Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Gizartearentzat ona da gatazka politikoa; aurrera garamatza»

Publizitatea

Politika

Egoitz Gago. Unibertsitate irakaslea Kolonbian

«Gizartearentzat ona da gatazka politikoa; aurrera garamatza»

Euskal Herria eta Kolonbia, bi bake prozesuak landu ditu Gagok bere jardunbidean. Bere azkeneko lanean, hizpide izan ditu indarkeriaren aurkako mugimenduek euskal gatazkan izan duten tokia.
Argazkia: BERRIA

2017-08-11 / Iosu Alberdi

Egoitz Gagok Zientzia Politikoetan lizentzia lortu zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Bakerako Ikasketetan doktoretza Bradfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Egun, Kolonbian dabil irakasle, Bogotako Jorge Tadeo Lozano Unibertsitatean. Euskal Herriko eta Kolonbiako bake prozesuak aztertu ditu Gagok. Lehenaren inguruan, liburu bat atera berri du, euskal gizartearen parte hartzea aztertuz: La contribución social a la paz en Euskadi (Los Libros de la Catarata, 2017) —Bakerako gizarte ekarpena Euskadin—. Irakaslearen ustez, gizarteak, aurrera egin dezan, «beharrezkoa» du gatazka, «baina biolentzia baztertuz».

Gizarte mugimenduek zein rol izan dute eta jokatzen dute gaur egun euskal gatazkaren konponbidean?

Erakunde sozialek biolentziaren erabileraren aurka egin dute Euskal Herrian. Eta beren helburuak lortuz joan dira pixkanaka, gizartea itzuliz joan delako politika ikusteko era tradizionalera. Biolentzia politikoaren ikuspegia desagertu da, ez guztiz, baina bidean doa. Gainera, biolentzia ez da normala Euskal Herriko errealitatean, jendeak batzuetan hala uste arren. Euskal Herriko historiako denbora tarte jakin baten ondorio da biolentzia.

Eta nola azalduko zenuke egungo egoera. Hau al da bakea?

Gizarteetan gatazka gertatzen da, eta hori ona da parte hartze demokratikoaren barnean ematen bada. Euskal Herrian ere hor dago gatazka, baina normalizazioa politikoaren bidean gaude. Pausoak daude emateko. Politikoki egin beharreko horien artean geratzen dira, adibidez, espetxe politikaren aldaketa.

Oraindik ere gizarte taldeek bultzatzen dituzte instituzioak pausoak ematera. ETAren armagabetze prozesuan hala izan zen, adibidez, eta presoen gaian ere ari dira. Zein iritzi duzu egindako lanari buruz?

Euskal kasua deiturikoa interesgarria da. Interesgarria da aztertzea zer-nolako eragina izan duen talde horien lanak, ez horrenbeste Espainiako Gobernuan, baina bai Frantziakoan. Bereziki interesgarria da porrot eginiko aurreko negoziazioetatik hona nola iritsi den prozesua. Azken negoziazioa izan zen negoziatzean egin behar ez denaren adibidea. Halere, bakearen eraikuntzan arrakasta bat izan da. Eta hori gertatu da, hein handi batean, gizarteari esker, gizarteak biolentziari zilegitasuna kendu diolako.

Kolonbian zaude zu, zerk desberdintzen ditu hango eta Euskal Herriko kasuak?

Euskal Herriko kasuak berezitasun batzuk ditu. Ongizate estatuaren egiturak daude Euskal Herrian: badirudi ez dela garrantzitsua, baina bada. Kolonbia, aldiz, desegituratuta dago, politikoki eta gizarte mailan. Desparekotasun indize altuenetako bat duen herrialdea da, pobrezia handiarekin. Elite batzuk dute indar politiko eta ekonomiko guztia. Ez dago alderdi berririk, eta, sortuz gero, biolentziaren bidez desagerrarazten dira. Kolonbian biolentziak funtzionatzen du oraindik.

Alderdi politiko berriak diozu. Zertan lagun dezake horrek bake prozesu batean?

Euskal Herrian ikusi da. Kolonbian, esaterako, EH Bilduren adibidea mahai gainean dago, FARCetik orain sortuko den alderdi politikoa aztertzeko. EH Bilduk biolentzia alde batera utzi eta arrakasta politikoak lortu izanak zerikusia du horrekin.

Eta gizartearen parte hartzeari dagokionez, zein ezberdintasun daude?

Kolonbiako gizarteak askoz motibazio gutxiago du, zatituago dago euskal gizartearekin alderatuz gero. Beraz, oso zaila da gizartea laguntzaile bezala hartzea. Horregatik, kolpe politikoetan egiten da dena. Ekintza kolektiboko sarerik ez dago gatazkaren konponbidearen inguruan. Ez Euskal Herrian bezala, non gizarte sare indartsuak dauden, ideia politikoen katalizatzaile gisa funtziona dezaketenak. Aurretik ere, Euskal Herrian bazeuden mekanismoak, eta gizarteak barneratuta zuen biolentzia politikoak jada ez zuela emaitzarik ematen. Kolonbian zailagoa da hori, hemen biolentzia ez da ekintza politikoa bakarrik, bizitzeko era bat ere bada. Dirua ematen du. Kolonbiako gizartea ulertuz joan behar da biolentzia ez dela ona.

Kolonbian, gizartea zatituta egon arren, gobernuak pauso ugari eman ditu akordioa lortzeko. Espainiako Gobernuak, berriz, ez du pausorik eman nahi bake prozesuan.

Espainiako Gobernuan beste alderdi bat egongo balitz ezberdin izango litzateke. Espainia ustelaren azken ordezkarietako bat da presidentea [Mariano Rajoy, PP]. Tristea da Espainian eta Euskal Herrian normalizazioaren alde egin nahi ez duen alderdi bakarra Alderdi Popularra izatea. Botere judizialean dituen bere tentakuluak ere erabiltzen ditu horretarako. Inaktibitate hori pena bat da, urrats asko egiteko aukera kentzen baitu.

Zergatik gertatzen da hori?

Jar gaitezen estrategia politikoei begira: ez dute ezer egiten horrela gauzak ondo doazelako. PPk honako hau pentsatzen du: «Egiteak niri ez dit etekin politikorik ematen; beraz, ez dut egin behar». Emaitza politikoei begiratuz gero, euskal politikan barneratu den adostasunaren bidean PP da kanpo geratzen den alderdi politiko bakarra. Euskal hauteskundeetan ikusten da hori. Eta Espainian PPren gobernuak benetan prozesuan zirrara sortuko lukeen zerbait egin nahiko balu, erraza izango luke: espetxe sistema aldatzea. Biolentziaren garaitik geratzen den azken zirrikitua da presoak gerturatzea. Hori da, egun, katearen maila ahul bakarra. Gainera, egungo legeak betetzea besterik ez da egin behar hori aldatzeko.

Zein uste duzu izan behar direla euskal gizartearen hurrengo helburuak?

Normalizazioa erlazio politikoetan. Batez ere, herri mailan, lagunen artean... Ez dira ideia politikoak alde batera utzi behar, baina gai izan behar gara bestea suntsitu gabe nork bere ideiak defendatzeko. Etsaiak aurkari bihurtu behar ditugu. Etsaia da zure identitate politikoa defendatzeko suntsitu behar duzuna. Aurkariarekin, berriz, batera bizi zaitezke, nahiz eta erlazio ona ez izan.

Beraz, gatazka politikoa, neurri batean, beharrezko da zure ustez.

Gatazka politikoa ona da gizartearentzat, aurrera garamatzana da. Feudalismotik gaur egunera eraman gaituena da, Karl Marxek ongi azaltzen du bere liburuetan. Beti egon da euskal nazioaren eta Gaztelako, Espainiako eta Frantziako nazioen artean gatazka. Gatazka transformatzailea da, eta hori mantendu behar da, baina biolentzia helburu politikoetarako erabiltzea utzita. Biolentziak helburu politikoetarako funtzionatzen du gatazkan aurrera egiteko gure tresnak erasoak direnean. Horrek eragin zuen ETAren sorrera. Baina ez ETArena bakarrik; gizarteko arlo guztietan izan zuen eragina horrek. ETA ez zen joaten zure auzora norekin hitz egin eta norekin ez esatera, baina biolentzia maila guztietara zabaldua zegoen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak