Karlos Garcia Preciado. Preso ohia

«Oraindik ezin dut sinetsi hau dena horrela amaitu dela; ez naiz fio»

Italian preso eta Espainiara bidalia izateko zorian zegoela jakin du Garciak hamasei urteko kartzela zigorra kendu diola Espainiako Auzitegi Gorenak; hortaz, 1997an hasitako jazarraldia amaitu da, antza.
BERRIA

Gotzon Hermosilla -

2016ko otsailak 7
Urtarrilaren 28an askatu zuten Karlos Garcia Preciado preso andoaindarra Italian, han ia urtebete kartzelan egon ostean. Italiak onartu zuen presoa Espainiaratzeko eskaera, baina, azkenean, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin du, eta ezarria zioten hamasei urteko kartzela zigorra indarrik gabe utzi du.

Horrenbestez, amaitu da hamazortzi urteko amesgaiztoa, 1997ko abuztuan atxilotu zutenean hasitakoa. Erromako bere etxetik eta telefonoz erantzun die BERRIAren galderei.

Zer moduz zaude askatu berritan?

Ondo, etxean azkenik, nire familiarekin. Baina oraindik ez naiz fio, eta ezin dut sinetsi hau dena horrela amaitu dela. Abokatuek esaten didate ez kezkatzeko, baina ni ez naiz fio.

Denbora luzea eman duzu Italian.

Bai, 2001etik. 2000ko Gabonetan ezarri zidaten zigorra, eta 2001eko hasieratik hemen egon naiz.

Erroman zure bizimodua eginda zeneukan, zure emazte eta semearekin, baina 2015eko otsailaren 24an atxilotu zintuzten. Zer pentsatu zenuen orduan?

Egia esateko, hainbeste urte kanpoan eman ondoren, nik ezin nuen gehiago, eta sentitzen nuen aro hori bukatutzat eman behar nuela, eta hasia nintzen mugitzen nire egoera legeztatze aldera. Atxiloketa iritsi zenean, alde batetik, ezustekoa izan zen, nik ezer egin aurretik atzeman nindutelako, baina, beste aldetik, pentsatu nuen gertatu behar zuena gertatuko zela. Beste gauza askoren artean, gainetik pisu bat kentzea ere izan zen, azkenik berriro ere banuelako nire izena eta nire historia.

Gogorra al zen sasian bizitzea?

Oso, gauzarik txikiena ere sekulako abentura bilakatzen zelako. Umea jaio eta eskolan nortasun agiri faltsua eman behar duzu, jendeak zurea ez den beste izen batez ezagutzen zaitu... Oso zaila zen.

Kartzelan zeundela, Italiako agintariek zure estradizioa onartu zuten, joan den azaroan. Kolpe latza izan zen hura?

Nik horrelako zerbait espero nuen, ez nuen uste Italiak ezezkoa emango zionik Espainiaren eskaerari, badakidalako nolakoak diren estatuen arteko itunak. Nik denbora irabazi baino ez dut egin, pentsatzen nuelako hobe zela Italian ahalik eta denbora gehien ematea, emaztearengandik eta semearengandik gertu, eta neure burua prestatzen, zer gerta ere. Adibidez, kartzelan nengoela ezkondu egin naiz, Espainiara bidaltzekotan ez nuelako arazorik izan nahi emaztearen bisitekin-eta. Horri esker, denbora apur bat irabazi dut, baina pentsatzen nuen amaiera estradizioa izango zela.

Beraz, ezusteko handia izango zen jakitea Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egiten zintuela.

Erabatekoa. Pentsa: ostegunean [urtarrilaren 28an] askatu ninduten, eta bezperan, asteazkenean, emaztearen telegrama iritsi zitzaidan, esanez absolbitu nindutela eta burokrazia kontuak konpondu ostean aterako nintzela. Hasieran poztu nintzen, baina segituan pentsatu nuen txakurrak niri adarra jo nahian zebiltzala, eta ezin nuen sinetsi; zalantzan jartzen nuen telegrama emazteak idatzia ote zen ere.

Oraindik segitzen duzu mesfidantza horrekin?

Bai, oraindik ez naiz fio. Espainiako kontsulatuarekin tramiteak hasi ditut pasaportea lortzeko, agiririk ez baitaukat, eta ikusiko dugu pasaportea ematen ote diguten. Hori izango da lehenengo froga. Eta, gero, prentsaren bidez jakin dut, gainerako guztiek jakin duten bezala, Frantzian urtebeteko zigorra omen daukadala. Egoera oso nahasia da, ez dakigulako euroagindurik dagoen ala ez. Ez dugu ulertzen. Beraz, ikusiko dugu: lehenbizi, ea pasaportea ematen didaten, eta, hori lortuz gero, Euskal Herrira iristen naizenean ea arazorik gabe egon naitekeen edo norabait eramaten nauten.

Orduan, Euskal Herrira itzultzeko asmoa baduzu?

Nire asmoa da Erroman bizitzea, hemen dauzkadalako emaztea eta semea eta hamasei urte eman ditudalako berton, baina, pasaportea eskuratzen badut, zalantzarik gabe, salto bat egingo dut Andoainera.

Noiz izan daiteke hori?

Kontsulatuan esan didate hogei bat egun beharko direla pasaportea eskuratzeko. Nik joan den astelehenean [otsailak 1] egin nuen eskaera. Beraz, gauzak ondo bidean, hil honen amaieran egon ninteke han.

Zure herritarrek adierazitako elkartasunaren berri iritsi zaizu haraino?

Bai, Andoaingo Udalak onarturiko mozioa eta herritarrek antolaturiko mobilizazioak. Horrelako elkartasun adierazpenak funtsezkoak dira kartzelan zaudenean. Niri albiste horiek iristen zitzaizkidan lagunen eskutitzen bidez edo emazteak bisita egiten zidanean, eta oso garrantzitsuak ziren. Ez dakizu horrek gauzak aldatuko ote dituen, azken finean Auzitegi Gorenak eta enparauek nahi dutena egiten dutelako, baina laguntza moral handia da.

Badirudi hamazortzi urteko jazarraldia amaituko dela orain. Nola berregingo duzu bizimodua?

Batez ere, nire familiarekin egon nahi dut. Andoainera joan nahiko nuke, eta Euskal Herrian egon, urte asko eman baititut kanpoan; gauza asko aldatu dira, eta jendearekin hitz egin nahi dut eguneratzeko. Beste aldetik, Erroman elkartasun mugimendu garrantzitsu bat sortu da, lehenagotik zetorrena Landerren [Fernandez Arrinda] auzia zela-eta, eta nirearekin indartu dena, eta gustatuko litzaidake horretan laguntzea aurrera egin dezan; oso esperientzia interesgarria dela iruditzen zait.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna