Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia «Enpresak aurrera egin dezan, familiak ados jarri behar du»

Publizitatea

Ekonomia

Gaizka Zulaika. Aefameko zuzendaria

«Enpresak aurrera egin dezan, familiak ados jarri behar du»

Gizarteak ez die behar besteko aitortzarik egiten familia enpresei, hala uste du Gaizka Zulaikak, baina azpimarratu du enpresa horien jardunak onurak ekarri ohi dizkiela «gizarteari eta eskualde osoari».
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-08-13 / Ivan Santamaria

Joan den urtean hartu zuen Aefame elkarteko zuzendari kargua Gaizka Zulaikak (Zarautz, 1971). Hainbat enpresa eta kooperatibatan ibilitakoa da, eta Innobasque elkartean eta Bizkaiko Foru Aldundian lan egindakoa ere bada. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan familia enpresen garrantzia aitortzea eta balioak gizarteratzea hartu du erronka modura.

Zer ulertzen dugu gaur egun familia enpresa modura?

Badira definizio akademikoak, baina funtsean esan nahi du familia batek edo familiaren adar batek enpresaren kontrola duela. Konpainiako akzioen erdiak baino gehiago edukitzea izango da, oro har, nahiz eta batzuetan kontrola posible den %30ekin ere. Ez da kontrol ekonomiko hutsa. Esan nahi du enpresaren pentsamoldea eta filosofia ere erabakitzen dutela horiek.

Enpresaren norabidea eta helburua gidatzea da mamia?

Duela gutxi, Eibarko familia enpresa baten historia ezagutu nuen. Sortzaileak zeukan ideia zen Eibartik sekula ez ateratzea, han egotea bere gotorlekua. Enpresaren oinordekotzan hori zen ezaugarri nagusia. Beste enpresa batzuetan ere egongo dira txikitatik entzuten diren mezu, esaldi edo ezaugarri batzuk, jarraitu egin dutenak.

Ezaugarri propioak dituzte familia enpresek hemen?

Bai. Badago testuinguru historiko bat. ETAren eraginak herentzia gogorra utzi du. Bazkide batzuek hor segitzen dute. Ez dute atera nahi. Diskrezioaren kultura oso hedatuta dago. Gero, beste ezaugarri batek zerikusia du Euskal Herriko pertsonen izaerarekin. Hemengo artzainak edo Elkano bera herri txikietakoak ziren, baina kanpora atera eta mundura zabaldu ziren. Bertako enpresaburuak gutxirekin hasi ziren, baina ekintzaile izan dira, oso nabarmen. Gauzak egiteko gogoa oso handia izan da.

Industriaren pisua handia da?

Kanpora begiratzen duzunean, ez duzu halakorik ikusten. Geure historia industrialarekin zerikusia duen zerbait da. Ekipo ondasunak, makina-erreminta edo mekanizatuak hor daude. Baina familia enpresen artean baditugu ontziolak, edo ardoa, ardo ona egiten duten upategiak, edo bizikletak egiten dituztenak, BH bera bezala. Industriaren pisu horrek kultura bat ezartzen du.

Zer-nolako kultura?

Gizarte eredu oso soziala dugu. Gizartea oso laua da. Mailak ez dira hainbeste bereizten, beste leku batzuekin alderatuta. Industrian eta familia enpresetan egin du batzuk oso gertukoak izatea, euren herriari oso lotuta. Helburua ez zen burtsan kotizatzea edo Suitzan bizitzea; helburua zen egitea eta egitea.

Zeintzuk izan daitezke familia enpresa baten abantailak, beste enpresa mota batzuekin alderatuta?

Ikuspuntuak axola du. Abantailak norentzat? Gizartearentzat, administrazioentzat edo familientzat? Gizarte moduan, ematen du jendeak ez duela behar bezala baloratzen familia enpresa bat. Noski, onak eta txarrak egongo dira, baina familia enpresa bat baduzu zeure eskualdean, eta jabeak bertakoak eta serioak badira, saiatuko dira jarduera horri eusten. Aurrera egin dezan inbertituko dute, jende ona fitxatzen saiatuko dira, edo hezten. Horrek onura dakarkio eskualde osoari eta gizarteari. Multinazional baten filiala bazara, aldiz, kostu zentro bat zara. Errentagarria ez bazara, itxiko zaituzte.

Erakundeentzat zeintzuk lirateke abantaila horiek?

Erakundeentzat hil edo bizikoa da enpresa indartsuak izatea bertan. Konturatzen ari dira familia enpresa sendoak duen garrantziaz. Zergak, inbertsioak eta lanpostu onak sortzen ditu hemen sendotasun horrek.

Askotan aipatzen da aldaketaren aurrean zuhurragoak izan ohi direla familia enpresak, eta kosta egiten zaiela tamaina hartzeko edo hedatzeko erabakiak hartzea. Hala da?

Duela gutxi EHUrekin eta IEFrekin egin genuen azterketa batek zuhurtzia hori islatu zuen. Familia enpresaren ezaugarrietako bat da irabaziak normalean berriro inbertitzen direla enpresan. Banatuko da dibidenduren bat, baina kultura hori da. Sortzaileak alabari edo semeari hori pasatu nahi dio enpresa. Gero, gerta daiteke 30 lehengusu edo lehengusina akziodun izatea, eta etekin bat bilatzen hastea. Zilegi da hori, noski. Baina errealitatea hor dago. Normalean, familia enpresek finantza egitura sendoak dituzte; ez daukate akziodunei etekina banatzeko behar hori. Horrek arazoak sortzen ditu familien barruan ere.

Zer-nolako arazoak?

Erronka da familiako kide guztiek, bai exekutiboak direnek eta bai akziodun hutsak direnek, ulertu behar dutela zeintzuk diren euren eginbeharrak. Hor lan handia geratzen da egiteko.

Enpresa guztietan da korapilatsua ondorengotzak finkatzea. Zailagoa da familia enpresetan?

Zailagoa da, eta landu beharreko zerbait da. Geure familia enpresek duten gabezia handiena izan da, historikoki, enpresaren kudeaketara bideratu direla ahalegin gehienak. Familia hezi dute lan esparruaren barruan, baina gero uste dute hortik kanpo familia besteena bezalakoa dela. Eta ez da. Lege ikuspuntu hutsetik lotura asko daude —herentziak, esaterako—, baina, gero, lotura emozionalak daude. Ni lanean nago enpresan, eta zu ez. Ni exekutiboa naiz, eta autoa dut enpresaren izenean, eta zuk ez. Tontakeria ematen du, baina horrela da.

Denok lanean izan ohi ditugun eztabaidak ugaritzen ditu familia izateak, alegia.

Arazo eta kasuistika asko daude. Familiak arau batzuk adostu behar ditu enpresak aurrera egin dezan. Historikoki oso gutxi egin da. Ondo egiten duen familiak ziurtatua du, hein handi batean, ondo joango dela transmisioa.

«Aitonak sortu, aitak garatu, eta ilobak lurperatu», esan ohi da.

Mito bat da. AEBetako ikerlari baten ondorioa zen, hango estatu bateko lagina hartuta. Euskadiko familia enpresekin egiten baduzu —hamar langiletik beherakoak kenduta, merkataritzakoak, ziur aski—, ez da hori aterako.

Bigarren belaunaldia zenbat enpresak gainditzen dute?

Geure kasuan, bazkideen artean, %70 izan daitezke. Baina ez zaizkigu askorik gustatzen kalkulu horiek, enpresa motak zerikusi handia duelako horretan.

Oinordekoa bilatzerakoan, beti begiratu behar zaio familiari?

Elkarte moduan, ez diegu bazkideei aholkurik ematen. Hori esanda, badaude arrakasta izan duten enpresak, erabaki hori edo kontrakoa hartuta. Ez dago erantzun bat. Bidea aurkitu behar da. Baina bide hori landu behar da, noski, eta esparru ez-merkantil batean landu behar da. Hori da askoren arazoa. Animalia merkantilak dira, egin dezagun, sal dezagun produktua, eta hor gustura daude, baina, arlo emozionalera sartzean, galduta geratzen dira.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak