Albistea entzun

Arrauna. Kontxako Bandera

Askok jokatu, baina gutxiri tokatu

Kontxako Banderan aritzeko sailkatze estropada izango da gaur (17:30).

Emakumezkoetan, zortzi talde lehiatuko dira, eta lau sailkatuko.

Gizonezkoetan, 24 traineruk jardungo dute, eta zazpirentzat baino ez dago lekua

Aitor Manterola -

2014ko irailak 4

Urteko estropadarik bereziena izango da gaur Donostian: Kontxako Banderan aritzeko sailkatze estropada. Berezia da motibo askogatik. Kontxakoa izanik denboraldiko estropada handiena arraun munduan, bertan aritzeko aukera eman eta kentzen duen lehiak ezinbestean izan behar du berezia. Dirurik banatu gabe, sari handiena banatzen duen estropada ere bada: urteko lehia nagusian aritzeko pagotxa. Horretarako, ordea, lan handia egin beharko dute arraunlariek, galbahe zorrotza pasatzen duelako sailkatze estropada horrek. Emakumezkoetan, lau ontzirentzat bakarrik dago lekua hurrengo bi igandeetan, eta zazpi izango dira gizonezkoetan. Gaurko parte hartzaile kopurua handiagoa da: zortzi emakumezkoetan, hogeita lau gizonezkoetan. Ez da matematiketan oso trebea izan behar hau ondorioztatzeko: gehienak kanpoan geratuko dira; edo, bestela esanda, oso gutxiri tokatuko zaie sari handia, askok jokatu arren.

Urduri, inoiz baino urduriago egoten dira arraunlariak, entrenatzaileak eta klubetako ordezkariak. Baita zaleak ere. 18:00etan (ETB1) ekingo zaio gizonezkoen probari, erlojuaren aurka, eta kirioak dantzan izango dira orduan. A multzoan ariko dira San Miguel ligako hamabi ontziak, eta B multzoan KAE ligetekoak eta Galiziako Ligako hiru ordezkariak. Zozketak zehaztuko du zein multzo aterako den lehendabizi, eta modu berean erabakiko da multzo bakoitzaren barruan irteera hurrenkera zein izango den.

Zazpi leku, eta sartzeko hautagai asko. Eta itsasoaren iragarpena, gaizto samarra aukeran: haizea dago emanda, ipar-mendebaldekoa, eta estropada jokatzen den ordurako ufada bortitzak iragarri dira. Metro erdi eta metro bitarteko olatuak daude emanda, eta haizeak narrastu egin dezake itsasoa. Betetzen bada iragarpena, olatu garbia ez da azalduko, eta horren ondorioa gardena da: faboritoei ez zaie gustatuko egoera hori. Lau daude pronostikoetan guztien gainetik: Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Kaiku. Udako lanak ikusita, barruan behar lukete.

Gero dator saltsa, eta handia, gainera. Itsasoa iragarri bezala badago, San Juanek aukera ederra dauka barruan izateko, erakutsi baitu ondo moldatzen dela baldintza horietan. Cabo da Cruz ere sartzeko moduan egon daiteke, oso denboraldi bikaina ari delako egiten eta askotan sartu delako aurreneko zazpien artean San Miguel ligan. Beste hauek ere aukera dute: San Pedro bikain aritu da azken bi asteetan, eta, lan bera eginez gero gaur, kontuz pasaitarrekin. Portugaletek ere aukera dauka, nahiz eta denboraldian ez duen erakutsi gauza handirik; baina, hain talde indartsua izanda, aukerak eman egin behar. Tiranek ere baditu bereak, distirarik gabeko uda egiten ari den arren. Galiziatik indartsu datorrena hango ligako garailea da: Meira. Aukera izango du horrek ere.

KAE ligako ontziei dagokienez, lan ona egin dezakete ligan goian ibili diren Getaria, Zumaia, Isuntza eta Ondarroak, baina sailkatzea ezuste handia litzateke.

Emakumezkoetan ere, estu

Gizonezkoena baino ordu erdi lehenago hasiko da emakumezkoen sailkatze estropada (17:30, ETB1). Hiru dira sailkatzeko faborito argiak: San Juan, Hibaika eta Zumaia. Hirurek erakutsi dute udan hiru onenak direla. Laugarren lekurako aurreikusten da lehia estua. Oriok lan politak egin ditu azkeneko estropadetan, eta ikusi egin beharko da Meira gainditzeko gai izango den. Cabo da Cruzek eman dezakeenaz ezin da ziurtasunez hitz egin, eta oso-oso aukera gutxi dutenak ondorengo bi ontzi hauek dira: Getaria-Zarautz eta Santoña.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

«Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak; familia bihurtu gara»

Jon Ander De la Hoz

Realak osatutako sasoi ona azken urteetan egindakoaren segida dela uste du Elustondok. Beasaindarrak adierazi du «lan ona» egiten ari dela kluba; «gogotsu» daude Txapeldunen Ligarako.

Olabe: «Nortasuna dago proiektuaren oinarrian»

J. A. De la Hoz

Realeko kirol zuzendariak azaldu duenez, klubak hiruzpalau fitxaketa egiteko asmoa du; horietako bat Alexander Sorloth izatea nahi dute
 ©JON URBE / FOKU

Errepidean eta errepidetik kanpo irabazle

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohia zendu da, 79 urterekin. 158 garaipen lortu zituen, eta mendiko maillota irabazi zuen Tourrean, lorpen askoren artean.
Alaveseko eta Eibarreko jokalariak nor baino nor gehiago ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alaves izango da kanporaketa erabakigarrian

Ainara Arratibel Gascon

Arabarrek 2-0 hartu dute mendean Eibar, eta Levanteren aurka lehiatuko dira nor baino nor gehiago Lehen Mailara igotzeko. Igandean jokatuko da joaneko partida Mendizorrotzan. Luis Garcia Plazaren taldea eraoso aritu da, eta nahi baina ezin Garitanorena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Manterola

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...