Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Ondare oparoaren erakusgarri

Publizitatea

Kultura

Ondare oparoaren erakusgarri

'Ahaire' izenburupean, euskal musika koralaren antologia bat plazaratu dute. Abesbatza mistoentzat hainbat euskal konpositorek sortutako 50 partitura aukeratu eta bildu dituzte
Miren Arzalluz Etxepare euskal institutuko zuzendaria, Enrique Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko presidentea, Pio Perez Mikel Laboa Katedrako ordezkaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, eta David Azurza musikagile eta editorea, atzo, antologiaren aurkezpenean.
Miren Arzalluz Etxepare euskal institutuko zuzendaria, Enrique Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko presidentea, Pio Perez Mikel Laboa Katedrako ordezkaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, eta David Azurza musikagile eta editorea, atzo, antologiaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARP

2017-07-21 / Ainhoa Sarasola

Abesbatzen eta musika koralaren tradizioa handia da Euskal Herrian. Horren lekuko dira Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen datuak: Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriko 400 abesbatza eta 12.000 abeslari inguru ordezkatzen ditu elkarteak. Tradizio horren beste erakusgarri bat da Ahaire, elkarteak berak argitaratu duen euskal musika koralaren antologia. Orotara, abesbatza mistoentzako 50 lan apailatu dituzte, XVI. mendetik gaur egunera arteko 40 euskal konpositorek idatzitakoak. Partitura bakoitzaren berrikusketa kritikoa egin du David Azurza musikagileak, euskal musika koralaren «ondare aberatsaren lagin bat» aurkeztea xede hartuta. Langintza horretan, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak emandako laguntza nabarmendu dute egileek. Argitalpena diruz lagundu dute Eusko Jaurlaritzak, Etxepare euskal institutuak, EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Olaso Dorrea Fundazioak, eta sustatzaileek atzo aurkeztu zuten antologia, Donostian.

«Gurea bezalako herri txiki batek korurako musikaren halako ondare aberatsa izatea azpimarratzekoa da», Enrique Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko presidentearen hitzetan. Hainbeste obra egonda, aukeraketa egitea zaila izan dela azaldu zuen, «beste bost bilduma egiteko adina lan badelako». Hainbat konpositoreren kasuan, obra bat baino gehiago jaso dituzte antologian: Aita Donostiaren eta Javier Bustoren hiruna lan daude, esaterako, eta Jesus Guridi eta Josu Elberdinen bina. Obra oso ezagunak dira batzuk: Jose Uruñuelaren Maitia, nun zira?, adibidez, baina ezezagunagoak ere badira. Aurrez editatu gabeko dozena bat daude tartean —Pablo Sorozabalen Maite, kasurako, gehien kantatuetako bat bada ere—. Egileen artean, bizirik daude ia erdiak. Lanen zailtasun mailari dagokionez ere, askotarikoa da bilduma. Euskarazko lanak dira gehienak, baina badira frantsesez, gazteleraz eta latinez idatzitakoak ere. «Helburua da jendeak gure konpositoreak ezagutzea, eta, bildumaren bitartez, korurako euskal musika gehiago ezagutzeko gogoa sorraraztea». Oraingoan abesbatza mistoetarako lanak baino ez dituztela jaso, baina aurrerago haur abesbatzentzako obren bilduma bat egiteko gogoa ere badutela adierazi zuen Enrique Azurzak, «horien inguruan ere oso ondare aberatsa dagoelako».

Behin obrak aukeratuta, bakoitzaren jatorrizko partiturak, bertsioak, oharrak eta beste bilatzen, aztertzen eta «irizpideak bateratzen» jardun zuen David Azurzak bost hilabetez, gutxi gorabehera. «Oso gustura eta maitasun handiz egin dut, baina izugarrizko lana izan da». Halako argitalpen bat beharrezkoa zela uste du musikagileak. «Munduak musika hau ezagutu behar du. Hainbat lan ahaztuta zeuden, eta merezi zuen berreskuratzeak, oso onak direlako. Konpositore oso onak ditugu, eta ondare izugarria».

Bartzelonan erakustokia

Bihar hasi eta hilaren 29ra bitarte, Korurako Musikaren 11. Munduko Sinposioa egingo dute Bartzelonan. Mundu osoko mila koru zuzendari inguru elkartuko dira, eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak erakustoki bat izango du. Horri begira erabaki zuten Ahaire bilduma prestatzea, euskal musikaren lagin bat nazioarteko eragileei eskura jartzeko. Liburuaren 500 ale argitaratu dituzte.

Horrez gain, Kup abesbatza gipuzkoarra topaketan parte hartzeko hautatu dute; euskal talde bat bilkura horretan izango den laugarren aldia da. Halaber, sinposioak berak lan berriak sortzeko eskatu die Javier Busto eta Josu Elberdini, Bartzelonan estreinatzeko. Kup taldeak, halaber, lan bana ontzeko eskatu die David Azurza, Eva Ugalde, Junkal Guerrero eta Xabier Sarasolari, horiek ere Bartzelonan aurkezteko.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak