Albistea entzun

Poesia modu askotan eman eta jasotzeko

'Hats-Arte' erakusketa jarri du ikusgai Hatsa elkarteak Senpereko Larrazabal etxaldean. Poesiaren inguruko jarduerak antolatu dituzte datozen bi asteburuetarako. Hainbat artista bilduko dira
Senpereko Larrazabal etxaldean dago ikusgai hainbat artistaren lanekin osatutako erakusketa.
Senpereko Larrazabal etxaldean dago ikusgai hainbat artistaren lanekin osatutako erakusketa. ISABELLE MIQUELESTORENA Tamaina handiagoan ikusi

Bidatz Villanueva Etxague -

2016ko abuztuak 10 - Baiona

«Poesia genero gisa ez da lantzen». Hala uste du Auxtin Zamora Hatsa elkarteko eta Hats-Arte erakusketako antolatzaileak. Horregatik ekin zioten 1998. urtean, urtero, olerki liburu bat publikatzeari, Euskal Herriko edozein lagunek bidalitako poemekin. Aurten, erakusketa bat eta jarduera ugari antolatu dituzte abuztuko lehen hiru asteburuetarako, liburuan parte hartu duten artistak eta edozein poesiazale elkartzeko asmoz. Iragan abuztuaren 5, 6 eta 7an izan zen lehen ekitaldia, Senpereko Larraldea etxean (Lapurdi). Datozen bi asteburuetan, ibilaldiak, musika emanaldiak eta bestelako ekitaldiak eginen dituzte.

Hats-Arte erakusketa da egitasmoaren ardatza. Ikusirik poesia egile anitz artistak ere badirela, haien lanak biltzea erabaki dute erakusketan. Larrazabal etxean egonen da ikusgai datozen bi asteburuetan, ostiralak barne, 16:00etatik 20:00etara. Denetariko lanak bildu dituzte, diziplina askotako artistenak. Tartean daude margolariak, zizelkariak, abeslariak, musikariak eta antzerkilariak. Sorkuntzen gaia artista bakoitzak erabaki du. Horregatik, margolan zeharo ezberdinak daude paretetan zintzilik: hala nola paisaiak, erretratuak, koadro abstraktuak eta artistaren irudimenetik sortutako egoera ezinezkoak. Zeharo ezberdinak izanagatik, ongi datoz bata bestearekin etxearen barnealdean.

Hatsa elkarteak egin zuen artelanak sortzeko deialdia, eta artista dezentek erantzun dute. Gehienez ere, bost lan aurkez zitzakeen bakoitzak, eta honako hauek parte hartu dute erakusketan: Titto Aguer, Agurtzane Anduetza, Maddi Andueza, Iñaki Bastarrika, Idoia Beratarbide, Juan Manuel Galarraga, Itziar Gomez, Ennio Castella-Andueza, Gustavo Castella, Koldo Goitia, Imanol eta Joan Mari Irigoien, Manuel Iturrioz, Josu Jimenez Maia, Gabriel Korta Rekarte, Jokin Lasa, Miquel Saumell, Ainara Maia, Maite Ramos Fernandez, Andoni Salamero, Maite Toledo, Carmen Valois, Auxtin Zamora, Jose Mari Zendoia eta Maddi Zubeldia.

Poesia giroan

Erakusketaz gainera, datozen bi larunbatetan, abuztuak 13 eta 20, poesia ibilaldiak eginen dituzte Senpere inguruko mendietan. «Naturaren erdian poesiak pentsatuko ditugu, naturaren erdian sortzen baitira maiz», azaldu du Zamorak. Ibilaldiei 09:30ean ekinen diete, Larrazabal etxaldetik bertatik abiatuta. Ondoren, bazkaria eginen dute, «familian bezala». Arratsaldean, berriz, bideo proiekzioak izanen dira, besteak beste. Artisten testuetako aipuak irudiekin uztartuko dituzte bideoetan.

Bazkalostean bestelako emanaldiak ere izanen dira. Abuztuaren 13an, Josu Jimenez Maiaren Orbel azpiko haikuak eta Hatsa elkartearen Olerki bustiak 2016 ikus-entzunezkoak jarriko dituzte. Hurrengo larunbatean, abuztuak 20, berak sortutako kanta batzuk abestuko ditu Maddi Zubeldiak. Bestalde, Maddi Anduezak biolina joko du. Zamorak azaldu duenez, ez dute egitaraua askorik finkatu nahi izan, inprobisazioari ere tartea uzteko. Hala, musika egiteko aukera zabalik egongo da nahi duen ororentzat. Poesia giroa sortzea dute helburu.

«Oso pozik iraganen dira asteburuak gure artean», iragarri du Zamorak. Urtero poesiaren inguruan egun bat antolatzen dute, eta «primeran pasatzen dira gauzak». Ez da kezkatzen jende kopuruagatik: «Aurretik inoiz ez dakigu nola gertatuko den, edo zein publiko izanen dugun, ez baikaude egituratuak, baina berdin zaigu. Datorrena ongi etorria izanen da». Haren aburuz, gizatasun handia dago poesia mailan, baita errespetua ere. «Ez da arazorik izanen. Ondo bizi dugu poesia giroa».

Handituz doan proiektua

Hatsaren Poesia lehen liburua osatu zutenean, 50 bat lagunek idatzi zituzten olerkiak. Hemezortzigarren aldi honetan, 114 dira, umeak zenbatu gabe. Zamorak azaldu du elkartearen posta elektronikoan jaso dituztela poemak: «Bidaltzen digutena den bezala hartzen dugu; herri poesia da, denona dena, ez eliteena. Horrekin osatzen dugu liburua».

Hatsa elkarteak eskolekin ere egiten du lan noizbehinka, tailerren bidez haurren artean poesia lantzeko. Hala, poesiak idaztera animatzen dituzte, eta prozesu «interesgarria» dela dio Zamorak. Haurren poesiak, ordea, ez dituzte liburuan sartu, taldean eginiko testu bat baizik. «Nahiko genituzke denak ezarri, baina hori denborarekin eginen dugu».

Haren ustez, hezkuntzan hutsune handi bat dago poesiaren lanketan. «Gehiago lantzen dira arte plastikoak, baina eskolan poesia ez da sobera ikasten». Tailerretan ohartzen dira umeek asko maite dutela poesia, «uste baino gehiago». Hizkuntza ere ez dute behar bezainbeste menperatzen, Zamoraren aburuz. «Baina sentipenak ere badituzte, guk bezainbat edo gehiago».

Hastapenetan, Hatsaren Poesia liburuan ez zutela soilik idatzizko poesia bildu nahi pentsatu zuten sustatzaileek. «Poetikoak ziren gauzak nahi genituen bildu, baina euskal munduan idatzizko poesiaren egoera zein zen ikusita, horri heldu genion».

Erakusketarekin eta hari lotutako jarduerekin pauso bat aurrera eman nahi izan dute. Zamora baikor da. Iragan aldietako arrakasta ikusita, proposamena aurrera atera dute. Umil mintzatu da: «Ideia hartu dugu etorri den bezala, hemen, Lapurdin erraten den moduan».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EHZko kideak Kanboko gaztetxean egin duten biltzar nagusiaren ondoren ©EHZ

Arberatzen izanen da 2024ko EHZ

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur egin dute biltzar nagusia EHZko laguntzaileek, Kanboko gaztetxean, eta heldu den urtean Amikuzera mugitzea erabaki dute. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala Nafarroa Behereko herri horretan.

Victor Erize zinema zuzendaria, atzo, Donostian, Lumiere anaiei keinu egiten dien kamiseta erakusten. ©JON URBE / FOKU

Erize: «Jatorrian, film bat ikustea kontenplazio ekintza bat zen»

Itziar Ugarte Irizar

Zinema ikustearen «esperientzia publikoa» eta aretoak defendatu ditu Victor Erizek 'Cerrar los ojos' filma aurkeztu berritan. Ana Torrent aktorearen eskutik jaso zuen atzo gauean Donostia saria
<b><em>Great absence <em>filmeko zuzendari Kei Chika-Ura eta Tatsuya Fujiaktorea, atzo, Donostian.</em> </em></b> ©JUAN HERRERO / EFE

Aita-seme batzuen elkartzea

Jone Bastida Alzuru

Kei Chika-Ura zinemagile japoniarrak dementziaren eta familia istorio baten inguruan gertatzen den pelikula bat aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean: 'Great Absence'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...