Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Ebaluazioan ardura guztia ikaslearengan jartzea ez da zilegi»

Publizitatea

Gizartea

Alex Barandiaran. Huheziko irakaslea

«Ebaluazioan ardura guztia ikaslearengan jartzea ez da zilegi»

Egungo hezkuntza ereduarekin kritikoa da Barandiaran. Uste du indarrean dagoen ebaluatzeko moduarekin ikasleak «sailkatu» egiten direla. «Aurrez ezarritako neurri batera ailegatu behar dira ikasleak».
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-03-21 / Mikel Rodriguez

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko (Huhezi) irakaslea da Alex Barandiaran (Galdakao, Bizkaia, 1968). Psikologian doktorea da, eta Haur Hezkuntza ikertzen duen Hazitegi ikerketa taldeko kidea da. Aditu gisa parte hartu zuen LAB sindikatuak joan den larunbatean ebaluazioari buruz Hernanin (Gipuzkoa) antolatu zituen jardunaldietan, Egungo eredua irauliz, ebaluazio hezitzailea iruten izenburuarekin.

Maiz nahasten dira ebaluazioa eta kalifikazioa. Zein da bien arteko ezberdintasuna?

Ebaluazioa prozesu jarraitutzat jotzen bat da, ikaslearekiko elkarrekintzan ondorioak ateratzen ditugula. Ikuspuntu tradizionalean, ordea, aztertzen dugu ikasleak ea bete dituen guk aurrez ezarritako helburuak; hau da, kalifikatu egiten dugu. Pentsatu izan da ebaluazioan prozesu guztian gertatzen dena aztertu behar dela, ikaslea egokitzen den ikusteko, zehaztapenak edo aldaketak egin behar ote diren ikusteko, eta, azken finean, irakaslearen lana ere egokitzeko.

Zein da gaur egun ebaluatzeko eredu nagusia?

Aurrez ezarritako neurri batera ailegatu behar dira ikasleak, eta, ondoren, ailegatu diren edo ez ebaluatzen dugu. Azken produktuari begiratzen zaio, eta produktu hori irakasleon menpe egon ohi da: ikaslea gai dela esaten dugu, edo ez dela gai.

Zer-nolako ondorioak sortzen ditu sistema horrek?

Lehen ondorioa desoreka bat da. Ez dugu kontuan hartzen ikaslea non dagoen, eta, jarri dugun helburuaren arabera, gerta daiteke ume batzuek ez lortzea. Horrek zer sortzen du? Ikasleak errudun sentitzea. Guk ez dugu zalantzan jartzen eskatu dugun maila hori, eta ondorioak ikasleak pairatzen ditu. Beraz, erruduna ikaslea da ez duelako lortu eskatu diogun hori. Horrek bere buruarekiko irudi negatiboa sor diezaioke. Esaten diogu ez dela gai izan, eta, horrela, ikasleak sailkatu egiten ditugu. Agian gaitasunetan ez dago halako ezberdintasunik, agian erritmoetan dago ezberdintasuna, baina planteatzen dugun moduaren arabera, ikasle batzuk baztertu egiten ditugu, eta beren buruarekiko irudi negatiboa sortzen badute, etorkizunean eragin diezaieke.

Balio dutenak eta ez dutenak balio bereizten dira?

Gure garaian balio zutenak unibertsitatera joaten ziren, eta besteak, Lanbide Heziketara. Orain, Lanbide Heziketak askoz ere irudi hobea dauka, baina gure garaian gurasoei esaten zitzaien «zure semeak ez du balio ikasteko», eta Lanbide Heziketara bideratzen zen. Nik uste dut sailkapen hori ez dela bidezkoa; ez da zilegi ardura guztia ikaslearengan jartzea. Ez badu guk proposatutakoa lortzen, ikaslea jartzen dugu zalantzan, ez geure burua.

Sistema horrek badu alternatibarik?

Uste dut ez dagoela alternatibarik gorpuztuta, baina bada garaia planteatzeko. Betiko kontraesana da ebaluazioarekin ez gaudela hain eroso, ikusten dugu hainbat ikaslek gaitasuna badutela, baina neurtzen ditugunean eta ez dituztenean emaitzak lortzen, ez dugu beste irtenbiderik, eta hori kalifikatzen dugu. Baina aldaketa bat planteatzeko, hezkuntza sistema osoa berrikusi beharko litzateke; hau da, eskola curriculuma, irakasleon jarduteko moduak... eta ez dakit orain prest gauden horretarako.

Hezkuntza kate osoari eragin beharko lioke aldaketak?

Guztiari, baina erresistentzia indartsu bat dagoela uste dut. Hezkuntza sistema osoa ezbaian jartzen baduzu, sustraietatik hasi beharko ginateke zalantzan jartzen. Horrek ekarri beharko luke eskolaren berrantolaketa bat, eta aldaketa guztiek eragiten dituzten zalantzak kudeatzea ez da erraza. Aldaketa egin beharko genuke zentratzeko ikaslearen ongizatean eta zoriontasunean. Sistema honek onenak bilatzen ditu; onenak, maila kognitiboan. Baina, gainera, ikusten ari gara hori ere ez dela nahikoa, jakite hutsak ez baitu eramaten egiten jakitera.

Espainiako LOMCE erreformak eta Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planak nola eragin diote ebaluazioari?

Ez dute aldaketa handirik eragin. Berdin pentsatzen jarraitzen dugu, irteerako profil horiek jartzen ditugu, eta jarraitzen dugu bidean hainbat pertsona uzten. Ebaluazioa aitzakia izan daiteke sistema guztiari buruz hausnartzeko. Maila kognitibo batean onenak direnak hartu nahi badituzu, agian sistema hau da egokiena, baina, pertsonaren garapena bultzatu nahi baduzu, sistema honek ez du hori bermatzen. Azkenean, galdera da: hezkuntza zertarako da? Hezkuntza baldin bada sistema produktibo honi irtenbidea ematea, eta balio dutenak eta ez dutenak balio banatzeko, agian interesgarria da horrela jarraitzea. Baina pentsatzen dugunok inportanteena pertsona dela, ez dugu horrela jarraitu nahi. Bi eredu ezberdin dira.

PISA txostenak hautsak harrotu ditu azkenaldian. Gero eta eragin handiagoa al dute gisa horretako kanpo ebaluazioek?

Nik uste dut baietz, baina zein daude horien atzean? Eliteak baldin badaude, eliteek agintzen badute hezkuntzan, eta ikasleen modu bateko profilak nahi badituzte, pertsonak modu horretara moldatzen saiatuko dira. Hortaz, eskatutako maila ematen ez dutenak alboratu egingo dituzte; «bilatuko diegu irtenbide bat, baina esango diegu sistema produktiborako ez direla oso gai». Horregatik, uste dut horiei kasu egitea ez dela oso egokia. Lehiaketa batean sartzea da, eta horrek biktima bihurtzen du ikaslea.

Irakasleak zer-nolako rola du oraingo sisteman? Zer egin dezake egoera aldatzeko?

Aldatzeko, lehenik eta behin gogoeta egin behar da: zein da gure asmoa? Zertarako gaude? Irakaslea banaiz, beste pertsona baten garapen prozesua laguntzen dut, haren beharrei eta garapenari adi egongo naiz, eta zer eskaini ahal diodan ikusi beharko dut. Baina, beste ereduarekin, epaile bat izan naiteke; «pertsona hau baliagarria da, eta beste hau ez da baliagarria» esaten duen epaile bat. Beraz, irakaslearen rola oso ezberdina izan daiteke. Hezkuntza pertsonen arteko harremanetan oinarritzen da, eta, irakasle gisa, hausnartu behar dut nik zer eskaintzen diodan ikasleari.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak