Albistea entzun

Lehenbizikoa, baina ez azkena

Emakumeen Master Cupen antolatzaileek ziurtzat jo dute hurrengo urtean berriz ere antolatuko dutela txapelketa. Igande eguerdian jokatuko dira aurtengo finalak, Zornotzan
Emakumeen Master Cupeko finaletan jokatuko duten zortzi pilotarietatik sei, atzo, Bilbon, Euskalduna jauregian egindako aurkezpenean. Ezkerretik eskuinera: Nagore Bilbao, Olatz Arrizabalaga, Arrate Bergara, Jaione Zulaika, Maider Mendizabal eta Nagore Arozena.
Emakumeen Master Cupeko finaletan jokatuko duten zortzi pilotarietatik sei, atzo, Bilbon, Euskalduna jauregian egindako aurkezpenean. Ezkerretik eskuinera: Nagore Bilbao, Olatz Arrizabalaga, Arrate Bergara, Jaione Zulaika, Maider Mendizabal eta Nagore Arozena. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2017ko martxoak 2 - Bilbo

Luzerako etorri da Laboral Kutxa Emakumeen Master Cup txapelketa pilotara, eta indartu egingo da. Lehen ekitaldia igandean bukatuko da, finalekin, baina heldu den urtean berriz ere jokatuko da. Antolatzaileek arrakastatzat jo dute aurtengo aldia, eta ziurtzat jo dute datorren urtean itzuliko direla. Are gehiago, buruz buruko txapelketa bat ere antolatzeko aukera aztertzen ari dira. Halaber, txapelketa honetan aritu diren hainbat pilotarik beste torneo batzuetan jokatzeko deia jaso dute; Añorgako torneoan, kasurako.

«Oso pozik gaude txapelketarekin. Pilotari askok eman dute izena, 80k guztira, baina badakigu Euskal Herrian esku-huska jokatu nahi duten emakumezko pilotari gehiago daudela. Gure aldetik, hurrengo urtean itzuli egingo gara». Azalpena Iker Amarika Laboral Kutxa Emakumeen Master Cupen antolatzaileak eman zuen atzo, aurtengo aldiko finalaren aurkezpenean. «Ideiak baditugu; beste txapelketa bat antolatzea aztertzen ari gara: buruz burukoa. Hori antolatzeko, baina, babesleen laguntza behar da», gehitu zuen.

Etorkizunaz mintzo da, baina oraina da lehenbizi, eta igande eguerdian banatuko dituzte lehen txapelak, Zornotzako pilotalekuan (Bizkaia). Lehen Mailakoan, Alba Martinezek eta Arrate Bergarak —hamalauna urte dituzte— Jaione Zulaikaren eta Nagore Bilbaoren aurka jokatuko dute. Elite mailan, berriz, Olatz Arrizabalagak eta Leire Etxanizek Nagore Arozenarekin eta Maider Mendizabalekin neurtuko dituzte indarrak. Elite mailako finalistak umetan eskuz asko ibilitakoak dira, eta nerabezarotik aurrera palan aritutakoak, oso maila altuan gainera. Urrunago joan gabe, lauretatik hiruk Euskadiko elite mailako finala jokatuko dute bihar Mallabian (Bizkaia), eta Arrizabalaga eta Mendizabal bikote izango dira.

80 pilotarik ekin zioten Master Cup txapelketari: 28 bikotek Lehen Mailan, eta hamabik Elitekoan. Bi hilabete eta 53 partida geroago, finala jokatuko da. Txapelketak oihartzun handia hartu du, eta horrek harritu egin ditu finalistak. «Jendeak aditu du jokatzera goazela; horrek sortzen du presioa. Nire ardura dakigun moduan jokatzea da, gure maila ematea, eta final ona irten dadila. Nik hamasei urte egin ditut eskuz jokatu gabe, eta orain eskuak gogortzea ez da erraza», aitortu zuen Arozenak. «Palaz jokatzen nuen urteetan ez nuen inoiz hainbeste hedabide ikusi. Argi dago hemen eskuak agintzen duela, gizonezkoetan ere erremintak askoz oihartzun txikiagoa du», gaineratu zuen.

Beste finalistak bat datoz analisiarekin, palaz bide luzea eginikoak baitira. Mendizabal, esaterako, munduko txapeldun izandakoa da, eta ez du halakorik ezagutu. «Sentimendu kontrajarriak ditut. Hau ondo dago; maila ona ematen ari gara, eta emakumeok ere pilotan jokatzen dugula erakusteko balio du. Baina palan ere lan handia egin da neskak erakartzeko, urte askoan, eta orain badirudi eskua bakarrik dagoela. Niri palista ibilbidean askotan galdetu didate: 'noizko emakumeak eskuz?' Aimar Olaizolari, berriz, noiz galdetu diote palaz jokatuko zukeen edo Pablo Fustori eskuz?».

Indarra teknikaren aurka

Finalean ere ikusle dezente elkartzea espero da, kanporaketetan, Ordizian (Gipuzkoa) eta Iruñean, harmailek itxura ona izan baitute. Elite mailako finalean bi estiloren arteko norgehiagoka espero da. Hala deskribatu zuen Olatz Arrizabalagak. «Guk agian indar gehiago dugu, eta tematiak gara, baina haiek denbora gehiago daramate jokatzen. Teknikoki, hobeak dira. Finala jokatu egin behar da». Finalistek esan zutenez, zaila da eskuz jokatzea urtean behin bakarrik jokatuta. Eskuak bigundu egiten dira, trebezia galtzen da... «Urtean pala txapelketa asko daude, eta niretzat pala da lehenbizi, baina tarteka daitezke. Gainera, igandean neskek telebistaz ikus dezakete finala, eta pilotan hasteko edo jarraitzeko motibazioa izan daiteke».

Bestalde, finalean beste berritasun bat egongo da, ETBk iragarki elektronikoak jarriko baititu txapa azpian. Pantaila batzuetan ikusiko dira, eta ezkerreko paretako publizitatea ken al daitekeen ikusteko probatuko dute. Pantailen argiak ez omen die distirarik egingo pilotariei. Proba ondo irteten bada, litekeena da beste pilota emanaldi batzuetara zabaltzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Brais Mendez Realeko jokalaria, Omoniako jokalariez inguratuta, Europa ligako aurreko partidan. ©JON URBE / FOKU

Realak zigilua jarri nahi du

Jon Ander De la Hoz

Txuri-urdinek Moldavian jokatuko dute gaur Europa ligako hirugarren jardunaldian, Xeriffen aurka. Garaipena dute helburu, multzoko lidergoa indartzeko. Imanolek dio «lehia gogorra» izango dela
Shane Larkin eta Vasilje Micic, Efeseko bi izarrak, azken Euroligako finala irabazi berritan, elkar besarkatzeko prest. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Inoizko Euroligarik gogorrena

Beñat Mujika Telleria

Urtero maila hobetuz badoa ere, Europako izarren ligak gogoangarria izateko osagai guztiak ditu sasoi honetan. Hemezortzi talde lehiatuko dira gorenera iristeko asmoz.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Luzerako egon nahiko nuke hemen»

Iñaki Berastegi

Denbora gutxian «ondo» egokitu da Ghiorzi Euskal Herrira. Eibar egitasmo «polita» dela uste du, eta atzera ere kanporaketetarako sailkatzeko gai ikusten du taldea sasoi honetan.
 ©Athletic

20 urte Athleticek lehen partida jokatu zuela

Ainara Arratibel Gascon

Bihar beteko dira 20 urte talde zuri-gorriaren emakumezkoen taldeak lehen partida ofiziala jokatu zuenetik. 7-1 irabazi zion Torrejoni. 5 liga titulu ditu irabaziak. Baina hortik harago, emakumezkoen futbolean aitzindarietako bat izan zen, baita ondoren izan den profesionalizazioan ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...