Albistea entzun

Duintasunez idatzitako hitzak

Gerla Handian soldadu edo lekuko izan ziren euskaldunen testuak eta horri buruz ondoren idatzitakoak bildu ditu Patri Urkizuk '1914-1918 lekukoak' liburuaren zazpi ataletan
Patri Urkizu idazlea, atzo, Donostian, <em>1914-1918 lekukoak</em> liburua eskuetan.
Patri Urkizu idazlea, atzo, Donostian, 1914-1918 lekukoak liburua eskuetan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2015eko martxoak 25 - Donostia

Euskaraz ere idatzi ziren Gerla Handiari buruzko kronikak, poemak, liburuak, antzezlanak, pastoralak eta bertsoak, besteak beste. Baita frontean parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko soldaduek etxekoei bidali zizkieten gutunak ere. Patri Urkizuren esanetan (Lezo, Gipuzkoa, 1946), euskal letrek, «bere urritasunetik», eman zituzten gerra horri buruzko lekukotasunak. Ondoren, gainera, lan idatziak heldu ziren pairatutakoaz. Horrekin guztiarekin, 60 testu bildu ditu 1914-1918 lekukoak liburuan (Maiatz). I. Mundu Gerraren ondorioz, bederatzi milioi pertsonatik gora hil ziren; horietako 6.000 bat, Euskal Herrikoak. «Belaunaldi oso bat galdu eta odolustu zen hemen», nabarmendu zuen Urkizuk, atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. Lekukotzen duintasuna aipagarria iruditzen zaio lanaren egileari. Baita Lucien Etxezaharreta Maiatzeko editoreari ere. «Soldaduen gutunetan ez da aipatzen beldurrik. Nolako duintasuna daukaten...».

Baina gauza bera esan daiteke beste testuez ere, Urkizuren eta editorearen hitzetan. Zazpi ataletan banatu ditu Urkizuk liburuaren ia 300 orrialdeak; kronikak, gutunak, hilen omenez izkiriatutakoak, eleberri zatiak, antzezlanak, poemak, koplak, bertsoak eta bestelakoak jaso ditu. Garaiko argazkiak ere gehitu dizkio, gainera.

Etxezaharretaren aburuz, gerraren «dimentsio humanoa» erakusteko balio dute testu horiek. «Ez baitira jeneralak mintzo direnak, lekukoak baizik». Sasoi hartako euskaran ondutako lanak dira, «euskara ez eskolatuan, etxekoan», eta, agian horregatik, hunkigarriagoak dira editorearen iritziz. Lubakietan izan zirenen hitzak dira gehienak.

Euskal Herrian XX. mendean izandako «idazle onenetarikoak» dira testuen egileak, Urkizuren arabera: «Jean Hiriart-Urruti Eskualduna astekariko zuzendaria, Joan Elizalde Zerbitzari, Jean Etxepare medikua...». Iruditzen zaio testu «hunkigarriak» daudela kroniken artean. Domingo Ouret soldaduaren eguneroko «gogor eta adierazgarria» aipatu zuen, esaterako, atzo agerraldian. Zera idatzi zuen 1915eko maiatzaren 5ean: «(...) Zer masakriak. Bonbardatzen hasia argi hastian, etsaia izigarriko bonbarda, 10 orenetan atakada izigarri bat (...) zer gizonak galdu, (...) frango hil eta bestiak presoner egin (...)».

A. I. sinatzen duenak hamabi kronika «oso eder» bidali zituen Serbiako frontetik, 1915 eta 1916 artean. «Ez dut aurkitu nor den, baina bere idazkeragatik, zuberotarra zen». Kronika horiek egungo grafian jarri ditu Urkizuk, irakurketa erraztearren. Hilen omenez idatzi zuenetako bat Luc Babaquy fraide kaputxinoa izan zen. Frontera ez joatea eskaini zioten, atzeragoardian geratzea, baina zera erantzun zuen, Urkizuk atzo gogoratu moduan: «Nik ez dut fusilik, baina frontea da nire lekua, arriskurik handiena dagoen tokia, burkide euskaldunei lagundu ahal izateko».

Testu horiek idatzi eta handik urte batzuetara ondutakoak dira Urkizuk libururako aukeratutako eleberriak: Jean Barbierren Piarres (1926) eta Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak. «Mikel Peruarena Ansaren Su zelaiak ez dut sartu (Susa, 2014), argitaratu zenerako liburua egina bainuen». Bildutako 24 poema, bertso eta koplen artean, bestalde, Kepa Enbeita eta Juan Manuel Lujanbio Txirrita-ren lanak daude. Baita Jose Ramon Tabernaren Bertso berriyen errespuestak bertso jarriak ere. «Iragarlearena» egin zuen hark, Urkizuren ustez, hala bukatu baitzuen bertsoa: «(...) oiek [Frantziak eta Ingalaterrak] amerikanuen mendian jarri digute Europa».

Bestelakoak atalean, Piarres Lafittek ondutako Egiazko argia (1933) antzezlana, «desertoreen munduaz mintzo dena», txertatu du Urkizuk, besteak beste.

Gero, gerraz hitzik ez

Emakumezko ahots bakarra dago liburuan, Poeta, koplari eta bertsolariak atalean. Anonimo batek sinatutakoa da Alarguntsa niz eta bertsoa. «Agian gizonezko batek hartu zuen emakumezko baten ahotsa, litekeena da», azaldu zuen Urkizuk. «Izan ere, emakumezkoek ez zuten hitzik garai hartan», gehitu Etxezaharretak. Bertsoak argazki bat dauka, eta horretan hiru emakumezko azaltzen dira hilobi batean loreak jartzen. Etxezaharretaren hitzetan, garai hartan ez zen mina erakutsi behar; ez zegoen ondo ikusia zaurituen eta hildakoen argazkiak erakustea. «Hori lege bortitza zen gerra garaian». Orduan, gainera, debekatuta zegoen notiziak ematea gutunetan. «Zentsuratuta zegoen; bakarrik bizirik zeudela esateko balio zuten», Urkizuren aburuan. «Askotan turismoa egiten ari zirela zirudien», Etxezaharretak. «Ez ziren aipatzen bonbardaketen desmasiak. Gero ere, handik urte batzuetara elkartzen zirenean, gerra bizi izan zutenek ez zuten gerra konturik aipatzen. Hain gogorra izan zen...».

Dokumentazio lanean Eskualduna astekaria izan da Urkizuren iturri nagusia. «Modu xumean lan egin dut. Tesi bat beharrean, lan dibulgatibo bat da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Uriarte arkitektoa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

Iñigo Astiz

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.
Aldoux Huxley, 1930ean. ©DOROTHY WILDING / LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY

Hilketa politikoa: teorian eta praktikan

Gorka Arrese

Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' euskaraz argitaratu zela 50 urte dira. Beste bat da, ordea, idazle ingelesaren nobelarik konplexuena eta anbizio handikoena: 'Point Counter Point', intriga paraleloekin eta argumentuen kontrapuntuaz.

Gerlaren gizalegea

Irati Majuelo

Idazlea: Slavenka Drakulic. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Txalaparta.

Ezohiko atsegina

Imanol Mercero

Idazlea eta ilustratzailea: Adrien Albert. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.