Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Zauriak ozpintzeko poemak

Publizitatea

Kultura

Zauriak ozpintzeko poemak

Eztanda literarioa eragin dute Danimarkan Yahya Hassan palestinar jatorriko poetaren testu gordin autobiografikoek. Euskarara itzuli ditu orain Juan Mari Mendizabalek
Yahya Hassan poeta daniar palestinarra, duela hiru urteko argazki batean.
Yahya Hassan poeta daniar palestinarra, duela hiru urteko argazki batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

2017-03-15 / Iñigo Astiz

Yahya Hassan. Idazlearen izen-abizenak baino ez daude liburuaren azalean, eta haserre, oinaze eta larritasunez betetako 174 poesia orri ondoren. Hitz larriz idatzita guztiak. «YAHYA HASSAN DUT IZENA/ ETA NIRE GURASOEK NAHIAGO LUKETE JAIO EZ BANINTZ/ HAIEK JAIO EZ BALIRA NAHIAGO NIK/ GUTXIENEZ HILDA JAIO BALIRA/ EDO NI BANINTZ/ HILDA BAINA JAIOA/ EZ ZAITUZTET MAITE GURASOAK GORROTO DUT ZUEN ZORIGAITZA/ GORROTO DITUT ZUEN BELOAK ETA ZUEN KORANAK/ ETA ZUEN PROFETA ANALFABETOAK/ ZUEN GURASO DOKTRINATUAK/ ETA ZUEN HAUR DOKTRINATUAK/ ZUEN AJEAK ETA ZUEN OTOITZAK ETA ZUEN GIZARTE-LAGUNTZAK/ GORROTO DITUT ZUENA IZAN ZEN HERRIALDEA/ ETA GUREA BIHURTU DEN HERRIALDEA/ ETA GUREA SEKULA IZANGO EZ DEN HERRIALDEA». Aarhus hiriko palestinar jatorriko errefuxiatu familia batean hazia, eztanda literarioa eragin zuen Hassanen poema liburuak Danimarkan. 19 urte zituen idazleak. Gordin kontatzen ditu errefuxiatu musulmanen auzoko miseriak, eta heriotza mehatxuak ere egin dizkiote horregatik sektore erlijiozaleenek. 100.000 ale saldu zituen urte bakarrean bere herrialdean, eskandalua piztu zuen, hainbat hizkuntzatara heldu da, eta euskarara ekarri du orain liburua Juan Mari Mendizabal itzultzaileak. Denonartean argitaletxeak kaleratu du.

«Freskotasuna eta gordintasuna». Bi ezaugarri horiek nabarmentzen dizkio Mendizabalek. Orain hiru urte izan zuen poetaren berri lehenengoz Danimarkako liburu azokan. Liburua argitaratu berri zen artean, baina milaka kopia salduak zituen jada, eta zuzenean errezitatzen entzuteko aukera izan zuen. «Oso indartsua iruditu zitzaidan», dio. «Erdiz rap moduko bat zen, eta erdiz meskitetan aditzen den errezo doinu hori; bien arteko bat». Gaztelerazko itzulpenerako laguntzaile aritu zen lehenik Mendizabal, eta lan erdia egina zuela oharturik, euskarara ekarri du orain.

Hezur-haragitan bizitakoak

Zuzentasun politikoaren antipodetan dabil poeta liburuko testuetan. Galbaherik gabe kontatzen ditu aitaren eskutan jasotako jipoiak, espetxera egindako sartu-irten etengabeak, lagunekin egindako etxe eta auto lapurretak, aitak amari emandako tratu txarra, polizia jazarpena, Libanon egindako oporraldietan jasandako israeldarren erasoak, etxekoen itxurakeria morala, erlijio fundamentalismoa, eta baita estatuaren dirua jasotzeko zenbait errefuxiatuk egiten dituzten iruzurrak ere. Dena. Guztia lehen pertsonan, hain justu, guztiak direlako idazleak hezur-haragitan bizitakoak. «Hemen ez dago gezurrik», azaldu du Mendizabalek. «Oraintxe bertan espetxean dago idazlea. Orain dela urtebete atxilotu zuten mutiko bati oinean tiro jo ziolako». Alegia, egiazkoak direla liburuan aipatzen direnak.

Lanaren balio literarioa nabarmendu du itzultzaileak. «Kalitate nabarmena dauka; ez duzu arakatzen ibili beharrik; oihuka ari zaizu liburutik». Narratiboa eta soila da Hassanen idazkera gehienetan, eta berezia da egiten duen hizkuntza hautua ere, Mendizabalen hitzetan. «Danieraz bi genero daude, eta berak nahaspilatu egiten ditu, oker jarri, hitzak elkartu... eta, aldi berean, oso ongi erabiltzen ditu hizkera administratiboaren moldeak». Eta, hain zuzen, hitz egiteko modu berezi hori da berak euskarara ekarri nahi izan duena. «Euskaraz gaizki idatzita egotearen inpresioa sortu behar izan dut horregatik, tarteka». Horretarako, gazteleraren esaldien ordena erabili du, esaterako, liburuko azken poeman. «Berak danieraz generoak nahasteko baliabide hori dauka, baina guk ez».

Oihu moduko bat da liburua, Mendizabalek azaldu duenez, eta horregatik daude testu guztiak letra larriz. «Hau da gazte daniar-palestinar baten bizipenak Danimarkako gizarte zoriontsuan, eta horri gaineratu behar zaio nola sartzen den bere aurrekoekin, Alarekin, meskitekin, Imamekin...». Tentsioan deskribatu du itzultzaileak Danimarkako gizartea, eta, hain zuzen ere, tentsio horretatik sortzen da Hassanen poesia, haren ustez. Mendizabal: «Danimarkan etorkin mordoa dago, eta bi gizarte sortzen dira. Alde batetik, daniarren gizartea dago, eta, bestetik, etorkinen gizartea, eta baldintza sozialak eta ekonomikoak ezberdinak dira. Eta Hassanek bere testuetan egurra ematen die biei».

Profeten izenak nonahi

Asko dira bi ahoko ezpata horren adibideak liburuan. Arrebaren ezkontza kontatzen duena, esaterako. «ETA LASTER HASIKO ZARETE HAURRAK IZATEN/ MUSULMANEK DUTELAKO PRESA/ ETA JARRI BEHARKO ZAIZKIE PROFETEN IZENAK/ NIK DUT PROFETA IZENA/ ZUK ERE DUZU PROFETA IZENA/ GAUR EGUN DITUGU PROFETA IZENAK NONAHI/ PROFETA IZENA TXANODUNA DELINKUENTEEN LOKALEAN/ PROFETA IZENA MANTAL ZIKINDUNA KEBABEAN/ PROFETA IZENA URREZKO KATEDUNA KIOSKOAN/ PROFETA IZENA LANJANTZIDUNA LANTEGI MEKANIKOAN».

Zabala da idazleak lortu duen onarpen kritikoa, baina asko dira eskandaluak soilik erakarri dituen irakurleak ere. Adibidez, baliatu egin dituzte etorkinen aurkako hainbat taldek haren poemak, eta arrazakeria salaketak ere jarri dizkiote egunkarietako elkarrizketetan esandakoengatik. Kezka gutxi, ordea, poetak halakoengatik, The New York Times egunkariko kazetariari erantzun zionez. «Berdin dit. Poemarekikoa da nire ardura. Ez naiz besteek haiekin egiten dutenaren erantzule».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak