Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Ertz askoko emakume ahotsak

Publizitatea

Kultura

Ertz askoko emakume ahotsak

Ahozko inprobisazioan dabiltzan sei andrazkok beren jardunaren argazki bat eskaini dute Donostian. Testuinguru ezberdinetan bilakaera antzekoa izan dela jarri dute agerian
Karen Owen, Miren Amuriza, Maribel Servera, Maialen Lujanbio, Rebeca Limon eta Yunet Lopez, atzo, Donostiako Miramar jauregian.
Karen Owen, Miren Amuriza, Maribel Servera, Maialen Lujanbio, Rebeca Limon eta Yunet Lopez, atzo, Donostiako Miramar jauregian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2016-07-14 / Ainhoa Sarasola

Ahozko inprobisazioa gizonezkoen esparrua izan da urte askoan; haiek bete dituzte plazak gehienetan. Pixkanaka, hala ere, plaza horiek hartuz joan dira emakumeak. Prozesu ezberdina izan da tokian tokiko testuinguruaren arabera. Hala, ahozko inprobisazioan dabiltzan sei emakume bildu dituzte mahaiaren bueltan Donostian, Europa Bat-batean jardunaldietan, nork bere herrialdeko esperientziatik eta emakume gisa bizitakoetatik, beren jardunaren argazki bat egiteko, Ainhoa Agirreazaldegik gidatuta. Ezberdintasunak bai, baina parekotasunak ere agerian utzi dituzte.

Ahozko poesia egiten 19 urterekin hasi zen Karen Owen, eta bere herrialdean, Galesen, inprobisazioan emakume askorik ez dabilela azaldu du. Hala ere, uste du hori aldatu egin dela azken hogei urteotan; 2001. urtea mugarritzat jo du, urtero Galesen egiten duten kultur jaialdiko sari nagusia andrazko inprobisatzaile batek jaso zuelako lehen aldiz. «Oso garrantzitsua izan zen, emakumeak ere hasi zirelako pentsatzen 'neroni ere has ninteke horretan'». Egun, hamabi emakume aritzen dira inprobisazioan herrialdean, eta hiruzpalau baino ez jendaurrean. «Oso kultura maskulinoa da oraindik ere gurea».

Harremanik ba al dago emakume inprobisatzaileen artean? Ironiatik jo du Maribel Servera mallorcarrak. «Oraindik ez daukagu kontzientziarik inprobisatzaileen barruan kolektibo moduan... bi garelako». Bere kasa ikasita hurbildu zen inprobisaziora, duela sei urte. Egun, Mallorcan (Herrialde Katalanak) hogei inprobisatzaile inguru aritzen direla azaldu du, eta bi baino ez direla andrazkoak. Aldiz, tailerretan hasten ari direnen artean, kopurua orekatuagoa da. «Bilakaera hau leku guztietan berdintsua izan dela esango nuke, glosaren tradizioa oso maskulinoa den testuinguru batetik datorrelako; gauez, tabernetan kantatzen zen, eta emakumeek ez zuten kantatzen, soilki tabernetara gauez joan ezin zutelako. Gauza onak eta txarrak utzi ditu tradizioak, eta hau da txarretako bat». Ikuspegia zabalduta, aldiz, Katalunian egoera ezberdina dela dio. «Han belaunaldien arteko transmisioa eten egin zen, eta kantari zaharrak erreferentetzat hartuta ere, berrasmatu egin zen. Hortaz, lehen unetik daude gizonak adina emakume». Urtero egiten duten jaialdia jarri du adibide gisa: aurten, zortzi kantarietatik bost izan dira andreak, eta hiru gizonak.

Antzekotasunak baditu Serveraren azalpenak Yunet Lopezek Kubako tradizioaren bilakaeraz kontatzen duenarekin. «Kuban, 1940-50eko urteetan, repentismoaren eztanda jazo eta inprobisatzaileak entzuteko pilotalekuak betetzen zirenean, zaldia hartu eta hara joaten ziren nekazariak, eta emakumeak etxean geratzen ziren. Beste esparru batean garatzen ziren sozialki, eta ez zituzten beren inprobisaziorako gaitasunak esploratzen eta esplotatzen». Azken urteetan, tailerretan, neska gehiago aritzen direla dio, baina gero, adin batetik aurrera, utzi egiten dutela. «Oraindik ere gizonen tradizioa da Kuban. Baina inprobisazioa magia da, poetak magikoak dira, eta gizon edo emakume izateak ez du zertan faktore erabakigarria izan. Nik decima ona txalotzen dut, datorren ezpainetatik datorrela. Ez da existitzen repentismo maskulinoa eta repentismo femeninoa; decima ona existitzen da».

Bakardadea eta kolektiboa

Rebeca Limon mexikarra autodidakta da, 12 urtetatik inprobisatzen du, eta Huasteca eskualdean ere ez direla asko dio. «Huapango musikaren barruan inprobisatzen dugu guk, baina ez da beste herrialde batzuetan adina inprobisatzen; gizon gutxi aritzen dira, eta andreak, are gutxiago. Ezagunak diren trobadoreen artean, hiru emakume daude, adinekoak, eta gazteagoa den beste bat». Hain gutxi eta beste eskualde batzuetakoak izanik, elkarrekin gutxitan hitz egiten dutela azaldu du. «Huapango jaialdietan elkartzen gara, baina egun gutxitako elkarbizitza izaten da».

Bada, elkarrekin hitz egitearen garrantzia nabarmendu du Miren Amurizak. Izan ere, bertso eskoletan neska-mutilak pareko aritzen badira ere, gero ez dute denek aurrera jarraitzen. «Badago bertsolaritza jolas izatetik zerbait serioagoa izatera bilakatzen den une bat, nerabezaroarekin gurutzatzen dena, eta etapa kritiko horretan neska askok atzera egiten dute. Bakoitzak geure beldurrak eta mugak ditugu, eta hortik hitz egitearen garrantzia, zeren, muga hori gainditu ahal izan dugunok, urte batzuetara plazako kideekin hitz egitean, konturatu gara zeure beldurrak ez zirela zeureak, geure beldurrak zirela. Hori guztia partekatzea bada modu bat, ez bakarrik geure beldurrei aurre egiteko, baita atzetik datozenei bidea errazteko ere».

Saioko emakume bakarra izatea zer den badaki Maialen Lujanbiok, lehenago beste batzuek jakin izan zuten bezala. Baina nahiz eta oraindik bide asko dagoen egiteko, 40 urteotan «eboluzio izugarria» eman dela uste du, eta bertso eskolak jo ditu «egungo bertso plazetan emakumeen presentzia ulertzeko gako handietako bat». Gaur egun, bertsogintza «oso momentu interesgarrian» dagoela dio bertsolariak. «Plazara salto egin eta eutsi zioten emakume bakar haiek urteak eman zituzten saioko emakumea izaten. Emakume horrek guztien ordezkaritza moduko bat bere sentitzen du, eta irudikatzen du emakume arketipiko bat, ertz, ñabardura eta kontraesan gutxi dituena, eta beraz, interes gutxi izateko arriskua ere baduena; alegia, gizonek hamaika rol eta perfil dituzte, eta gero, emakumea dago. Baina azken urteetatik hona, emakumeak plazan ugaritzearekin eta diskurtso feminista integratzearekin batera, oso emakume mota ezberdinak ditugu plazan, orain 30 urte imajinatuko ez genituzkeen perfilak». Jatorri eta ikuspuntu ezberdin asko egonik, ahots eta kantaera askotarikoak daude egun, Lujanbioren ustez, eta horrek maila artistikoan ere eragina duela dio: «Emakume arketipiko horri ahotsa eman behar izan diona erlaxatu daiteke zentzurik onenean, eta has gaitezke estetikoki emakumeen bestelako alderdiak irudikatzen. Abaniko kreatiboa asko ireki da. Lasaitasuna ematen du, eta sortzeko bide oso emankor eta interesgarria».

Serverak ere sumatu ditu bakardadearen ondorioak. «Garai batean emakume bakarra nintzen, eta horregatik, asko deitzen zidaten kantatzeko. Baina jabetu nintzen nik nahi ez nuen rol bat ematen zidatela. Ez dut nahi emakumea naizelako animatu nazaten; nik nahi dudan gauzez hitz egin nahi dut».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak