Noiz sortua: 2016-09-07 00:30:00

Lehia baino askoz gehiago

Gaurtik hilaren 18ra jokatuko da Rio de Janeiron Paralinpiar Jokoen hamabosgarren ekitaldia. Zortzi euskal kirolari ariko dira lehian, guztiak Espainiako selekzioarekin
Bi langile, Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoak iragartzeko oihal erraldoi bat zabaltzen.
Bi langile, Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoak iragartzeko oihal erraldoi bat zabaltzen. FERNANDO BIZERRA JR / EFE

Julen Etxeberria -

2016ko irailak 7
Hemeretzi egun joan dira Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak amaitu zirenetik. Olinpiar sua, ordea, ez da erabat itzali. Gaurtik aurrera, gainera, berriz bizi-bizi egongo da, Paralinpiar Jokoen hamabosgarren ekitaldia hasiko baita Brasilgo hirian. Hilaren 18ra bitartean lehia izango da, hobetzeko nahiaz, kemenaz eta ausardiaz betetako lehia. Zortzi euskal kirolari ariko dira, guztiak Espainiako selekzioarekin. Duela lau urte, Londresen, bi gutxiago aritu ziren, sei. Azkeneko bi ekitaldietako kopurua, ordea, txiki geratzen da 2008an Pekinen parte hartu zutenekin alderatuta, orduan hamasei aritu baitziren.

Izen bat falta da, Richard Oribe, baina igerilari donostiarrak erretiroa hartu zuen joan den maiatzean, 24 urtez ibilbide ikusgarria osatu ondoren: 66 domina irabazi zituen paralinpiar joko eta munduko eta Europako txapelketetan. Oribe, adibidez, sei bider aritu zen Paralinpiar Jokoetan: 1992tik 2012ra jokatu ziren seietan, hain zuzen ere.

IVAN SALGUERO

Eskarmentua hartzera

Ivan Salguero igerilaria (Iruñea, 1998) lehen aldiz ariko da, ikusmen urritasuneko S13 mailan. 200 metro estiloetan (larunbatean), bular estiloko 100 metrokoan (igandean), 400 metrokoan (astelehenean), 50 metrokoan (asteazkenean) eta 100 metrokoan (hilaren 16an) ariko da. Lehen txapelketa garrantzitsua du.

IÑIGO LLOPIS

Estreinakoaren zirrara

Salguerorekin antz handia duen igerilaria da Iñigo Llopis (Donostia, 1998), hura bezala oso gaztea baita —18 urte beteko ditu azaroan—, eta estreinakoz ari da nazioarteko txapelketa garrantzitsu batean. Hiru probatan egingo du igeri, urritasun fisikoa duten S8 mailan, hain zuzen: 100 metrokoan (igandean), 50 metrokoan (hilaren 16an) eta 200 metro estiloetan (hilaren 17an).

IZASKUN OSES

Podiuma du begiz jota

Estreinakoz ariko da ere Paralinpiar Jokoetan Izaskun Oses atleta (Iruñea, 1984), ikusmen urritasuneko T13 mailan. Iruindarrak, ordea, badu eskarmentua nazioarteko lehiaketatan. Aurten, adibidez, zilarrezko bi domina irabazi ditu Europako Txapelketan, 400 eta 1.500 metrokoetan. Rion, beraz, podiumetik gertu egon daiteke. Bihar 1.500 metrokoan ariko da, datorren asteartean 4x100 metro txandakakoan eta bi egun geroago 400 metrokoan.

RAKEL MATEO

Inoiz ez da berandu

Triatleta beteranoa da Rakel Mateo (Mungia, Bizkaia, 1975), eta nazioarteko txapelketetan dominak irabazitakoa, baina Rio de Janeirokoak izango ditu estreinako Paralinpiar Jokoak, 41 urte berritan. Igande honetan lehiatuko da urritasun fisikoko PT2 mailan.

EDUARDO SANTAS

Urrearekin ametsetan

Azken urteetan makina bat domina irabazi ditu Eduardo Santas txirrindulariak (Zaragoza, Espainia, 1989), guztiak Nafarroako lizentziarekin lortutakoak. Helburu jakina du Paralinpiar Jokoetan estreinakorako: Europako eta munduko txapelketetan lortutakoek Rion segida izan dezatela. Garuneko paralisia daukatenen lehiaketan ariko da, C3, C1-3 eta C1-C5 mailatan. Ostiralean jazarpenean ariko da, larunbatean kilometroan, igandean taldekako abiaduran eta hilaren 16an errepidekoan.

MARI CARMEN RUBIO

Londreskoa du lagun

Mari Carmen Rubio (Iruñea, 1961) arku tiratzailea bigarrenez jarraian ariko da Paralinpiarretan. Londresen, seigarren postuan sailkatu zen banakakoan, eta Rion postu hori hobetu nahi du. Larunbatean eta igandean ariko da urritasun fisikoko W1 mailan. Bera da helduena euskal kirolarien artean.

ASIER GARCIA

Koska bat igo nahi du

Rubiok bezala, Asier Garcia saskibaloi jokalariak (Bilbo, 1981) bigarren Paralinpiar Jokoak ditu jarraian. Duela lau urte, Londresen, gertu izan zuen dominen bat irabaztea, baina azkenean bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Rion domina batekin egiten du amets.

AMADOR GRANADOS

Eskarmentua du sobera

Amador Granados txirrindularia da (Andoain, Gipuzkoa, 1967) Rion ariko diren euskal kirolarien artean eskarmentu handien duena, hirugarren Paralinpiar Jokoak baititu, Atenasen eta Pekingoen ondoren. Larunbatean kilometroan ariko da, igandean taldekako jazarpenean eta hilaren 16an errepidekoan.

Albiste gehiago

Martxoaren 28an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 6.987 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 312 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 988 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Fruta saltzailea bat, Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

Etzi lan jarduera etengo dute Hego Euskal Herrian, bi asterako

Berria

"Ordainpeko baimen berreskuragarria" ematea erabaki du Madrilek. Zortzi egunez luzatuko da, apirilaren 9ra arte, Aste Santura arte, eta langileek berreskuratu egin beharko dituzte orduak

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian, Moncloan. ©EFE

Espainiako Gobernuak eten egingo ditu funtsezkoak ez diren jarduera guztiak

Andoni Imaz

Sanchezek iragarri du funtsezkoak ez diren lanetan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dutela martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Ohiko soldata jasoko dute, eta lanorduak gero egingo dituzte, «mailaka». Komunikabideak funtsezkotzat jo ditu Sanchezek.

Nekazaritza da itxialditik salbuetsitako funtsezko jardueretako bat. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Zeintzuk dira «funtsezko jarduerak»?

Ion Orzaiz

Elikagaien ekoizpenak, lehengaien garraioak, hedabideek eta osasun zerbitzuek orain arte bezala segituko dute apirilaren 9ra arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna