Elena Cattaneo. Zientzialaria

«Agian gehiegi goratu zen zelula amen inguruko itxaropena»

Zelula ametan aditua da, Europako ikertzaile ospetsuenetariko bat. Lana ez du laborategiko ikerketetan ahitzen, eta gogoeta franko egina da gizartearen eta zientziaren arteko harremanez: zubiak eraiki nahian.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2015eko urtarrilak 3
«Pasioa». Agertu behar zuen hitzak. «Zure ondokoek ondo ulertu behar dute zein den zure pasioa». Zientzialaria da Elena Cattaneo (1964, Milan, Italia), eta ikerketaren inguruan ardaztu du bere bizitzaren zati handi bat. «Nire umeak, txikiagoak zirenean, laborategira eramaten nituen». Zelula amen inguruko ikerketetan aritzen da, eta batez ere Huntingtonen gaitzari buruzko aurkikuntzek egin dute ezagun. Donostian ibili zen Gabon aurreko astean, hainbat ekitalditan, Donostia International Physics Centerrek gonbidatuta.

Orain dela zenbait urte, erruz hitz egiten zen zelula amei buruz, eta ekar zitzaketen onurei buruzko itxaropen handia plazaratu zen. Betetzen ari da?

Agian gehiegi goratu zen itxaropen hura. Segur aski, zientzialari zein hedabideek, biek, onura horiek eraman zituzten imajinazioaz harago zegoen eremu batzuetara. Zelula amak biologia dira, eta beste ezer baino lehen, asko ikasi behar da; gaixotasunak, gainera, oso konplexuak dira, eta zelula amak ez dira magikoak. Gertatzen dena da, agian, ulertzeko oso kontzeptu erraza diruditela zelula amek; badirudi zelula amekin egindako pilula bat hartu eta dena konpon daitekeela. Baina, zinetan, gaur egun oraindik oso alor gutxitan dituzte zelula amek erabilera terapeutikoak. Esate baterako, gaixotasun hematopoietikoetan eta korneako hainbat eritasun osatzeko erabiltzen ari dira hainbat terapia. Baina saio klinikoak egiten hasi aurretik lan handia egin behar da, eta kontrol zorrotzak bete behar dira...

Italian gogor mintzatu zara zu, beste hainbat ikertzailerekin batera, Stamina metodoa deituaren aurka. Ohartarazi duzue ezin dela onartu ikerketaren fase guztiak kontrol zorrotzekin bete ez duen terapiarik, eta terapia hori iruzur hutsa dela. Horrelakoen kezka duzue?

Bai,niretzat zelula amak aukera bikaina dira gure fisiologiaz, gure ehunez gehiago jakiteko. Baina poliki-poliki joan behar da, esperantza faltsurik eman gabe; bestela, urratzen den bideak eskuetan eztanda egin diezaguke. Nahasmendu neurologikoak oso-oso konplexuak dira; milioika eta milioika neurona ditugu, eta konexio pila bat dute beren artean. Ehun horiek hondatzen direnean nola birsor daitezkeen esatea oso-oso zaila da. Aldiz, gaixotasun horien artean, parkinsona oso egokia izan daiteke zelulen ordezkatzea landuz joateko, neurona klase bakar bati erreparatu behar zaiolako: dopaminarekin lotutakoei. Eta zientzialariek badakite zehazki garuneko zein tokitan dauden zelula horiek; beraz, askoz ere errazagoa da hor lan egitea... Baina ikerketa bakoitzaren atzean, ezinbestekoa da urte askotako lana, eta, esaterako, parkinsonean egin ahal izateak ez du esan nahi antzera joka daitekeenik Alzheimerren edo Huntingtonen gaixotasunekin.

Enbrioietatik hartutako zelula amak, ala ehun helduetatik erauzitakoak: orain dela zenbait urte, eztabaida galanta sortu zen horren inguruan. Enbrioietako zelulekin ikerketaren alde azaldu zara zu sarritan...

Zientzialaria naiz, eta herrialde katoliko batean bizi naiz, eta, jakina, zientzialariok ere bagara gogoeta sakonak egiteko gai; nire ustetan, etikoki guztiz zuzena da enbrioietako zelula amak erabiltzea neuronak edo beste edozein ehun lortzen saiatzeko. Etorkizunean erabilgarri izan badaitezke, nik gaixotasunak osatzen lagun dezaketen bide guztiak jorratu behar ditut. Beti esaten dut nire bizitzaren amaieran norbait ibiliko dela niri galdezka, eta nire ardurak bete behar ditut. Guk, esaterako, Italian lan egin dezakegu enbrioietatik erauzitako zelula amekin, baina inportatuak izan behar dute zelula horiek; ezin ditugu guk erauzi. Halakoxea da Italiako hipokrisia.

Usu esan duzu zubi sendoagoak nahiko zenituzkeela zientziaren eta politikarien artean. Zu zeu Italiako senataria zara, 2013an bizi osorako senatari izendatu baitzintuzten. Zer moduz laborategitik at?

Nire ikuspegia da ebidentzietatik, errealitatetik at daudela usu instituzioak, baita herritarrak ere. Politika, zalantzarik gabe, jardunbide garrantzitsua da, baina, nire ustez, garrantzi handikoa litzateke zientziarekin, medikuntzarekin edo osasunarekin lotura duten lege berriak egitean ebidentziei erreparatzea. Politikariak, sarri, boto bila dabiltzala iruditzen zait, eta hortik datorrela bi munduen arteko urruntzea. Nik, esaterako, Italiako historiari erreparatzen diot maiz, eta, paradoxa badirudi ere, iruditzen zait XIX. gizaldiaren hasieran benetan aintzakotzat hartu zirela gizartean zeuden arazoak, eta konpondu egin zirela. Elikagai falta eta izurriak, adibidez, arazo larriak ziren sasoi hartan. Aurre egin zitzaien garai hartan erregeak senatariak izendatu zituenean horietako %20 zientzialariak zirelako, asko epidemiologoak, eta haiek bazekitelako zein ziren benetako eragozpenak, eta parlamentuan haiei entzunez egin zirelako legeak.

Baina zientziaren garapena zedarritu behar da nolabait ere, ezta? Ez da mugarik jarri behar?

Ez zait esaldi hori gustatzen. Zientziak ezin du mugarik izan. Nik, zientzialari moduan, norabide guztiak jorratu nahi ditut: libre izan nahi dut dena jakiteko. Baina gero, egia da, zientziaren aurrerapenak ezartzea eztabaidatu egin behar dela. Arazoa iruditzen zait sarri askotan zientzialariok eztabaida horietatik kanpo geratzen garela, eta nik eztabaidaren parte izan nahi dut. Bestela, arriskua da hartzen diren erabakiek ebidentziak ez izatea oinarri.

Herritarrentzat ere sarri ez dira erraz ulertzen zientzialarien hainbat jarrera eta jokamolde. Badira gatazkak: berriki, esaterako, talde animalistek zure kontra egin dute. Hor ere, ezinbestean, zubi berriak eraiki behar direla diozu. Nola jokatu?

Ebidentziari begiratu behar zaio berriro ere, aurrez aurre: errealitateari. Nik ez dut zientzialari bakar bat ezagutzen animaliekin ikerketak egitean pozik dagoenik. Gogorra da: zentzu guztietan. Eta soilik premiazkoak direnean egiten ditugu horrelakoak. Baina, egun, ez dago jarduera horiek ordezkatzeko biderik; ondorioa ikerketak geratzea litzateke, lanari uztea. Gero egia da, hala ere, konfiantza landu behar dugula herritarrekin. Zientzialarien akatsetako bat da usu mintzo garela egia gurea balitz bezala...

Eta ez al da, bada? Ez al diozu ebidentzien jabe zuek zaretela?

Bai, baina egia hori komunikatzeko modua hobetu behar da. Zientzialarien artean oso zabalduta dago nartzisismoa... Jende xelebrea gara zientzialariok ere. Askotan harropuzkeriaz esaten dugu egiaren jabe garela. Gehiago hitz egin beharko genuke gure beldurrei buruz ere. Iruditzen zait lortuko genukeela elkarrengatik gertuago sentitzea, denok baikara pertsona. Eta gero giltzarri da, era berean, herritarrak zientzia gaietan heztea: eskolako urteetatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna