Heriotzaz harago dagoen bizitza

«Heriotza bat albiste bat baino ez da egunkarian, baina bizitza bat hori baino askoz gehiago da», Teresa Calo aktore eta zuzendariaren arabera. Norbait hiltzen denean, hutsunea da ingurukoengan gelditzen dena, baina horren aurretik egon zen bizitza hori azaleratzen saiatuko dira Donostia 2016ren Adiorik Gabe egitasmoan. Indarkeriaren hamalau biktima omenduko dituzte, Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dituzten hiru ekitalditan: uztailaren 2an izango da lehena, irailaren 25ean bigarrena, eta azaroaren 13an hirugarrena. Haietako bakoitzean lau biktima omenduko dituzte, lau pieza artistikoren bidez ?Garrido-Velasco familian hiru biktima izan ziren, eta guztiak pieza bakar batean ekarriko dituzte gogora?.
Ordu eta erdi inguruko saioak izango dira, «bakarrak eta errepikaezinak». 15-20 minutuko lau atal izango dituzte saioek, bakoitza biktima batentzat. Eta haietako bakoitza artista batek zuzenduko du. Lau artista hauek dute ardura hori: Joxan Goikoetxeak, Mireia Gabilondok, Teresa Calok eta Iñaki Salvadorrek. Ekitaldi bakoitzerako pieza bana sortuko dute; hau da, bakoitzak hiru. Obra guztiak bata bestearen artean independenteak izango dira.
Asmoa ez da gogora ekarriko duten pertsonaren biografia kontatzea, hark utzitako oroitzapenetan oinarrituta ikuskizun artistiko bat sortzea baizik. «Zerbait baikorra, alaia eta dibertigarria». Diziplina asko landuko dituzte: musika, antzerkia, poesia... Artista bakoitza biktimaren familiarekin bilduko da, eta haiekin izandako esperientziak markatuko du mota batekoa edo bestekoa izango den emaitza.
Oraingoz, lehen saiorako piezak lantzen ari dira. Mireia Gabilondo aktore eta zuzendaria Mikel Zabalzaren familiarekin ari da lanean, eta «oso pozik» dago beren intimitatea nola zabaldu dioten ikusita: «Nola ireki didaten beren etxea, arima, sentitzen dutena...». Emozionalki ukitzen du gaiak, eta distantzia hartzea ari zaio gehien kostatzen. «Erronka bat da hemen ez dagoen baina egon nahiko lukeen pertsona bati buruz hitz egitea pieza artistiko batean». Dena den, horretan dihardu; eta, argitu duenez, oroitzapenak, Zabalzaren haurtzaroa eta Orbaizeta (Nafarroa) ?haren jaioterria? agertuko dira obran. Horretarako, irudiak, musika eta emakumezko aktore bat baliatuko ditu. Hori bai, argi du «bizitzaz beteriko» pieza bat izango dela emaitza. Guardia Zibilaren eskuetan zegoela hil zen Zabalza, 1985ean.
Joxan Goikoetxea musikaria, berriz, Garrido-Velasco familiaren inguruan ari da obra prestatzen. Rafael Garrido, Daniela Velasco eta haien seme Daniel ETAk hil zituen, 1986an. Familia ezagutu izanak argi utzi dio musika ezinbestekoa izango dela pieza horretan: «Rafael Garrido akordeoi jotzailea zen; musika maite zuen, eta musikaren bidez omenduko dugu».
Pixkanaka, Juan Manuel Gartzia Corderoren bizitzara hurbiltzen ari da Teresa Calo aktore eta zuzendaria. Dagoeneko Juanma deitzen dio, haren emazteak bezala. Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten 1980an. Zazpi seme-alaba zituen Gartziak, eta haien oroitzapenak bildu ditu Calok. Irudiak, musika, poesia ?Gartziari asko gustatzen zitzaion? eta detaile txiki asko jasoko ditu obrak, Calo «samurtasunez» bete dutenak.
Kontzientzian eragin nahian
Kontatu diotenak eragin dionarekin lan egingo du Calok: «Kuriosoa da, zeren, haren familia ezagututa, nik ere haren falta sumatzen dut. Harengana hurbiltzeak askoz kontzienteago egiten zaitu haren absentziaz, zuri ere lapurtu dizuten horretaz, denoi lapurtu diguten horretaz. Familiak bere memoria oparitu dit, eta hori partekatzea haren falta partekatzea da. Horrek kontzientzia kolektiboan eragiten laguntzen du. Finean, guztiok galdu dugu hura ezagutzeko aukera».
Bestalde, Iñaki Salvador musikaria Eugenio Olaziregiren inguruan ari da pieza prestatzen. Gutxi aurreratu dute obrari buruz: aktore bat egongo dela, eta Salvador bera ariko dela musikari lanetan. ETAk hil zuen Olaziregi, 1997an.
Julian Ibañez de Opacua psikologo eta psikoterapeutak ere parte hartu du egitasmoan. Gai «delikatua» denez, behar zenean hor egotea izan da haren rola.
Biktimak hautatzerakoan, Eusko Jaurlaritzak egindako Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri. Donostia 1960-2010 dokumentua erabili dute. Urte horietan 131 hildako eragin zituen indarkeriak Donostian, eta horietako hamalau aukeratu dituzte. ETAk, beste talde batzuek eta Espainiako estatuko segurtasun indarrek eragindako biktimak daude tartean.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.