Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Badoaz, arrasto sakona utzita

Publizitatea

Kirola

Badoaz, arrasto sakona utzita

Eli Ibarrak, Iraia Iturregik eta Irune Muruak agurreko prentsaurreko hunkigarria eman dute, Athletic utziko baitute sasoiaren amaieran. Hiruren artean 1.125 partida jokatu dituzte
Irune Murua, Iraia Iturregi eta Eli Ibarra, taldekidez inguratuta, atzo, Lezaman.
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-05-19 / Julen Etxeberria

Agurren garaia da Athleticen, eta ez nolanahikoak. Klubaren historiaren parte garrantzitsu izan diren hainbat jokalarik utziko dute talde zuri-gorria denboraldi hau amaitzean. Gorka Iraizoz izan zen lehena agur esaten. 36 urteko atezainak Athletic ez den beste talde batean jokatuko du aurrerantzean, lehen taldean hamar urte egin eta zuri-gorrien atea 392 partidatan zaindu ostean. Arrastoa utziko du, Eli Ibarrak, Iraia Iturregik eta Irune Muruak utziko dutenaren parekoa. Hiru jokalariok ere ez dute jarraituko Athleticen jokatzen. Hirurek erretiroa hartuko dute, elastiko zuri-gorria hamarkada luze batean jantzi eta gero.

Eli Ibarrak, Iraiak eta Irune Muruak urte horietan guztietan pilatu dituzten zenbakiak aipatzea nahikoa da Athleticen izan duten garrantzi itzelaz jabetzeko. 1.125 aldiz jantzi dute elastiko zuri-gorria: Eli Ibarrak, 412tan —inork baino gehiagotan—; Iraiak, 400etan —Eli Ibarra bakarrik du aurretik— eta Irune Muruak, 313tan. Aurreneko biak dira, halaber, 2002an klubak emakumezkoen taldea sortu zuenean lehian jarraitzen duten bakarrak. Eli Ibarrak ordutik jokatutako sasoi guztietan aritu da Athleticen, hamabost guztira. Klubak irabazi dituen titulu guztietan presente izan den jokalari bakarra da: bost aldiz irabazi du liga, 2003an, 2004an, 2005ean, 2007an eta 2016an. Hura baino titulu bat gutxiago dute Iraiak —2006-07an AEBetan jokatu zuen, Florida State Unibertsitatean—, eta Irune Muruak —2003-2004 sasoian iritsi zen Lezamara—.

Argi dago: ezin da ulertu Athleticen historia hiru jokalari horien ekarpena kontuan hartu gabe. Horregatik, euren lanaren aitortza jasotzeko aukera eman zien atzo Athleticek, Lezaman, agerraldia prestatuta. Ekitaldiari merezi zuen garrantzia emateko Josu Urrutia klubeko presidentea izan zuten ondoan. Aurrean, berriz, taldekideak eta teknikariak izan zituzten, babesa emanez. Urrutiak azpimarratu zuen hiru jokalariok «eredu» direla, eta eskertu egin zien «horrenbeste urtetan izandako jarrera eta portaera, bai zelaian, bai zelaitik kanpo».

Eli Ibarrak hartu zion lekukoa presidenteari, eta, kostata, gai izan zen prestatutako idatzi bat irakurtzeko. Horretan aitortu zuen «une tristea» dela, eta «horren beldur» zela aspaldi, baina azken urteetan lesioek makina bat buruhauste eragin dizkiotela, eta horrek eragina izan duela bere jardunean. «Sasoi gogorra izan da hau, ia ez dudalako jokatu». Hala ere, «harro» azaldu zen Athleticekin «dena» bizi izanaz: «tituluak irabazi ditut, eta eta San Mames bete batean jokatu dut. Hori guztia eginez txikitakoa ametsa bete dut».

Iraiak, ordea, aurreko sasoiaren amaieratik zuen erabakita uztea. «Txapeldunen Ligan jokatu nahi nuen, non eta San Mames berrian. Hori egindakoan erretiroa hartuko nuela esan nion klubari». Saiatu dira hura konbentzitzen, baina ez dute lortu, berak erretiratu nahi zuen, futbolak bera erretiratu aurretik. Hura ere elastiko zuri-gorria janzteaz harro azaldu zen. «Porrot mingarrienetan ere ez nuke elastikoa aldatuko aurkariarekin titulu bat ospatzeko. Nire etxea da Athletic, eta nire familia klubeko kide guztiak».

Irune Muruari, berriz, emozioak gainezka egin zion, eta ez zen gai izan hitz bakar bat ere esateko. Hunkituta, eta negarrari eutsi ezinik eman zuen agerraldi osoa.

Publizitatea

Sortu kontua
Julen Etxeberria Julen Etxeberria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak