Albistea entzun

Oier Oa Pujol. Euskal preso ohia

«Jendearen laguntzari esker ez balitz, kalean nengoke, ezer gabe»

Duela gutxi atera da espetxetik Oier Oa larresoroarra, baina ez diote herrira itzultzen uzten: Yvelinesen bizitzera behartu dute. Han ez du ez lanik, ez bizilekurik. Frantziaren kontraerranak agerian utzi ditu.
BERRIA

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko apirilak 21 - Baiona

Lau urteko espetxe zigorra bete berri du Oier Oa Pujolek (Donostia, 1984), eta kalean egon arren, etxetik urrun jarraitzen du oraindik. Larresoron (Lapurdi) ditu seme-alabak, neska-laguna, lana eta etxea, baina Saint-Germain-en-Layen (Yvelines, Frantzia) bizitzeko obligazioa ezarria dio Frantziako justiziak. Paristik hurbil dago hiri hori, Euskal Herritik 800 kilometro ingurura. Larresoroko herritarrek mobilizazio ugari egin dituzte azken asteotan haren egoera salatzeko.

Apirilaren 4an atera zinen espetxetik, baina ezin zara Larresorora itzuli. Zer dela eta?

2012an atxilotu ninduten, eta espainiarrek galdegin zuten nire aurkako euroagindu bat, Segiko kide izateagatik. Versaillesen epaiketa izan nuen, eta epaileak ebatzi zuen ez zela deliturik: Frantzian Segi ez zela ilegala eta ez zuela ikusten arrazoirik euroagindua onartzeko. Erakundeko kide izateagatik nuen epaiketa bategatik preso segitu nuen, eta epaitu ninduten 2014an. Lau urteko zigorra ezarri zidaten, eta Frantziako lurraldean geratzeko debekua. Hori sistematikoki jartzen diete espainiar nazionalitatea dugun euskal herritar guziei.

Zure kasua, alta, ezberdina da.

Larresoron, Lapurdin bizi naiz, baditut bi seme-alaba eta neska-laguna nazionalitate inposatu frantsesa dutenak. Badut han etxe bat, familia bat... Lana ere bertan badut. Azkenean, bizi duin bat hasteko oinarriak hor ditut. Hemen egonez ez naute ni bakarrik zigortzen, familia ere bai.

Saint-Germain-en-Layen bizitzera behartua zaude, hain justu.

Epaileak mantendu zuen Frantzian bizitzeko debekua, eta orduan, guk aurreikusten genuen, alde batetik, Versaillesko epaileak euroagindua errefusatu zuenez, ezin ninduela Espainiara kanporatu. Baina, beste alde batetik, bazegoen beste epaile bat kanporatzeari eusten ziona. Egoera kontraesanezko horretan, guk aurreikusten genuen asignazioa gerta zitekeela, baina asignazioak gertatu izan direnean normalean administrazio frantsesaren esku geratzen dira laguntza ekonomiko bat ematea hilabetero, eta lo egiteko zerbait eskaintzea.

Zuri ez zizuten halakorik eman.

Espetxean ez zekiten nire lotarako helbidea ez ezer, orduan, erran zidaten polizia etxera joateko, han informazio guzia izanen nuela. Larunbata zen, justu Pazkoko bakantzak, eta hor zegoen poliziak ez zekien deus. Esan zidan asteartean izanen zela polizia etxeko arduraduna, eta harekin hitzordu bat finkatzeko. Asteburu horretan, ahal genuen bezala, hotel bat hartu nuen. Asteartean polizia etxeko arduradunarekin hitz egiterakoan ez zekien nor nintzen: ez zioten inolako berririk bideratu. Eta nik hainbat galdera egin nizkion, esanez ez nekiela nora jo. Erantzun zidan bete behar zituela txostenean ematen zizkioten irizpideak, eta ez zuela beste botererik. Deitu zuen hala ere suprefeturara, eta han ere esan zuten ez zela haien ardura.

Zer egin zenuen gero?

Abokatua deitu nuen, eta hark Barne Ministeriora. Erran zioten ez zela nahasmendurik, kontzienteki hartu zutela erabakia. Bazekitela komunitate euskalduna oso antolatua zela eta lortuko nuela egoera horretatik ateratzea. Eta bestela aski nuela Espainiara joatea. Abokatuak, harriturik, erran zion Frantziak erabaki zuela ni babestea, eta, beraz, beharrezkoak ditudan oinarrizko eskubideak aitortu behar dituela. Kasu honetan, ezarritako baldintzekin, ez da hori errespetatzen.

Motibazio politikoak ikusten dituzue gibelean?

Argi eta garbi. Euskal Herrian errealitate bat dago, baina ez dituzte legeak egokitzen horretara, eta, are gehiago, beraien legea bera ez dira betetzen ari. Zeren, legea berez izan behar da presoa laguntzea. Kasu honetan preso bat ateratzen da, beraien logikan gizarteratzeko lagundu egin beharko litzaioke, eta niri ari zaizkit laguntza guziak ukatzen. Ez baldin badut lanik, ez dut diru sarrerarik, ez etxebizitzarik, ez etxebizitza ordaintzeko dirurik. Ez balitz jendearen laguntzari esker, kalean egongo nintzateke, ezer gabe. Hori ez dago justifikatzerik, eta jendeari azaltzen diozularik harritua geratzen da: «Nola da posible?». Posible da arazo politiko bat delako.

Helegitea jarri duzue.

Apirilaren 21ean [gaur] izanen da audientzia, eta hor finkatuko da epaiketaren eguna. Galdegingo dugu berrikus ditzatela audientziatik epaiketa bitartean bederen nire baldintzak, sinatzearen inguruan, edo hiritik atera ezin ahal izatearen inguruan.

Nolakoa da zure egunerokoa?

09:00etan sinatu behar dut polizia etxean, 14:00etan berriz, 17:30ean hirugarrenez, eta gero 21:00etatik 07:00etara egon behar dut lo egin behar dudan lekuan. Arazoa da eman beharko nukeela helbide bat, baina gaur-gaurkoz ez dut. Nabil egun batean hotel batean, beste egun batean chambre d'hôte batean, batetik bestera aldatzen. Egun hauek izan dira denbora guztian kudeaketa: joan naiz herriko etxera, hango gizarte laguntzez arduratzen den entitate batekin hitz egin dut... Elkarte anitz ikusi ditut, laguntza bat edo beste topatu nahian, baina galdegiten dituzten irizpideetan ez naizenez sartzen, gaur-gaurkoz ez dut deus lortu. Memento batean Emausekin harremanetan jarrita proposatu didate parking edo lur zati bat eskaintzea. Eta aukera gisa ikusten ari gara autokarabana bat alokatu eta horrelako lur batean jartzea erantzun bat izan artean epaiketa horri buruz.

Zer espero daiteke epaiketatik?

Guk proposatuko dugu Larresorora joaten uztea: logikoena litzateke. Baina erabaki dezakete orain nagoen baldintzetan mantentzea, edo auskalo. Oso zabala da aukera, ikusiko dugu.

Epaiketaz gain, segitzen dugu helegiteak jartzen Frantzian bizitzeko debekuari. Paradoxikoa da, zeren asignazioarekin ari dira esaten Euskal Herria ez dela existitzen: «Euskal Herria Frantzia da, eta Frantzian bizitzeko debekua duzu; beraz, bazoaz». Aldiz, guk proposatzen diegunean asignazioa izan dadila lurralde frantses horretan, Larresoron, orduan Euskal Herria existitzen da, eta arriskutsuegia da; horregatik, hobe da Parisen geratzea. Betiko joko kontraesanezko bikoitz horretan segitzen dute.

Zure aldeko sostengu batzorde bat sortu dute egoera salatzeko. Iritsi zaizkizu oihartzunak?

Harritua izan naiz zer-nolako dimentsioa hartu duen. Larresoro herri txikia da, eta manifestaldia zein zabala eta plurala izan zen ikusita, ezusteko oso polita hartu nuen. Gero, jende guztiak deitzen nau, laguntza eskaintzeko prestasuna agertzen du, eta egia esan bai praktikoki eta beste batzuetan ez praktikoki izan arren, ikaragarri eskertzen dut. Parisen ere topatu dut sekulako laguntza: bada presoen aldeko batzorde bat, eta nire egoera arintzeko ahal duten guzia egiten ari dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Egitasmoa babesten duten zenbait kide, gaur, Nafarroako Jauregiaren aurrean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroa XXI dinamika sortu dute, Foru Hobekuntzaren inguruko «herri kontakizun bat» sortzeko

Ane Eslava

Nafarroaren «autogobernu galerarekin larrituta», herrialdearen orainaren eta etorkizunari buruzko eztabaida «plural eta parte hartzailea» sustatu nahi dute.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Presoek egiteko bat dute elkarbizitzaren eraikuntzan»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Dudouetek uste du euskal prozesua «berritzailea» eta «inklusiboa» izan dela, aldebakarrekoa ez ezik: «Egon da elkarrizketa bat; euskal elkarrizketa bat». Itxaropenez egiten die so azken aitzinamenduei.

 ©Jon Urbe / FOKU

Herri baten biderako gakoak

Enekoitz Esnaola

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek

<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna