Rossano Ercolini. Zero Waste Europeko presidentea

«Zorigaiztoko akats bat egingo dute Gipuzkoan agintariek»

Pozik da, zero zabor mugimendua Europan gero eta errotuago ikusten duelako; horregatik, Gipuzkoara egin berri duen bisitan asaldatuta jaso ditu errauste planta egiteko proiektuari buruzko azken albisteak.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2016ko maiatzak 11
Beldurrik gabe ematen du jaiotza urtea Rossano Ercolinik: Capannorin, Italian, 1955ean. Urteen joanak bere hitzei aitortza handiagoa ematen dien sentimendua du. Zero Waste Europe elkarteko presidentea da, zero zabor mugimenduko ahots ozenenetarikoa, eta, «idealista» dela sarriegi entzun behar izan badu ere, urteekin, eta mugimendu horren inguruan izan diren esperientzien emaitza egokiekin, zabaltzen dituen mezuak gero eta irmoago errotzen direla iruditzen zaio. 2013. urtean, esaterako, Goldman Price sari ospetsua jaso zuen. Euskal Herrian izan da iragan asteburuan, Gipuzkoan —Hernanin eta Usurbilen; lehendik ere ezagunak ditu biak— hondakinak gaika biltzeko sistemetan berriki egin diren hobekuntzak aztertzen. Hitzaldi bat ere eman du Hernanin.

Gipuzkoan zara bisitan berriro. Eta hondakinen kudeaketaren gaiak bizi-bizi jarraitzen du herrialdean. Bertako erakundeek beste urrats bat egin berri dute errauste planta bat eraikitzeko: obrak berehala hasi nahi dituzte. Europe Zero Waste elkartearen talaiatik zer-nola jasotzen dituzue tankerako albisteak?

Gipuzkoan agintariek zorigaiztoko akats bat egingo dutela iruditzen zait; Europan nik ikusten dudana da errausketa iragana dela. Alemaniak, esaterako, milioika zabor tona inportatzen ditu Erresuma Batutik. Erresuma Batuan ez dute nahi errausketarik; ordezko aukerak proposatzen ari dira. Alemaniako errauste plantek, ordea, zaborra behar dute. Argi izan behar da errausketak ordezko bideak eragotzi egiten dituela. Argi ikusi behar dute hori agintariek, eta, horregatik, hain zuzen ere, ez zaio biderik egin behar errausketari. Ordezko hautuak posible badira, zergatik ez eman bidea horien alde ari diren komunitateei? Eta ordezko aukerak posible dira: Hernani da, esate baterako, horren adibide bat. Eta gehiago ere badira Europan; esaterako, Ljubljanan [Eslovenia] izan naiz, Europako Hiri Berdea da, eta han zero zabor bidea hautatu dute. Udaletxearen egoitzara gonbidatua izateko ohorea izan nuen, eta alkateak harro aski adierazi zidan zero zabor bidea hautatu dutela errausketarenaren ordez. Izan ere, han ere errauste planta bat jartzeko asmoa zuten, baina debate sakon bat izan dute alor zientifikoan, herri mailan, eta aurkitu duten irtenbidea izan da ez dela erre behar: zero zaborra dela bidea.

Errauste plantaren alde ari diren agintariek usu errepikatzen dute Europako hiri garrantzitsuetan badirela errauste plantak hirien bihotzetan, eta ez daukala inolako arriskurik horrek...

Hori 1990eko hamarraldiko huts bat izan zen. Horrelako kasuak badira; Vienan, adibidez. Baina lehenagotik ere azaldu dut: Alemanian, esaterako, zaborra inportatzen ari dira. Eta Herbehereetan ere bai; Rotterdamen, adibidez. Napoliko [Italia] kasua ongi ezagutzen dut: zaborra itsasontziz Rotterdamera bidaltzea merkeagoa da haientzat, ondoko errauste planta batera bidaltzea baino. Eta hori gertatzen da Rotterdamekoa oso errauste planta handia delako, eta zaborra behar duelako. Mezu horixe nabarmendu behar da: errausketa ez da sistema malgu bat, eta errauste planta bat egiten baduzu, etorkizunarekin konexioa galtzen duzu. Zero zabor sistemek, ordea, malgutasuna sustatzen dute.

Lanpostuak ere sortuko dituztela defendatzen duzu. Asko?

Jende gazteak aukerak behar ditu, eta hondakinak birziklatu, urritu eta berrerabiltzeko sistemak lanpostuak ekarriko ditu. Diru asko erabiltzen badugu errauste plantak eraikitzen, diru hori enpresentzat izango da: tokiko komunitateetatik lekora doa. Zero zabor sistema, hain justu, demokraziaren akuilua da. Eta agintariek tokiko komunitateak sustatu behar dituzte, ez negozioak.

Zenbateraino ikusten duzu errotuta zero zabor ikuspegia Europan?

Ni aurrekoan [2010] Hernanin egon nintzenean, 25 herri zeuden Italian zero zabor bidean sartuta; gaur egun, 226 udal dira. Alkate asko ari dira bide horren alde, talde politiko ezberdinetakoak. Haiexek dira tokiko komunitateetatik gertuen daudenak, eta haiek ulertzen dituzte, segur aski, gertukoenen kezkak. Gainera, ez da idealismoa bakarrik, behar dugu grina hori, jakina, baina pragmatismoa ere bada; izan ere, etorkizunari begiratu behar diogu, baina egunean-egunean sortzen diren arazoei ere irtenbidea bilatu behar zaie. Eta Hernani da horren adibide bat. Eta Hernanik, esaterako, Capannoritik ikas dezake, eta orain hara itzultzen naizenean, akaso hango alkateak ere kopiatu egingo du zerbait Hernaniko sistematik. Zero zabor errepublika da eratzen ari dena, Europa zeharkatzen.

Eta norabide egokian gero eta urrats gehiago ikusten dituzu?

Zero zabor mugimendua sendotzen ari da. Europa osoan: egunez egun. Bi aste barru, Capannorin Europa mailako ekitaldi bat izango dugu, Town to town, people to people izena du, Europan gero eta komunitate gehiago ari baitira zero zabor praktikak hartzen. Eta lasterketa bat dago hor: lehenengoa nor izango. Esaterako, Ljubljana zero zabor politikak hartzen hasi bada, zergatik ezin da hasi hori bera egiten Donostia?

GuraSOS elkartea aurkeztu dute asteburu honetan, errausketaren osasun arriskuez ohartarazteko. Bide hori ere hor da, ezta?

Errausketa iragana da, XIX. gizalditik datorren bide bat; ez du zaborra desagerrarazten, transformatu egiten du osasunarentzat arriskutsu diren nanopartikuletan. Zergatik hautatu akats bat?

Europako Batasunak ekonomia zirkularrari lekua egin dio azken araudian. Lagungarria al da?

Bai, bai. 2012an, Janiz Potocniken garaian [Ingurumen komisarioa, 2010-2014 aldian] argiagoa izan zen proposamena, izenburuaren parte zen orduan zero zabor. Orain aldatu egin da hori. Nolanahi ere, mezua bera da: inbertitu behar da gehiago giza baliabideetan, makinetan baino. Krisian gaude, eta lanpostuak behar ditugu, eta birziklapenerako plan nazionalek milaka lanpostu ekar ditzakete. Zergatik ez dute agintariek horren alde egin nahi? Hernani eta Usurbil erakusten ari zaizkigu usu komunitateak aurreratuago daudela politikariak baino. Norabide egokia erakusten ari zaizkigu; etsenplu izan behar lukete. Zergatik ireki gatazka bat tokiko komunitateen aurka?

Gipuzkoan, hain zuzen ere, gatazka handia sortu da gaiaren inguruan. Ohikoak dira halakoak?

Zero zaborrek behetik gora egiten du: demokrazia da. Aurreko gizaldian, klase gatazka zen nagusi; egun, ez dakit gatazka hori baden, ez den, edo era ezberdin batean den. Baina behetik gora datorren demokraziaren eta korporazioen demokraziaren artean dago dema. Zero zabor errepublika, ordea, handitzen ari da, eta politikariei esan behar diegu gehiengoa garela: behetik gora.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna