Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Bertsoa eta pilota, Argentinara

Publizitatea

Bizigiro

Bertsoa eta pilota, Argentinara

Zazpi lagunek Argentinako euskal etxeetara eramango dute bertso-pilota emanaldia datozen bi asteetan. Beste zenbait ekitaldi ere egingo dituzte egonaldia aprobetxatuz
Zazpi laguneko taldea joango da Argentinara, bertso-pilota emanaldiak eskaintzera; tartean, Beñat Gaztelumendi.
Zazpi laguneko taldea joango da Argentinara, bertso-pilota emanaldiak eskaintzera; tartean, Beñat Gaztelumendi. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2017-04-08 / Julen Aperribai

Itsasoa zeharkatu, eta Argentinan izango da bi astez bertso-pilota emanaldia; zehazki, hango euskal etxeetan. Orain lau urte sortu zuten proiektua hainbat bertsolarik eta pilotarik, eta, kasu honetan, zazpi laguneko ordezkaritza izango du ekimenak. Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariak ariko dira kantuan, eta Iker Urmeneta, Iñaki Lizaso, Eneko Aizpitarte eta Arkaitz Esnaola, aldiz, pilotan. Aurkezlea, berriz, Ekain Ormazabal izango da. Hamabost egunez izango dira hango lurretan, eta hirigune handiak nahiz landa eremuak bisitatzeko aukera izango dute.

Bertso pilota martxan jarri zuten horietako bat izan zen Urmeneta. Jai giroan egiten ziren pilota partidak «oso serioak» zirela iritzita, umore ukitua eman nahi izan zieten. Aurkezlea dago, alde batetik, eta umore ukituko aurkezpen baten ostean, partidaren jarraipena egitea da haren lana. Tanto eta tanto arteko atsedenaldietan bertsolariek aholkuak ematen dizkiete pilotariei. Horrez gain, saskitxo baten zozketa ere egin ohi dute, bukaerako emaitza asmatzen duten guztien artean.

«Kasualitatez», baina proiektuko kide guztiek omen zuten aspaldidanik Argentinara joateko gogoa, Urmenetak azaldu duenez; besteak beste, «han diasporak pisu handia» duelako. Alabaina, proiektuak forma hartu badu, euretako baten senide baten bidez izan da. «Viedmako euskal etxean ibiltzen da. Kontaktu horrekin hasi ginen, eta hark jarri gintuen kontaktuan beste euskal etxeekin».

Lehen hartu-eman hartatik, gerora bira itxura hartu du egonaldiak, eta Viedmakoan ez ezik, beste bost euskal etxetan ere izango dira; horietatik lautan egingo dute saioa. Buenos Airesen hasiko dute bidaia, bihar. Hiriburuko bi euskal etxe bisitatuko dituzte, eta, La Platatik pasatu ondoren, hegoalderanzko bidean jarraituko dute, kostaldetik. Necochean, Bahia Blanca eta Viedman ere egingo dituzte geldialdiak. Berriro iparraldera egingo dute gero, eta Rosarion izango dira, Pedro Mari Otaño hil zen hirian bertan. «Nahiko ekialdean mugituko gara, baina distantzia ikaragarrietan», azaldu du Iguaranek. Gabonen bueltan batu zen bertsolaria proiektura, hura «oraindik eraikitzeko» zegoela. Aurrez beste behin aritua zen, hala ere, formatu horretan bertsotan, bere herrian, Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Baiezkoa eman ostean, bilera egun bat adostu zuten, gauzak lotzeko.

Euskal Herriaren txikitasunak harremanak errazten ditu sarritan, eta hori aprobetxatu zuten euskal etxeekin kontaktuan jartzeko. Horrekin batera, lanak banatu eta kontaktuak lortzen hasi ziren. Erantzun ona jaso dute hangoen partetik, Urmenetaren arabera: «Antolatzerako orduan, oso eskuzabal eta laguntzeko prest agertu dira; gu hara joateko irrikan daude». Ilusio hori nabaritu du Iguaranek ere, eta hemendik joandakoek ere partekatzen dutela onartu du: «Desiratzen gaude, telefonozko elkarrizketen ondoren, elkar ezagutu eta aurpegia jartzeko».

Frontoiak eta hizkuntza

Dena den, onartu du euskal etxe guztien funtzionamendua ez dela bera, eta horren araberakoa ere izan dela haiek emandako erantzuna. Izan ere, zenbait kasutan, emanaldiaz gain, bestelako ekimenetan ere parte hartzeko eskaera jaso dute: «Gure eskaintza zabaldu behar izan dugu, bai gu prest geundelako eta bai beraien gogoa ere hori zelako», dio Iguaranek. Hori dela eta, euskara klaseetan parte hartu , eta bertsolaritzari buruzko hitzaldi batzuk ere emango dituzte, besteak beste. Gainera, joango direnetako bi dantzariak dira, eta euskal dantza saioak egingo dituzte. Horrez gain, Beñat Gaztelumendik Mundu bat ahoz aho dokumentala aurkeztuko du. Bestalde, Necocheako egonaldia, Aste Santuaren bueltan izatean, are bereziagoa izango da. Apirilaren 13tik 16ra izango dira han, eta 15ean Korrika ospatuko dute, eta hurrengo egunean, berriz, Aberri Eguna.

Bira egiteko harremanetan jarritako bi aldeek asmo ona agertu bazuten ere, bateko eta besteko ohiturak eta hizkuntza tarteko, bertso pilotaren hasierako ideia hango euskal etxeetako errealitatera egokitu behar izan dute. «Han esku pilotan egingo dugu, eta egia da bertan eskuz ez dela hainbeste jokatzen; palaz gehiago ibiltzen dira», onartu du Urmenetak. Hasierako asmoa bertako pilotariek parte hartzea zen, baina, eskuz aritzen denik topatu ez dutenez, ideia hori burutik kendu behar izan dute. Bestalde, hango frontoi batzuk trinketerako eginak daude, eta horietan trinketean egingo dute.

Bertsolarien kasuan, hizkuntza izan daiteke, ikus-entzuleen ulermenaren aldetik, traba nagusia. Bertsotan, behintzat, euskaraz egingo dutela ez dute dudarik. «Egia esan, pixka bat airean dagoen kontu bat da, bertara joan arte ez baitakigu zer errealitate aurkituko dugun», esan du Iguaranek. Euskal etxe batzuetan euskal komunitatea besteetan baino handiagoa dela nabarmendu du, eta hala egin du Urmenetak ere. Haren arabera, euskal etxe batzuetan saioa osorik euskaraz izango da, eta beste batzuetan aurkezle batek abestutakoa itzuli eta laburtuko du.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak