Noiz sortua: 2017-06-23 00:30:00

Ofizialtasuna zabaltzeari atea ireki dio Ezkerrak, lege berria aipaturik

Euskararen Legea aldatu dute Nafarroan: zona ez-euskaldunetik mistora igaro dira 44 herri; bat, mistotik euskaldunera. Lege berria egiteko prest da Ezkerra, baldintzak adostuz gero
Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkariak, atzoko saioan, Euskararen Legea aldatzea onartu ondoren.
Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkariak, atzoko saioan, Euskararen Legea aldatzea onartu ondoren. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko ekainak 23

Aldaketa bat egin dute legean, eta legea bera aldatzeko atea ireki da. Keinu bat bai behintzat. Nafarroako Parlamentuak baietza eman dio Euskararen Legea aldatzeari: 45 herrik babes handiagoa izango dute euskarari dagokionez. Haietatik 44 eremu ez-euskaldunetik mistora pasatu dira, eta bat, mistotik euskaldunera. Atetz da herri hori, eta, hain justu, herri horretan ofizialtasuna hartuko du euskarak. Eremu euskaldunean soilik baitu euskarak lege maila hori. Euskalgintzaren urteetako aldarrikapena da ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea, zonifikazioa gainditzea. Atzoko eztabaidan ate bat ireki zuen Ezkerrak —hark jarri du traba gehien lege berria egiteko—: azaldu zuen prest dagoela ofizialtasuna herrialde osora zabaltzeko, lege berria egiteko, baldin eta aurrez zehazten bada horrek «zer obligazio» sortuko dituen. Ofizialtasunak zer dakarren.

Hilabeteetako tramitazioa atzo bukatu zuen Euskararen Legearen aldaketak. Udaletatik oldean iritsitako eskarien ostean hartu dute erabakia parlamentuan. Herri txikiak dira asko, baina badira herri handi batzuk ere: Tafalla, Zangoza eta Erriberri, adibidez. Euskarak ez du ofizialtasunik eremu mistoan, baina bai ez-euskaldunean baino babes handiagoa: herritarrek aukera dute euskaraz jotzeko administraziora, eta pisu gehiago du lanpostu publikoetan.

Bi alde: laukoa eta hirukoa

Gobernuari eusten dion laukoak onartu du legea aldatzea: Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Eskubideak bermatzeko pausotzat jo dute. Oposizioko hiru taldeek —UPN, PSN eta PP— aurka jo dute, «inposizio» hotsez.

Oposizioak ez du justifikaziorik ikusten udalerriak eremu mistora sartzeko. «Gehienek ez dute euskara ikasi nahi. Minoria gehiengo gisa agertu nahi duzue», adierazi du PSNko ordezkari Inma Juriok. «Milaka euro, inork hitz egiten ez duen hizkuntza bat bultzatzeko», erantsi du Ana Beltran PPko eledunak. «Sektarismoa», UPNko kide Carlos Garcia Adaneroren ustetan.

Laukoak, berriz, pausotzat jo du aldaketa. «Boluntarioa izan da, ez inposizioa», esan du Unai Hualde Geroa Baiko parlamentariak. «Aldaketa koherentea», Ezkerrako parlamentari Jose Miguel Nuinen arabera: «Zona mistoak ez die udalei politika zehatzik ezartzen: haiek zehaztuko dute».

Zonifikazioa gainditu

Udalek mozioak onartu dituzte eremu aldaketak eskatzeko. Ez da eskari bakarra izan: zonifikazioa bertan behera uztea eskatu dute, eta ofizialtasuna zabaltzea. Horretarako pausoak eskatu dituzte EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. «Legeak ez ditu asetzen udal eta herritar askoren nahiak», adierazi du Dabid Anaut EH Bilduko legebiltzarkideak. «Urrunago joan nahi dugu». Bide beretik, Laura Perez, Ahal Dugu-ko ordezkaria: «Sakoneko arazoa zonifikazioa da: fikziozko mugak jartzen ditu».

Zonifikazioa bertan behera uzteko adostasunik ez dute egin laukoan orain arte. Ezkerra izan da eragozle nagusia. Hain justu, postura aldaketa bat iradoki du Nuin parlamentariak: «Irekita gaude beste lege bat negoziatzeko, Nafarroa osoan ofizialtasuna ezarriko lukeen lege bat». Edukia adostu nahi dute. «Nafarroan dagoen aniztasun soziolinguistiko horretan, zertan zehazten den ofizialtasuna eta administrazioari zer betebehar ekarriko dizkion». Ari dira hizketan. Adierazgarri da, adibidez, Perez Ahal Dugu-ko kideak Nuinen aurretik esandakoa: «Ofizialtasuna ezartzeak ez dio zertan aurka egin toki bakoitzera egokitutako planifikazio bati».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 4an eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zortzi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Bederatzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.607 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.086 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Alemaniako Esslingen hirian klima larrialdia aldarrikatzeko eginiko protesta bat, apirilean. ©RONALD WITTEK / EFE

Eredu ekonomikoari, zapata ekologikoak

Maite Asensio Lozano

'COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde' manifestuaren bi sustatzaile elkartu ditu BERRIAk, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira. Zientziak mahai gainean jarritako ebidentziei erreparatuta, «norabidea aldatu» behar dela esan dute, eta urrats sendoak eskatu dizkiete gobernuei.

Ikasleak azterketetarako ikasten, EHUren Donostiako campusean, artxiboko irudi batean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Azterketetan, buruko minez

Irati Urdalleta Lete

Ikasturte amaierarekin, azterketak aurrez aurre dituzte unibertsitateko ikasleek. Ikasteko orduan eta azterketak egiterakoan izan dituzten zailtasunez eta aldaketez aritu dira.

<b>Osasun langile bat, antigorputzak neurtzeko testaren emaitzaren zain, Almerian (Espainia).</b> ©CARLOS BARBA / EFE

Koronabirusak Hego Euskal Herriko herritarren %4,3 kutsatu ditu

Jakes Goikoetxea

Portzentajea hamarren bat jaitsi da Espainiako Gobernuaren seroprebalentzia azterketan. Araban ia puntu bat egin du behera

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna