Egiarik gabeko urte luzeak

Lehen aldiz hitz egin dute Nafarroako Parlamentuan Joxe Migel Etxeberria 'Naparra'-ren eta German Rodriguezen senideek.

Zigorgabetasuna salatu dute bi familiek
Goiko irudian, Naparra zenaren ama. Beheko irudian, German Rodriguezen anaia.
Goiko irudian, Naparra zenaren ama. Beheko irudian, German Rodriguezen anaia. JAGOBA MANTEROLA-ARP / JESUS DIGES-EFE

Lohizune Amatria -

2015eko otsailak 18
«Oso zaila da azaltzea zer sentitzen den, zer jasan genuen». Eneko Etxeberriaren hitzak dira, Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparra-ren anaiarenak. 36 urte igaro dira anaia desagerrarazi zutela, eta, lehen aldiz, Nafarroako Parlamentuan mintzatu da kasuaren inguruan. Parlamentuan bestelako biktimen ahotsa entzuten den bigarren aldia izan zen atzokoa. Etxeberriarekin batera, Iratxe Urizar abokatua izan zen. Eta German Rodriguezen kasuari buruz mintzatu ziren Fermin Rodriguez anaia eta 78ko Sanferminak Gogoan taldeko Ramon Contreras. Egiarik gabeko urte luzeak izan zituzten mintzagai laurek. Ezkerrak polizia indarkeriaren eta motibazio politikoko biktimen lege proposamena aurkeztu zuen azaroan. Lehen tramitea egin zuen urtarrilean, eta zuzenketak aurkezteko epea dute orain talde parlamentarioek. Helburua legealdia amaitu baino lehen aurrera ateratzea da.

34 urte igaro dira Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparra desagertarazi zutela. Eneko Etxeberriak eman zuen gertatutakoaren berri, atzo. Anaia non dagoen argitzeko eskatu zuen: «Joxe Migelen gorpua agertzeko beste 34 urtez esperoan egon behar al dugu?», galdetu zuen erretorikoki. Ziburun ikusi zuten azken aldiz Naparra, 1980ko ekainaren 11n. Baionako polizia etxean zeukatela uste zuten; baina abokatuarekin elkartzean, zalantza sortu zitzaien senideei: «Begitarte goibela zuen, eta zerbait larri gertatzen ari zela jakin genuen». Batallon Vasco Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta uztailaren 3ko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Gorpuaren bila aritu ziren senideak, urpekari eta guzti. «Desagerrarazi zuten, auskalo zer egin zioten».

Eta geroztik Naparraren bila ibili dira senideak. Bidea ez da erraza izan. Frantzia izan zen ikerketari ateak ixten lehena (1982); Espainiak egin zuen ondoren (2004). Iaz, baina, Nazio Batuen Erakundera iritsi ziren. NBEko desagertze behartuen batzordeak ondorio argiak helarazi zizkion Naparraren anaia Eneko Etxeberriari Genevan egindako bileran: Naparrarena desagertze behartua izan zen, eta kasuak irekita jarraitu behar du, gutxienez, gorpua agertu artean.

Nazio Batuen gomendioak aintzat hartzeko eskatu die Etxeberriak parlamentariei. «Joxe Migelen gorpua agertu arte, kasu ireki bat du Nafarroako Parlamentuak», adierazi zuen. Desagertzearen argitzea eska dezaten ere galdegin die, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei gorpua bilatzeko ikerketak has dezaten eskatzeko.

Zigorrik gabeko festa

1978ko sanferminetako hirugarren egunean hil zuten German Rodriguez, duela 36 urte. Rodriguezen kasua ere atzo lehen aldiz entzun zen parlamentuan. Fermin Rodriguez anaiak azaldu zuen gertatutakoa. Zezen plazan izandako liskar handien ondoren, Espainiako Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez, Orreaga kalean. «Askoz pertsona gehiago hil zitezkeen; gertaera oso larria izan zen», azaldu zuen Rodriguezek. «Baina are larriagoa da zigorgabetasuna. Inork ez dit esan zeinek egin zuen tiro, zeinek agindu zuen edota zergatik egin zuten», gaineratu zuen. 1978ko sanferminetan gertatutakoaren ondoren, epaiturik ez dela egon salatu zuen parlamentuan, ez dela kondenarik egon: «Nire anaia ez dute estatuko aparatuen biktimatzat aitortu». Egia eta justizia eskatu zuen, eta uztailaren 8an biltzen diren guztiei eskerrak eman zizkien.

German Rodrigezen kasua errepresioaren, zigorgabetasunaren eta isiltasunaren adibide garbia dira, Ramon Contreras 78ko Sanferminak Gogoan taldekoaren ustez. «Helburu politiko garbia zuten; baina inoiz ez da azalpenik eman». Biktima guztien mina aitortzeko beharra nabarmendu zuen, eta legeak horretarako balio dezala eskatu zien parlamentariei: «Lege berri bat prestatzen ari zarete, baina kontuan hartu behar dituzue gizartean dauden mugimenduen eta elkarteen ekarpenak». Eta era berean mintzatu zen Etxeberria familiaren abokatu Iratxe Urizar ere. Talde parlamentario guztiek biktimen testigantzak eskertu, eta ekarpenak kontuan hartuko dituztela esan zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna