Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Ingurune sozialak guztiz baldintzatzen du erabilera»

Publizitatea

Gizartea

Euskara. Kaleko erabileraren neurketa. Olatz Altuna. Neurketaren zuzendaria

«Ingurune sozialak guztiz baldintzatzen du erabilera»

Kaleko erabileraren datuak aztertzeko faktore asko hartu behar dira aintzat, Altunaren ustez. Ingurua aipatu du, adibidez: «Jarrera aldekoa izan arren, ez da erraza portaeran islatzea».
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-07-13 / G. Goikoetxea

Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren zuzendaria da Olatz Altuna (Usurbil, Gipuzkoa, 1971), Soziolinguistika Klusterreko teknikaria. Kalean jendea zein hizkuntzatan ari den, hori behatuz egiten dute neurketa. Altunaren esanetan, euskaldunen egoeraren isla da emaitza. Gaitasun mugatua dute euskaldun askok, eta erabiltzeko aukerak eskas dituzte.

Euskaldunen kopurua gora doa, baina kaleko erabilera, behera. Hasteko, hiztunen hizkuntz gaitasunari erreparatu behar zaio?

Euskarazko elkarrizketak gertatzeko, ezinbestekoa da solaskideek euskaraz jakitea edo gutxienez ulertzea. Oraindik herritar askok ez dakite euskaraz, baina dakitenen artean ere garbi dago gaitasuna ez dela zuri-beltzeko kontua. Euskal hiztunak gehiago badira ere, urteotan euskaldundutako gehienak erdal elebidunak dira: ohiko eta jario errazeko hizkuntza erdara dute. Hori hala, bat-bateko jardun informalean erdarara jotzen dute. Neurri batean horren isla da kale neurketan jasotakoa.

Inkesta soziolinguistikoak dio eremu formaleko erabilera igotzen ari dela, baina etxekoa geratuta dagoela. Horrekin bat egiten du kaleko neurketak ere? Bada korrelaziorik bien artean?

Bi ikerketak ez dira alderagarriak, ez baitira berdinak aztergaian eta metodoan. Erroldatutako biztanleen errealitatea jasotzen da inkestan, inkestatuen erantzunen arabera —datu aitortuak dira—; neurketan, kalean dabiltzan hiztunen elkarrizketak jasotzen dira, ezer galdetu gabe, zuzeneko behaketa bidez. Kaleko ohiko hiztunek hartzen dute pisua, haurrek gehiago adinekoek baino. Turistak, erroldatu gabeko herritarrak eta etorkinak ere behatzen dira.

Inkestan bada galdera bat «ohiko lagunekin» erabiltzen den hizkuntzaz, eta kaleko elkarrizketak askotan «ohiko lagunekin» izaten dira. Datu horri erreparatzen badiogu, ohiko lagunekin beti edo gehienetan euskaraz egiten dutenen kopurua bere horretan dago (2011n, %12,4; 2016an, %12,3). Nabarmendu behar da inkestan ez direla aztertzen 16 urtetik beherakoak, eta, gainera, haur txikienak gehienbat gurasoekin, aitona-amonekin edo zaintzaileekin ibiltzen direla kalean. Inkestan etxeko erabileraz galdetzen da, baina, alderaketa egiteko, batez ere haur txikiak dituzten gurasoen etxeko erabilera aztertu beharko genuke, pentsatuz etxeko hizkuntza portaera errepikatuko dutela kalean. Neurketan honako emaitza hauek jaso dira: 2011n %13,2; 2016an %12,6. Inkestaren datu horren antzekoa. Baina, esan bezala, datuak teknikoki ez dira alderagarriak.

Hiztunen gaitasun galerak soilik azal dezake erabileraren joera?

Joera faktore askoren eraginpean dago. Jarrera oro har euskararen aldekoa izan arren, ez da erraza portaeran islatzea, ingurune sozialak guztiz baldintzatzen baitu erabilera. Gaitasunak badu zerikusia, eta ez txikia. Gaitasuna eta eremu soziala elkar lotuta daude: zenbat eta ingurune sozial aldekoagoa, orduan eta hiztun gaituagoak; alderantziz, hiztun gaituek sortzen duten ingurune sozialak erabilera errazten du. Eremu geografiko gehienetan euskarak sarbide urria du bizitza sozialean, eta eremu horietako hiztunek dituzte zailtasunik handienak euskaraz aritzeko. Taldearen babesik gabe, norbanakoek euskaraz bizitzeko hautu kontzientea eta nekeza egin behar izaten dute. Ingurune horietan garrantzitsua da baldintza sozial egokiak sortzea, onarpena eta babesa sentitzea. Badira egitasmo interesgarriak.

Baldintza soziolinguistikoak ikusita, posible da erabileran egiturazko aldaketak lortzea?

Pentsatu genuen gazteak euskaraz eskolatzetik etorriko zela baldintzen hobekuntza. Eta, neurri batean, gertatu da: haur eta gazteak gehiago aritzen dira adinekoak baino. Baina eskolaren eraginari mugak ere ikusi dizkiogu. Hezkuntza formalaren esparrua ez da aski erabileran aldaketa kualitatiboa eragiteko. Nola edo hala euskaraz ikasten duten haur-gazte horiek ez dute beren egin euskara erabilera informalerako. Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, baina aztertu behar litzateke zer-nola txertatu duten hizkuntza eta kultura hori beren gazte identitatean. Hor dago koska. Zer egin behar da gazte horiek euskaraz natural aritu daitezen?

Helduak ere hor daude.

Helduen mundua ere jarri behar da erdigunean. Gazteak helduen mundura heltzen direnean, aurrez ezarritako portaera patroi hegemonikoak topatzen dituzte, eta horietara egokitzera jotzen dute. Helduek ezartzen dituzte neurri handian gizarteko ohiturak eta arauak. Lan mundua da adibidea. Hona hasierako galderaren birformulazioa: eskolatzearekin batera, zein beste baldintza soziolinguistikotan eragin behar da aldaketa positibo esanguratsuak sortzeko? Lan munduan, komunikabideetan, ingurune digitalean, aisialdiko jardueretan eta abarretan eragin behar da, modu koordinatuan eta determinazioz. Egiturazko aldaketak ez dira etorriko aldaketa planifikatu askoren bidetik ez bada.

Oraingo inkestan ere, erabilerarik altuena umeen eta nagusien arteko solasaldietan ageri da. Zergatik? Haurrei mezu egokia ematen zaie jokabide horrekin?

Seguru asko gurasoen eraginagatik gertatzen da. Gurasoek badute, oro har, seme-alabei euskara erakusteko borondatea, eta nahi dute umeek euskara erabil dezaten. Horregatik egiten diete euskaraz. Horrez gain, jakina, ume batzuek beren inguruneagatik euskaraz aritzeko joera dute. Erabilera daturik baxuenak jaso ditugu nagusiak haurrik gabe ari direla. Hori da haurrek ikusi eta ikasiko duten eredua. Guraso elebidunen artean erdaraz aritzean ematen ari garen mezua da euskara umeena dela, ez helduena.

Multzo gero eta zabalagoa da euskara ulertzeko gai, nahiz ez hitz egin. Asko aipatzen da elkarrizketa elebidunen gaia. Sumatzen duzue halako jokabiderik?

Elkarrizketa elebidunetan, hiztunetako bat euskaraz ari da eta bestea erdaraz, modu ordenatuan. Hizkuntza alternantzian, aldiz, hiztun berak bi hizkuntza erabiltzen ditu elkarrizketa berean. Ez da komeni bi fenomenoak nahastea. Elkarrizketa elebidunak ez ditugu sistematikoki jaso. Metodoak mugak ditu horretarako. Hala ere, jaso dira batzuk, eta aurrera begira ikerketarako hipotesiak lantzen ari gara. Normalean elkarrizketa motzak dira, urri gertatzen dira eta guraso-haurren artean entzun ditugu batez ere.

Erabilera erdigunean jartzea askotan errepikatzen da. Zertan indar egin beharko litzateke?

Asko dira landu beharreko arloak. Aurretik aipatutakoez gain, badira beste batzuk: printzipio mailan, disimetria onartu behar da, euskararen gisako hizkuntza gutxiagotuaren alde aritzeko beharra, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen; plangintzan, nonahirako errezeta bakarraren formulazioa alboratzea, eta tokian tokiko baldintza soziolinguistikoen arabera jokatzea; harreman sareetako hizkuntza arauak eta ohiturak lantzea, ikerketa aplikatuen haritik; ahozko jardunean trebatzeko formazioa lantzea; euskararen prestigioa indartzeko ahalegina egitea; erabilera formalean eta administrazioan hizkuntza eskubideen berme erabatekoa, eta ikerkuntza eta pedagogia soziolinguistikoa sustatu beharra.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak