Petra Jebens. Arkitektoa

«Logelan ditugun gauzek gaixotzen gaituzte gehien»

Eraikinek eta ingurumenak «berebiziko» garrantzia dute berton bizi diren lagunen osasunean; haien arteko harremana ikertzen du bioarkitekturak, eta, diseinuaren bidez, haiek zaintzen saiatzen da.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Nagore Ares Amaya -

2015eko ekainak 10
Arkitekturak eragin handia izan dezake pertsonen umorean eta ongizatean, Petra Jebens arkitektoaren ustez (1952, Heidenheim, Alemania). Horregatik, pertsonen ongizatea hartzen du oinarri eraikinak diseinatzeko orduan. Uste du zeregin horretan jakituria handia duela arkitektura tradizionalak, eta, hala, tokian tokiko tradizioan oinarritzen den arkitektura mota bat erabiltzen du lan egiteko: bioarkitektura. Espainiako Baubiologia Institutuko presidentea da Hebens, eta institutuak eskaintzen duen Bioarkitektura masterraren koordinatzailea. Arrasaten (Gipuzkoa) izan berri da, XXI. mendeko etxebizitzen inguruko jardunaldietan.

Zer da bioarkitektura, eta zeintzuk dira oinarriak?

Hitza XX. mendekoa den arren, izendatzen duen kontzeptuak arkitektura tradizionala du oinarrian. Egun bilatzen ditugun eredu berei jarraitzen die arkitektura tradizionalak: besteak beste, tokian tokiko materialak erabiltzea eta klimaren araberako eraikinak sortzea. Arkitektura garaikideak, berriz, alde batera utzi du hori. Kristalez jositako eraikinak egiten dira, adibidez, eta ez da kontuan hartzen horrek udan ekarriko duen gehiegizko beroa. Urrunetik ekartzen dituzte, gainera, eta horrek arrasto ekologiko handia dauka. Guk tokian tokiko materialak erabiltzen ditugu, naturalagoak direnak: buztina, adreilua, zura...

Material horiek aurkitzeko zailtasunik ba al daukazue?

Ez da batere erraza. Saltzaileek industrian ohikoak diren materialak baino ez dituzte izaten salgai. Oso zaila da lehen ohikoak ziren lehengaiak topatzea. Bestetik, oso zaila da horiekin lan egiten dakiten profesionalak aurkitzea. Eremu honetan jakituria handia zegoen harria, zura eta adreiluak erabiltzeko, baina hori galdu egin da. Jakituria hori berreskuratzen saiatzen gara; lehendik belaunaldi askok egindakoari heltzen diogu, eta, hortik abiatuta, berritasunak sartzen ditugu. Bestetik, diseinua ere oso garrantzitsua da bioeraikuntzan, eta horrek osasunarekin duen harremana.

Zer eragin du diseinuak osasunean?

Proportzioak oso garrantzitsuak izan dira beti, bai arkitekturan, bai naturan. Guk, adibidez, urrezko zenbakiarekin egiten dugu lan [pi zenbakia]. Neurri horiek mantentzen dituzten eraikinak atseginagoak izaten dira, eta kalitate handikoak. Antzinako eraikin askok erabili dute zenbaki hori proportzioetan. Jakinduria horretan oinarritzen gara eraikinak diseinatzean, eta, bestetik, arkitektura garaikidean ohikoak direnak baino forma harmonikoagoak erabiltzen ditugu: eraikin kurbadunak egiten ditugu, ingurumenera egokituak.

Eta materialei dagokienez, eraginik ba al dute osasunean?

Aspaldi dakigu eraikuntzan ohikoagoak diren materialek osasun arazo asko sortzen dituztela. Orain dela berrogei urte sortu zen Alemanian Bioeraikuntzaren Institutua, material horiei lotuta ingurumen arazo larriak sortzen zirela ikusi zelako. Gaur egun, antzeko zerbait ikusten dugu; haur alergiadun asko daude, adibidez. Kasuak aztertzen ditugunean, zera ikusten dugu: horietako asko pinturei eta eraikuntza materialen emanazioei lotuta daudela; eremu elektrikoekin eta elektromagnetikoekin daukate zerikusia beste askok. Batez ere, logelan ditugun gauzek gaixotzen gaituzte gehien. Logela oso garrantzitsua da, atseden hartu eta indarrak berritzen ditugulako.

Autoeraikuntzaren inguruan hitz egin duzu; edonork eraiki dezake etxe bat? Ez al da arkitekto baten laguntzarik behar?

Posible da inolako esperientziarik gabe eraikitzea, baina gidatuko zaituen norbait behar duzu beti: batetik, legezkoa izateko egin beharreko guztia justifikatu behar dugulako; bestetik, eta hau oso garrantzitsua da, kalkulu egokiak egin behar ditugulako material horiek iraunkorrak izan daitezen.

Aurreiritzi asko al daude bioarkitekturak erabilitako teknika eta materialen inguruan?

Bai, batez ere materialen inguruan informazio gutxi dagoelako. Hormigoia, zementua eta burdina babestu ditu industriak, eta hala egin du unibertsitateetan arkitektoei eman dieten heziketak. Unibertsitateetan ez da gehiago irakasten arkitektura tradizionala, eta ez da horren inguruko ikerketa askorik egiten. Hori dela eta, aurreiritzi asko sortu dira.

Eta prezioei dagokienez, ba al dago aurreiritzirik?

Oso zabalduta dago bioeraikinak garestiak direlako ustea, baina ez da hala. Ohiko etxeak baino merkeagoak dira eraikitzen ditugun asko; batez ere, autoeraikuntzaren bidez lan egiten badugu, langileei ordaindu beharrekoan asko aurrezten dugulako. Materialak ere merkeagoak dira maiz, edo beste materialen prezio berekoak. Abantaila ugari dauzkagu mantentzeari dagokionez: etxeak oso ondo isolaturik daudenez, berogailua gutxiagotan piztu beharko dugu; bero egiten duenean, etxeak beroa hori ez gordetzeko prestatuak daudenez, ez dugu aire giroturik beharko. Asko aurrezten da hala.

Familia bakarreko etxeez gain, posible al da eraikin handiagoak egitea?

Jakina, bioarkitekturaz ari garenean, jendeak gehiago irudikatzen ditu familia bakarreko etxeak, baina etxe blokeak egin daitezke. Esaterako, eraikin bat egin dugu Zaragozako Unibertsitaterako [Espainia]. Kontua ez da egin daitezkeela bakarrik: egin egin behar direla esango nuke. Gure ustez, familiek, lagunek edo bestelako taldeek bat egin behar dute, eta haien eraikin propioa eraiki, haien auzoa, herria... Batak besteari lagundu diezaion eta komunitatean bizi daitezen, nork bere etxean, baina komunitate aktibo bat sortuz. Ekonomikoki eta sozialki oso interesgarria da hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna