Prostituzioa Euskal Herrian. Eztabaida feminismoan. Beatriz Gimeno. Pentsatzaile feminista

«Patriarkatuari estuenik loturiko erakundea da»

Prostituzioaren oinarria aztertzean, ezinbestekotzat du gizonezkoen sexualitatea kontuan hartzea, «emakumeak objektu bihurtuz eraiki delako». Diskurtso berria nahi du feminismoan: instituzioa politizatuko duena, baina prostituten bizi baldintzez eta eskubideez ahaztu gabe.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2016ko ekainak 12

Mugimendu feministak urteak daramatza prostituzioari buruzko eztabaidan blokeatuta. Abolizionismoaren eta erregulazionismoaren arteko dikotomia gainditu eta debateari berrekin nahian, 2012an La prostitución liburua kaleratu zuen Beatriz Gimeno pentsalari feminista eta LGTBI aktibistak (Madril, 1962).

Zein ondorio izan du prostituzioan feministen arteko adostasun faltak?

Auziaren alde patriarkalena sartu da gure desadostasunen tarteetatik. Egun, prostituzioaren inguruko politika publikoek ez dute kezka feministarik; ez dute andre horien baldintzak hobetzeko xederik, beste ikuspegi batetik egiten direlako: herritar batzuen arazoak konpontzeko, botoak irabazteko. Eta hori egin dezakete erakundeek, besteak beste, eztabaidaren alde bat prest dagoelako instituziook babesteko, soilik beste aldeari aurka egiteko bada ere.

Gero eta jende gehiago kokatzen da bi muturretatik kanpo. Abolizionisten eta erregulazionisten arteko posizio hibrido bat posible ikusten duzu?

Beharrezkoa da. Posizio hori zabaltzeko, bi gai ezinbesteko ikusten ditut: batetik, onartzea prostituzioa erakunde patriarkal bat dela, eta existitzen den bitartean ez dela berdintasunik egongo, eta, bestetik, ohartzea hori aitortzeak ezin duela ekarri emakume horien bizitzez ez arduratzea. Ematen du abolizionista batzuei bost axola diela andreon bizitzak, instituzioaren aurkako borrokak lehentasuna duelako, eta, aldi berean, erregulazionista batzuei berdin diela erakundearen existentziak, emakumeen bizi baldintzek soilik inporta dutelako; ez bata eta ez bestea ez zaizkit onargarriak iruditzen. Baina egia da bi baldintzok onartzen dituen gero eta jende gehiago dagoela.

Beste gatazka batzuetan errazago barneratu da erdibide hori; haurren lanarekin, adibidez.

Hala da: haurren lana ez dugu gustuko, uste dugu desagertu behar dela, baina argi dugu ezin dela egun batetik bestera debekatu, ume horien lanak pertsona askoren bizitza sostengatzen duelako. Prostituzioaren kasuan, debekuarekin tematzeak enpatia falta izugarria adierazten du, baita prostituten egoeraren gaineko ezjakintasun handia ere.

Zergatik diozu prostituzioa erakunde patriarkal bat dela?

Patriarkatuak sortua delako. Emakumeak bi multzotan banatzeko eratu zen: pribatuak —gizon batenak— eta publikoak —denenak—. Ugalketa kontrolatzeko, ezkontza sortu zuten gizarte patriarkalek: gizon bakoitzak emakume bat edo batzuk ditu, ukiezinak direnak, eta hala ziurtatuko du seme-alabak bereak direla. Era berean, ideologia sexual bat asmatu zuten gizonen sexu beharrizan ikaragarriaren inguruan; ustezko premia hori asetzeko, besteen emakumeak erabili ezin zituztenez —sekulako gatazkak sortuko zirelako—, andreen parke publiko bat sortu behar zuten. Aldi berean, emakumeek etxetik kanpo lan egin ezin zutenez, ezkongabeek aukera gutxi zuten bizimodua ateratzeko: prostituta ala neskame. Eskema horrek lotura estua du genero desberdintasunekin eta maskulinitatearen eraikuntza tradizionalarekin.

Zer adierazten du prostituzioak gizonen sexualitateaz?

Andreak objektu bihurtuz eraiki dela, eta gizonen etengabeko premia sexualen fantasian oinarrituta dagoela, uholde horri hesirik jartzerik ez balego bezala. Hala justifikatu izan dira bortxaketak.

Zuretzat, diru trukea baino kritikagarriagoa da gizonen posizio sinboliko hori.

Sexualitateak subjektuen eraikuntzan hainbesteko garrantzi sinbolikoa ez lukeen mundu batean, segur aski, diru trukeak ez luke inportako. Baina sexualitate maskulinoaren eraikuntza horretan, bestearen —emakumearen— desioak ez du inporta. Hor dago andreen objektu izaera. Emakumeen sexualitatea bestelakoa da. Egun, andre batzuek modu askean bizi dezakete beren sexualitatea; ia nahi bezala izan ditzakete sexu harremanak, baina oso zaila egingo litzaieke desio ez dituen norbaitekin oheratzea, subjektuen arteko erlazioan oinarritzen delako andreen sexualitatea. Horixe litzateke nik sexu harreman bati jarriko niokeen baldintza etiko bakarra: bi aldeek —edo denek, gehiago direnean— sentitzea desioa. Argi esanda: beste pertsona baten genitalak miazkatzea gustagarria da desioa baldin badago, baina ez badago, nazkagarria da, edozeinentzat. Eta, azken batean, hori da prostituzioa: hau egingo dugu, zuk desiorik izan ez arren, nik nire desioa inposatuko dizudalako. Horrek andreen botere gabezia bat adierazten du; ez momentuan, baizik eta gizartean.

Ondorioz, gizonen pribilegio bat adierazten du?

Bai. Prostituzioa da denboran sendoen iraun duen pribilegio maskulinoa —beste batzuk eraldatzen ari diren honetan—; eta ez da klasearen araberakoa: gizon pobreena zein aberatsena izan, haren maila ekonomikora egokituko den prostituta bat dago. Egun, 13 urteko mutil batek, munduko edozein lekutan, badaki milaka emakumeren gorputza erabiltzeko eskubidea duela diru truke. Haren arrebak, aldiz, badaki zorte txarra baldin badauka prostituzioan amai dezakeela. Bata eta bestea munduaren alde banatan jartzen dituen desberdintasun itzel horrek izango ez du, ba, ondoriorik subjektibitatearen eraikuntzan eta sexu hezkuntzan?

Prostituzio maskulinoarekin ere hori gertatzen al da?

Ez. Bezeroak ere gizonezkoak direlako, eta oso gutxi direlako; ez genituzke kontuan hartuko hain instituzio eztabaidatu batez ariko ez bagina. Prostituzioan diharduten gizonak, oro har, ez dira horra heltzen pobreziaren ondorioz, ez dira kalean egoten ia biluzik, eta beren subjektu izaera mantentzen dute, ez dutelako nahi ez duten zerbitzurik egiten, ezta indarkeriarik jasaten ere.

Prostituzioa erakunde patriarkal bat da, baina ez bakarra, eta besteak abolitzeko aldarria ez da hain ozena.

Tira, denbora askoan ezkontza abolitu nahi izan genuen, eta abolitzeko bidean dago, erabilera faltagatik. Baina ez dut uste prostituzioa erreforma daitekeenik, ez baita itzulgarria: ezin dituzu gizonak egoera horretan jarri, patriarkaturik ez legokeelako. Iruditzen zait prostituzioa dela patriarkatuari estuenik loturiko erakundea, hain justu, gizonen sexualitatearen mitoaren gainean eraikita dagoelako. Areago: andreek sexu askatasun handiena duten garaietan zabaltzen da prostituzioa gehien, maskulinitate galeraren aurrean indargarri patriarkal bat delako, beste arlo batzuetan gizonek zailagoa dutelako berdintasun eskakizunei ihes egitea. Dena den, feminismotik erakunde patriarkal guztiak politizatu ditugu, baina prostituzioa gero eta gutxiago politizatzen dugu, eta gero eta gehiago indibidualizatzen, eskubideez hitz egitean.

Baina agerikoa da prostitutek ukatuta dauzkatela eskubideak. Nola berma dakizkieke?

Eskubideak eman ahal zaizkie erregulatu gabe. Izan ere, erregulatzeak erakundea normalizatzea ekarriko luke, eta hori kezkagarria da: pentsatzea garrantzirik eta ondoriorik ez daukala. Ez dut uste prostituta gehienek erregulatu nahi dutenik ere; besteak beste, ez dutelako zergarik ordaindu nahi, ahalik eta gehien aurreztu ahal izateko; denek uste baitute aldi baterako daudela prostituzioan. Funtsean, eskubide zibilak nahi dituzte: medikuarenera joan ahal izatea, erretiro pentsio bat edukitzea, eta poliziek bakean uztea. Ez da hain zaila: haiek babesteko eta euren bizi baldintzak hobetzeko politika publikoak behar dira.

Pobrezia arazo batean al datza prostituzioa?

Funtsean, bai: pobrezia gutxiago balego, prostituta gutxiago egongo lirateke. Prostituten eskubideak defendatu behar ditugu, baina ez al genuke defendatu behar milioika neskatok eta andrek prostituta ez izateko eskubidea ere badutela? Ciudadanosek edo PPren parte batek eskatu bezala prostituzioa herrialde bateko BGPan sartzen bada, eta jardun horrek estatuari aberastasuna ematen badio, zertarako inbertituko du gobernuak berdintasun politiketan edo neskatoen hezkuntzan, familiei jaten emango dien aterabidea bada prostituzioa?

Prostituzioa erregulatu duten legeek prostitutei kalte egin dietela salatu izan duzu. Zertan?

Sektore txiki bati egin diote mesede, baina gehienei ez, egoera irregularrean izanik ezin zaielako legea aplikatu. Horrek alegalitatetik ilegalitatera eraman ditu, eta egoera ahulago batera, ezkutuan ibiltzera, azkarrago negoziatzera eta merkeago jardutera.

Prostituzioa normalizatzeari uko eginda, ez al da estigma handitzen, kontuan izanda gizarteko beste instituzio patriarkalak normalizatuta daudela?

Ez. Nire ustez, estigma ezin da prostituziotik bereizi: estigma da erosten dena. Hura gabe ez legoke prostituziorik: andreak emazteen eta puten artean banatuz sortu zen; prostitutak bezeroaren amaren edo arrebaren parekoak balira, ez luke zentzurik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.

Karpak jarri dituzt basurto ospitalearen kanpoaldean, PCR probak egiteko. ©Javier Zorrilla/EFE

PCR proba egitera deitu ditu Jaurlaritzak Bilboko Fever diskotekan eta Erandiogoikoko batzokian egon zirenak

Berria

Bihar goizean hasiko dira testak egiten. Diskotekarekin lotutakoei, Basurtuko ospitalean, eta batzokian izandakoei, Urdulizkoan.

Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Hiru pertsona maskara jantzita ©Jon Urbe / FOKU

Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko

Aloña Beraza Peña

Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna