Albistea entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Marian Beitialarrangoitia. EH Bilduko Gipuzkoako diputatua

«Badago aukera beste gehiengo batzuk artikulatuz joateko»

Beitialarrangoitiak uste du igandeko hauteskundeen emaitzak ongi aztertuz gero badaudela zantzuak berriro «altxatu» eta etorkizuneko bidea«indartzeko». Etxe barruan egin beharreko lana dela dio.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2015eko abenduak 22

EH Bilduk igandean jasotako kolpeaz autokritika egin du Marian Beitialarrangoitiak (Legazpi, Gipuzkoa, 1968). Uste du koalizioa ez dela kapaz izan ongi azaltzeko bozen garrantzia Euskal Herriko ikuspegitik. Epe motzean erabakiak hartu beharko direla dio.

EH Bilduren emaitzak espero zenituen?

Inolaz ere ez. Gure kalkulurik ezkorrenek ere ez gintuzten bi ordezkarirekin uzten Madrilen. Oso kontziente ginen duela lau urte oso egoera berezi batean iritsi ginela Kongresuko hauteskundeetara, eta azkenengo bozetan esan genuen prozesu bat irekitzen genuela autokritikatik hasita etorkizuneko EH Bildu indartsu bat egiteko. Halaber, jabetzen ginen zailtasunak izan genitzakeela Madrilgo bozak Euskal Herrirako zein garrantzitsuak diren azaltzeko. Baina garbi dago jende batek ez dituela boz hauek guk ulertzen genituen klabean ulertu, eta ez garela gure mezua emateko kapaz izan. Gizartearen zati batek Estatu mailako klabeetan ulertu du eta pentsatu du eraginkorragoa zela momentu honetan Estatuan aldaketa ekar dezakeen indar baten alde egitea, hemen aldaketaren alde egin dugunon aldeko apustua egitea baino. Horregatik diogu inolako aitzakiarik gabe emaitza txarrak direla.

Estatu ikuspegiaz harago, zein beste aldagaik eragin dute EH Bilduren boto galeran?

Azterketa sakon bat egin beharko dugu, beti egoten direlako aldagai bat baino gehiago. Egia da gu hiru ardatz nagusirekin joan garela hauteskundeetara eta hiru ardatz nagusi horietan Ahal Dugu ahalegindu dela EH Bildutik gertu egon zitekeen mezua ematen. Batetik, eraldaketa sozialean. Guk erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugunean ez dugu klabe identitario-abertzale batean soilik egiten, klabe sozialean ere hitz egiten dugu. Erabaki txikiak eta handiak hartu nahi ditugu, gure oraina eta etorkizuna erabaki nahi ditugu; eraldaketa sozialaz ari naiz, pentsio sistemaz, lan erreformaz... Saiatu gara klabe sozialean ere hitz egiten, baina bistan da ez dugula lortu jendeak hori ulertzea. Uste dugu Euskal Herrian lortu daitezkeela horretarako gehiengoak, eta Madrilen ikusita zein panorama irekia gelditu den, Podemosek oso nekeza du urratsak egitea gehiengoak artikulatzeko. Gauza bera esan dezaket gatazkaren ondorioen konponbideari dagokionez. Eta, hirugarrenik, Podemosek erabakitzeko eskubidearen alde egin du, baina Konstituzioaren erreforma baten bidez lortu nahi du. Eta Estatuan gauzak geratu diren moduan, aldaketa hori nekez etorriko da.

EH Bilduren emaitzak abiapuntu txarra dira EAEko bozei begira?

Emaitza txar batzuk inoiz ez dira abiapuntu on bat, baina badaude zantzu batzuk ongi irakurtzen asmatzen badugu abiapuntua izan daitezkeenak etorkizunean zer landu behar dugun aztertzeko, berriro altxatzeko eta gure bidea indartzeko. Batetik, bi heren erabakitzeko eskubidearen eta konponbidearen alde gaude, programei begiratuta bederen. Eta bestetik, aldaketa sozialaren alde inoiz egon ez den gehiengo bat dago. Alde txar guztiak baztertu gabe, Euskal Herriaren egoerari begira finkatu dira oinarri batzuk eta horiek ongi irakurtzen jakin behar dugu. Neurri handi batean etxe barrura egin behar dugu ariketa hori, gure esku dagoelako egoera honi buelta ematea. Egia da hauteskunde bakoitzak bere gakoak dituela, baina hori ezin da aitzakia izan pentsatzeko urtebete barru gauzak ezberdinak izango direla. Hala ere, badago aukera beste gehiengo batzuk artikulatuz joateko eta beste politiken norabidean urratsak egiteko.

Koalizioaren barruko orekan eragin dezakete emaitza hauek?

Argi dago koalizioak ardura bat daukala eta bere baitan duen aniztasun hori ongi jaso behar dugula. Eta horrek eraman behar gaitu erabaki batzuk hartzera, baina oraindik goiz da erabaki horiek nondik hartu behar diren jakiteko. Guk jarraitzen dugu pentsatzen EH Bildu gehiago behar dugula, horregatik eskatzen diogu gure familia politikoari konfiantza eta denbora; maiatzetik hasiak gara autokritika bat egiten, baina ez dugu denborarik izan oraindik erabaki guztiak hartzeko. Atzokoaren [herenegun] ostean, erabaki gehiago hartu beharko dira epe motzean.

Bi diputatu izango zarete Madrilen. Zein aukera duzue han eragiteko?

Aztertu behar dugu hurrengo lau urteetan Madrilen egingo duguna. EH Bilduk proposatzen duen bidearen defentsa babes gutxiagorekin egingo dugu, baina lehen bezain ozen. Argi dago gure ordezkaritza maila aldatuko dela, baina ez gure helburua. Talde txikia gara, baina gure mezua lehen bezain ozen esateko moduan gaude.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Uxue Barkos eta Maria Txibite, artxiboko irudi batean ©Jesus Diges / EFE

Foru Hobekuntza osatzera deitu du Txibitek, eta Barkosek ituna berritu nahi du

Jon O. Urain

Nafarroaren Egunaren bezperan, gobernuko bi alderdiak ez datoz bat herrialde horretako esparru juridikoak eduki beharreko garapenaz. Txibitek oharra egin du: PSNk ez du Esparza lehendakari jarriko.

Hainbat gaztek biribilgune bat moztu dute Bergaran (Gipuzkoa), eta garraio publiko

Ernaik gazteen bizitza «duintzeko» eskatu du, zortzi ekintza deszentralizatu eginda

Berria

Besteak beste, EHUren Leioako campuseko errektoretza «blokeatu» eta Bergarako San Prudentzio auzoko biribilgunea moztu du gazte antolakundeak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.