Noiz sortua: 2015-06-14 00:30:00

Loic Chalmel. Pedagogia irakaslea

«Pertsona bakoitzak osatu behar du bere heziketa eredua»

Heziketa formala, ez-formala eta informala uztartzearen aldekoa da Chalmel. Heziketa formalak zehaztu dion bizimoduak huts egitean, berri bat sortzeko autonomia izango du pertsonak, haren ustez.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2015eko ekainak 14

Hezkuntza kontuetan hezkuntza komunitateak hitza berreskuratu behar duela aldarrikatu du Loic Chalmel Goi Alsaziako Unibertsitateko (Frantzia) Pedagogia irakasleak. Asteon Bilbon izan da, EHUk eta Familia Hezkuntzaren Prestakuntza eta Ikerkuntzarako Nazioarteko Elkarteak antolatutako jardunaldietan, Hezkuntza hiriak: haurren garapen psikosoziala familia-eskola-komunitatearen arteko kohezkuntzaren bitartez izenekoetan.

Eskolako eta familiako heziketa uztartzea proposatzen du hezkuntza hirien proiektuak. Zelan egin daiteke?

Zein hezitzaile izango da horretarako gai? Nork batuko ditu heziketa formala eta ez-formala? Hiri hezitzaileak sortzea izango litzateke proposamena, eta hori da kongresu honen helburua. Gurasoek, politikariek eta irakasleek, elkarrekin, gazteentzako hezkuntza eredu berri bat sortu behar dute, eskolako, familiako eta gizarteko heziketa, hirurak uztartuko dituena. Orain arte, heziketa oso hierarkikoa izan dugu, goitik behera egindakoa. Eskolan, unibertsitatean, Lanbide Heziketan irakatsi digute bizitzarako jakin behar izan dugun guztia. Baina, orain, eredu biografikoa eta eraikitzailea sortzen ari gara. Hau da, umeak berak eraiki beharko du hiru ezagutza iturriren arteko uztarketa: heziketa formala, ez-formala eta informala. Ez da irakatsi behar, sortzen lagundu baizik. Pertsona bakoitzak osatu behar du bere heziketa eredua. Hartara, autonomoa izango da.

Zein da heziketa ez-formalaren eta informalaren arteko ezberdintasuna?

Informala egunerokoan ikasten duguna da, bizitzako esperientziak gu ohartu ere egin gabe irakasten diguna. Ez da formala, eta ez da guk hala erabakita gertatzen. Ez-formalaren kasuan, berriz, guk ikasi nahi dugulako gertatzen da, baina eremu formaletik kanpo jotzen dugu ezagutza bila. Demagun Frantziako herritar batek gaztelania ikasi nahi duela. Bi aukera ditu: heziketa formalera jo eta akademia batean ikasi, edo Espainian sei hilabete igaro. Bietan ikasiko du gaztelania, eta bietan aukeratu du berak. Baina bigarrenean bere kasa ikasiko du.

Irakasle batzuek salatzen dute familiek heziketa eskolaren esku uzten dutela. Hala al da?

Ipar Europan, familiako heziketari garrantzi handiagoa ematen zaio. Hegoaldean, eskolak du nagusitasuna. Lortu behar dugu denok batera eredu komuna eraikitzea. Arazoa larria da. Gurasoek ulertu behar dute ezinbestekoak direla umeen heziketan, eta ezin dutela erantzukizun osoa adituen esku utzi. Era berean, eredu formalak gurasoen parte hartzea txertatzen asmatu behar du; eurentzako esparruak sortu behar ditu eskolak.

Rousseauren ni-a eta ni soziala kontzeptuak izan dituzu hizpide. Heziketa informalak lehena bultzatzen du, eta formalak, bigarrena. Eta ni sozialak ni-a txikitu egiten du. Azaldu duzu krisi egoerek ni soziala suntsitzen dutela: langabeziak, eritasunak... Txiki geratu den ni-a indartzea proposatu duzu konponbide legez. Zelan?

Lehenagoko ni-a berreraikitzea ez da bidea. Oso zaila da ni-a hain txiki geratu denean berreskuratzea. Berri bat eraiki behar da. Horretarako, ezinbestekoa da erresilientzia. Hau da, arazoei, oztopoei modu baikorrean aurre egiten asmatzeko gaitasuna. Ezagutzen dut bere amets bakarra katedraduna izatea zen andre bat. Lortu eta lasterrera itsu geratu zen. Haren bizitzak hondoa jo zuen: lana galdu zuen, familia, lagunak... Harentzat, bizitzak zentzua galdu zuen. Behin, ezagun batek galdetu zion ea zergatik ez zuen begiekin barik eskuekin lan egiten. Hasieran, haserretu egin zen. Gerora, baretu, kasu egin, eta aurkitu zuen eskuekin lan egiten ikasteko terapia bat. Bizitza berregitea lortu zuen. Heziketa formaletik kanpo jo zuen ni berria eraikitzera.

Zuk konponbidea eman duzu. Badago aurrea hartzerik?

Eredu formalean ez ezik, informalean eta ez-formalean ere eraikiz gero norbere burua, ni sozialak huts egiten duenean errazagoa da aurre egitea. Hori ikasi egin behar da. Umeak erresilientzian heztea prebentzioa da. Eta hori da hiri hezitzaileen proposamen bat.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 905 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.972 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Diputatuak saioren hasieran, minutu bateko isilunean. / ©Mariscal, EFE

Espainia "berreraikitzeko" bilera batera deitu ditu Sanchezek alderdiak eta eragileak

Berria

EAJk iragarri du bilera horretan egongo dela. EH Bildu, berriz, ez da joango. Konfinamenduan apirilaren 26ra arte luzatu dute Hegoaldean.

Gasteizko farmazia bat. / ©Endika Portillo, Foku

Bigarren egun beltzena izan da atzokoa hildako kopuruari dagokionez

Ekhi Erremundegi Beloki - Ane Eslava

Gutxienez 59 pertsona hil dira Euskal Herrian azken 24 orduetan koronabirusak jota. 900 hildakoen langa gainditu da. 462 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean.

Bereziki adinekoei eragiten die koronabirusak: hilkortasuna bikoiztu baino gehiago egin zaie. ©J. FONTANEDA / FOKU

Hilkortasuna bikoiztu egin da gaitzaren goraldian

Garikoitz Goikoetxea

Hiru asteotan goia jo dute heriotzek, eta estatistiketan iragarri baino %89 herritar gehiago zendu dira: 938 espero, eta 1.774 hil. Datuek agerian jarri dute uste baino jende gehiago hil dela COVID-19arekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna