agindua eman zuen Administrazio Auzietarako 2 zenbakiko epaitegiak, «kautelazko neurri» gisa. Orduan, baina, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen epaia, eta matrikulazio kanpaina berrabiarazi zuen, Iruñeko Udalari arrazoia emanda.

Hain zuzen, 2016ko auziaren jarraipena da atzo azaleratu zena. Ebazpena jakinarazi eta ordu gutxira, agerraldia egin zuten Iruñeko alkate Joseba Asironek; Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kirola saileko zinegotzi Maider Belokik; eta Maria Victoria Borja udalaren aholkulari juridikoak. Sententzia espero zutela nabarmendu zuen Asironek: «Haur eskoletako euskarazko eskaintzaren kontra kautelazko neurriak ezarri zituen magistratu berak sinatu du hau ere».

Eskaintzan, eraginik ez

Iruñeko alkateak nabarmendu zuen epaiak kolokan jartzen duela «udalen autonomia»: «Legearen arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko genuke haur eskoletako postu kopurua edota ikastetxeen izena aldatzeko, baina, kasu honetan, ez da halakorik gertatu: hizkuntza eredua soilik aldatu genuen». Gainera, 0-3 zikloko heziketa udalek «borondatez» eskaintzen duten zerbitzua dela azpimarratu zuen Asironek: «Haur eskolen zerbitzua ez da derrigorrezkoa. Teorian, zerbitzua ez emateko aukera ere badugu. Beraz, bitxia da epaile batek esatea udalek ez dugula eskumenik borondatez eskaintzen dugun zerbitzu bat moldatzeko».

Atzoko epaiak, dena den, ez du inongo ondoriorik izanen haur eskolen eskaintza publikoan. Datozen egunetan aurkeztuko duten helegitea tramiterako onartuko ez balute ere, eragina ekonomikoa izanen litzateke soilik, udalak bere gain hartu beharko bailituzke eredu linguistikoen aldaketak kalte egin ziela froga dezaketen gurasoen kalte-ordainak. «Lasaitasun osoa izan dezakete, beraz, seme-alabak haur eskoletan matrikulatu dituzten gurasoek, eskaintza ez baita aldatuko, eta matrikulazioak berdin-berdin eginen baitu aurrera», esan zuen Asironek.

Bestalde, Iruñeko Euskalgintzak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek eta Sasoia elkarteak elkarretaratzea egin zuten atzo, epaiarengatik protesta egiteko. Haien irudiko, bi haur eskolatan euskarazko eredua ezartzeko erabakia ezinbestekoa izan zen, «iruindarrok urteetan pairatutako bazterketari konponbidea ematen hasteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

<b>Ostatuak.</b> Taberna baten barruko aldea Gasteizen, pandemian, artxiboko irudi batean. ©JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE

«Trantsizioa» hasi dela esan, eta gaueko aisialdia baimendu du Labik ere

Edurne Begiristain - Arantxa Iraola- Uxue Rey Gorraiz

Gauetan, oro har, goizeko hirurak arteko jarduna onartuko da, eta dantzalekuak-eta irekiko dira. Adineko pertsona denei txertoaren hirugarren dosia jartzekoa da Jaurlaritza

Moderna eta Janssen txertoak. / ©Idoia Zabaleta, FOKU

Immunoeskasia sei itaunetan

Arantxa Iraola

'Immunoeskasia': berriz lehen lerroan egon da hitza, hirugarren dosiari buruzko berriak tarteko. Erantzun immunitario apala duten pertsonen arazoez jarduteko erabiltzen da.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Migratzaileek ez dute osasun sistema gertuko ikusten»

Beñat Mujika Telleria

Emakume migranteek eta agiririk gabekoek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zerbitzuetara zer sarbide duten ikertu du Iratxe Perez Urdialesek, 2007tik 2017ra bitarteko datuak aztertuta.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, atzo, Olakueta Etxean. ©ARITZ LOIOLA/ FOKU

Artolazabalek migrazioaren arloko eskumena eskatu dio Madrili

Oihane Puertas Ramirez

Adierazi du «ezinbestekoa» dela adingabe izanda iritsitako etorkinei buruzko araudia onartzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna