Albistea entzun

Germa Bel i Queralt. Ekonomia Aplikatuko katedraduna

«Opari pozoituak daude, eta 'Euskal Y'-a bat izan daiteke»

Munduan ekonomikoki errentagarriak diren bi AHT linea daudela dio Bel i Queraltek, eta gaineratu du EAErako azpiegiturak ez dituela baldintzak errentagarria izateko, ez ekonomikoki, ezta sozialki ere.
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2015eko martxoak 5 - Gasteiz

AHTaren errentagarritasuna aztertzeko modu ezberdinez aritu zen Germa Bel i Queralt (Alcanar, Herrialde Katalanak, 1963) atzo Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean. Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko katedradunak AHTa errentagarri izateko baldintzak xehatu zituen. Haren arabera, Euskal Y-a ez da halakoa izango.

Zer behar du abiadura handiko tren batek errentagarria izateko?

Orokorrean, AHTaren aldekoek alde onak baino ez dituzte ikusten, eta aurka daudenek, txarrak soilik. Egin behar dena da denak uztartzea. Hori egitean ikus dezakegu munduan bi abiadura handiko lineak baino ez dutela inbertsioa berreskuratu: Tokio-Osaka , Japonian; eta Paris-Lyon, Frantzian. Lehenak 130 milioi bidaiari ditu urtero, eta bigarrenak, 25 milioi. Espainiako linea guztien artean ez dira 30 milioira heltzen.

Eta inbertsioaz gain? Errentagarritasun soziala lortzeko zer baldintza beharko lituzke?

Kontuan hartuz gero ingurumen eragina, edota saihestutako auto pilaketak eta istripuak, ikerketak argiak dira. Berezitasunak berezitasun, 500 kilometroko linea batek bidaia osoa egingo duten 8-10 milioi bidaiari behar ditu urtero, martxan dagoen lehen unetik, errentagarritasun soziala izateko. Horrek nork bere burua kokatzea errazten du.

Zein zentzutan?

Ez baduzu bidaiari kopuru hori izango, AHTak atzerako eragin negatiboa izango du gizartean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpiegituraz aritzean asko hitz egin da ingurumen eragin negatiboaz. Hala da?

Paisaian duen eraginean sartu gabe, esan daiteke Euskal Y-a hondamendia dela. Azpiegitura egiteko lanen CO2 isuriak erraldoiak dira, eta horri aurre egiteko hegazkinen erabiltzaileak hartu behar ditu. Ordea, Euskal Y-ak ez du hegaldi askorik ordezkatuko.

Batzordean zehaztu dituzu AHTak dituen eraginak. Besteak beste, azaldu duzu ez duela ekonomia suspertzen. Zergatik?

Abiadura handiak ohiko trenetatik hartzen ditu bidaiariak, edo hegazkinetatik. Baina ez du bidaiari berririk sortzen, eta horiek dira eragin ekonomikoa dutenak. Eta, betiere, pentsatzen badugu bidaiatzea ona dela.

Noiz ez da ona bidaiatzea?

Estatuak diruz laguntzen baditu tren bidaiak hiri txikiagoetako biztanleek hiriburuan erosketak egin ditzaten... Hori ez da ekonomia sustatzea! Jakina da AHTak hiri handiak indartzen dituela. Alde batetik, hiriek inguruetako merkatua bereganatzen dute, eta, bestetik, geltokien arteko hirien zerbitzua okertzen da.

Gizarte ekitatean eragin latza duela azaldu duzu. Zergatik?

Frantzian, 2008ko datuak aztertuta, ikusten da AHTa erabiltzen dutenak diru gehien dutenak direla. Gobernuak garraio hori diruz laguntzen badu, laguntza diru gehien dutenentzat da. Espainian hori okerragoa izan daiteke, eliteen garraioa delako.

Espainian martxan dauden abiadura handiko trenen datuek halakorik islatzen al dute?

Apenas dugun daturik; ez horiek, ez bestelakorik. Datuak egon badaude, baina ez dituzte ematen.

Zergatik ez dute daturik ematen?

Ez dute ebaluazio zuzena errazteko interesik. Administrazio publikoan datuak ezkutatzen dira txarrak direnean; onak badira prentsan argitaratzen dituzte.

Esan duzunaren arabera, ez du errentagarritasun sozialik, ingurumen aldetik ez du abantailarik izango, eta ez da inbertsioa berreskuratuko. Norentzat da errentagarria?

Jose Maria Aznarrek laburbildu zuen Espainiako Estatuko AHTaren azpiegituraren helburua: hiriburu guztiak Madrildik lau ordu baino gutxiagora jarri nahi zituzten. Europako herrialde gehienen azpiegitura politikaren ardatza «jendeak erabiliko duen hori» da; Espainiako Gobernuaren azpiegitura politikaren oinarria «jarriko diegun hori» da.

Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiago argudiatu du AHTra bideratutako dirua horretarako baino ezin dela erabili. Alegia, AHTa edo ezer ez.

Batzuek ordaindu eta besteek kobratzen dutenean hori da politikak duen arazoa. Hori hainbat eremutan gertatzen da, ez AHTan bakarrik. Ezin dut horri buruzko hausnarketarik egin, baina esan dezaket batzuetan opari pozoituak daudela, eta Euskal Y-a horietako bat izan daiteke.

Zergatik?

Adibide txiki batekin azalduko dut. Nire herria txikia da, diru laguntza bat zegoelako egin zuten igerileku klimatizatu bat. Oraindik ere damutzen dira. Mantendu behar da, eta, itsasoa lau kilometrora izanda, inor gutxik erabiltzen du. Eta zein zaila den halako zerbait ixtea!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Arantxa Iraola

Manifestazio baterako deia egin dute langileekin batera, hilaren 15erako; 'Onkologikoa monografikoa eta bizirik' aldarriak batuta irtengo dira dira kalera guztiak.

San Cristobal de las Casas herriko irudia, Chiapasen, Mexikon. ©Carlos López, EFE

Chiapasen desagertu diren bi euskal herritarrak aurkitzeko laguntza eskatu dute haien familiek

Uxue Rey Gorraiz

Gutxienez hilabete daramate desagerturik, Frantziako Enbaxadak jakinarazi duenez. Bat Donibane Lohizunekoa da; bestea, Ziburukoa.

Grebalari bat, gaur, foru jauregiaren aurreko protestan. ©Monika del Valle / Foku

Bizkaiko zahar etxeetako hiru greba egunen «balorazio positiboa» egin du ELAk

Maite Asensio Lozano

Lan itunaren negoziazioa desblokeatzeko eskatu dute langileek, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean egindako protestan. Prest agertu dira greba gehiagora deitzeko.

Lapurtzen saiatu diren bankua, Gasteizko Done Jakue hiribidean. ©Google Maps

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen banku batean lapurtzen saiatu ostean

Julen Otaegi Leonet

Bi gizon saiatu dira lapurreta egiten, suzko arma batekin. Bata atxilotu egin du Udaltzaingoak, eta besteak ihes egitea lortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...