Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Denen gusturako

Publizitatea

Bizigiro

Donibane Garaziko bestak

Denen gusturako

Donibane Garaziko bestak bost egunez izango dira, gaur hasita. Berritasunen artean, haurren eguna eta nagusien eguna. Gaztetxeak eta AEK-k gune bana eskainiko diote euskarari
Garaztarrek gaztetxe berriaren inaugurazioa ospatuko dute, bihar.
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-08-11 / Garbine Ubeda

Ohi baino oparoago datoz Donibane Garaziko bestak, ospakizunak bost egunez izango baitira aurten. Gaur arratsaldean hasi eta asteartera arte, makina bat ekitaldi ikusteko edota haietan parte hartzeko aukera izanen da Nafarroa Behereko hiriburuan. Berritasunik ere bada tarteko, besteak beste, jaiegunen antolaketa bera. Ibiakoitza edo larunbata nagusiki haurrentzat izanen da egunez, eta arratsaldetik goiti, tokiko musika taldeek hartuko dute protagonismoa, Garaziko Rock Eszena izenburupean antolatuko diren kontzertuei esker. Igandea Elkarteen Eguna izanen da, aurreko urteetan bezala. Astelehenean, berriz, herriko nagusiei erreparatu die Besta Batzordeak, eta haien gustuko ekintzak proposatuko dituzte batik bat.

Haurrentzako animazioak programatzea ez da guztiz berria; bai, ordea, egun bateko egitaraua osatzea eta haientzako espresuki pentsatutako ekitaldiak jarraian ematea. Besta Batzordeko kide Joana Bidartek azaldu duenez, «hain zuzen, horregatik eman zaio garrantzia altxor jolas handiari; estreinakoz egingo da halako animazio bat, hiri osoan barrena». Atsaskaririk eta dantzaldirik ere eskainiko zaie, orain arte egin izan den bezala.

Zaharrak gogoan

Herriko nagusiei begira, mus txapelketa eta pilota partidak antolatu ditu Besta Batzordeak. Bidarten hitzetan, «egindakoarekin garaztar guztiak kontent izatea» dute xede, «programazioaren barruan denei zerbait eskaintzea bilatu baita, alegia guztiak kontuan izatea, inor baztertu gabe». Horrez gain, ekitaldi batzuk «aspaldikoak eta oso errotuak izaki, horiek mantentzea eta ber tenorean ematea» ezinbestekotzat jo dute Besta Batzordeko kideek, esate baterako, Garazi Kantuz jaialdia eta Ama Birjinaren eguneko taloak. Asmo zaharrei uko egin gabe, «urtero gauza berriak ekartzea litzateke erronka; asmo berri horiek probatzea, eta martxa hartuko balute, horiei ere toki egitea».

Bidartek dioenez, «tokikoei begira antolatutako besta da», nahiz eta egunotan turistez gainezka dagoen herria. Hain zuzen, garaztarrei lehentasuna ematearen adibide bat «Garaziko Rock Eszena genuke», hor arituko diren hiru taldeak, Yolanda, The New House eta Sons of Kentucky, Garazin sortuak baitira.

Berritasunak nabarmentzen hasita, ezin aipatu gabe utzi Donibane Garaziko gaztetxea. Izan ere, bihar inauguratuko dute gazteen egoitza erosi berria. Batez ere bi egunez izango du jarduera, justuki gaur eta bihar. Besteak beste, mojitoak, txarangak eta bestelako animazioak eskainiko dituzte. Igandean, berriz, stand bat jarriko dute merkatu plazan, gainerako elkarteek bezala.

Euskararen gune

Gaztetxeko kide Jon Irazabalek azaldu duenez, gazteentzako egitaraua osatzeaz batera, «sustut euskarazko gune baten sortzea eta hizkuntzaren presentzia bermatzea» dute helburu. «Espainia karrikan da gure lokala, eta, beraz, Donibane Garaziko gunerik turistikoenean, erran nahi baita euskararik nekez entzuten den tokian». Nortasun propioaren seinale, propagandez eta banderolez apainduko dute ingurua. Hastapenekoa den honetan, ospakizun xumea egin nahi izan dute gaztetxean, «zerbait guk egina izanen da, euskaraz, eta momentukoz, xinplea», azaldu du Irazabalek.

Donibane Garaziko gaztetxeak ez ezik, AEK-k ere euskararen presentzia bermatzeko indarra egin ohi du, eta ahalegin horretan ostatua jarriko du gau eskolaren aitzinean, gaur eta bihar. Ostatuaren babesean, giro euskalduna nagusitzeko zenbait ekintza proposatuko dituzte, bereziki jakiak eta animazioak. Aurten ez dute kontzerturik antolatzeko aukerarik izan, baina bihar herriko trikitilariek animatuko dute gunea. AEK-ko kide Maialen Errekartek dioenez, «herriko etxeak ez du deus egiten euskararen presentzia ziurtatzeko, ez bestetan, ez urte osoan ere, eta, hain zuzen horregatik, beharrezkoa da euskal gunea». Bigarren helburua ere badute AEK-ko kideek, hain zuzen, sos apur batzuk biltzea, «urte osoan ez baita halako ekimen diru-ekarlerik», eta lan horri esker berdintzen baitituzte aurrekontuak. Herriko etxetik heltzen den laguntza AEKra doa eta Garaziko elkarteak berak bestetako diru iturria baliatu behar izaten du aurrera egiteko, ezinbestean.

Urtero bezala, gaurko Garazid'Laktik lasterraldiak emango dio hasiera bestari. Parte hartzaileek 7,5 kilometro inguruko ibilbidea osatu ohi dute, herriko etxeko plazatik abiatuta. Hori-Horiak peñak antolaturiko lasterketa jadanik tradizio bilakatua da, Ama Birjina eguneko talo-xingarrak eta Garazi Kantuz bezala.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak