Eva Ferreira. Matematikaria

«Emakumeek beirazko sabaia dute gainean»

Emakumeek ardura postuetara heltzeko dituzten zailtasunak ikertu ditu estatistika erabiliz, baina, arazoaren deskripzioaz haratago, egoera horretatik ateratzeko proposamenak ere iradoki ditu adituak.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Juanma Gallego -

2015eko uztailak 26
Ekonomia aplikatuko katedraduna da Eva Ferreira (Barakaldo, Bizkaia, 1963), eta estatistika irakasten du EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. Emakumeek ardura postuetara heltzeko dituzten oztopoak ikertzea du ildo nagusietako bat, eta horren haritik zenbait artikulu plazaratu ditu. Haren ustez, gizartearen inertziak eta erabakiak hartzen diren guneetan egon ohi diren zehartasunak daude oinarrian, eta, arazoa gizartean sustraitua dagoenez, gutxienezko erregulazio bat beharrezkoa da.

Nolakoa da ikertu duzun beirazko sabai hori?

Wall Street Journal egunkarian azaldu zen kontzeptu hori lehen aldiz, orain dela hiru hamarkada. Funtsean, emakumeek beren garapen profesionalean topatzen duten oztopo ikusezina da sabai hori, eta ardurako postuetara heltzen diren emakumeen kopurua gutxitzen du. Gaia ikuspegi enpirikotik ere lantzen hasi ziren 1995ean, AEB Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen batzorde baten lanari esker. Zenbait alorretan, taldean diren gainontzeko kideekin alderatuz antzeko prestakuntza eta lorpenak izanda ere, emakumezkoek zein gutxiengo etnikoek muga hori pairatzen dutela ikusi zuten. Ardurako postuei dagokienez, arlo profesionalean zenbat eta gorago joan, orduan eta genero desberdintasun handiagoa dago. Egoera hori, ordea, ezin daiteke azaldu emakumezkoen prestakuntzaren arabera, ezta beren lehentasunen arabera bertan parte ez hartzea nahita erabaki dutelako ere.

Nola uler daiteke?

Egoera horri bi azalpen eman zaizkio. Beirazko sabai hori mito bat dela diote batzuek, eta argudiatzen dute horrelako postuetan emakumeen presentzia urria bada haiek nahi dutelako dela. Bigarren azalpenaren arabera, egoera horren atzean generoaren araberako bazterketa bat dago.

Bazterketa hori zertan oinarritzen da?

Inkestek pista batzuk ematen dizkigute. Eurobarometroa, adibidez, gizarteren pertzepzioa ikertzeko tresna bikaina da, eta, horren arabera, Europako herritarren %20k uste dute ardurako postuetan emakumeek ez dutela gizonek adina gaitasun. Ondorengo galdera logikoa da: nola eragiten du inkestetan azaldutako zehartasun horrek lanpostu horiek bete behar direnean? Hautaketa prozesuek inertzia handia dute. Espainiaren adibidea hartuta, adibidez, 1910. urtearen inguruan sartu ziren lehen emakumeak unibertsitatean, baina emakume unibertsitarioen portzentajea oso pixkanaka hazi zen, eta 1980ko hamarkadara arte ez zen lortu %50eko presentzia. Oraindik ere emakumeek osasunaren arloko ikasketak aukeratzen dituzte gehien, eta gizonek, berriz, teknikoak. Berdintasuna sustatzeko legeak nahiko berriak dira, eta oso zaila izango litzateke mentalitateak hain azkar aldatzea. Emakumeek hartzen dituzten erabakietan indar handia dute oraindik ere inguruan ikusten dituzten ereduek. Hegazkinak pilotatzen dituzten emakumeak ez baditugu sarri ikusten, zailagoa izango da belaunaldi berriek hori normaltzat hartzea eta lanbide hori hautatzea.

Horrek ere hautagaitzak mantsotuko ditu...

Bai, ekonomian igurikimen arrazionalen teoriak azaltzen du hori. Emakume batek ardurako postu horietako batera heltzeko aukera urriagoak dituela barneratuta edukiz gero, litekeena da postu horretara ez aurkeztea, eta postu hori eskuratzeko prozesuan parte hartzera animatu bada ere, posible da hautagaitza hori normala dena baino lehenago uztea.

Zientziaren alorrean ere gertatzen al da egoera hori?

Bai, ez da soilik gertatzen enpresaren munduan, zientziaren munduan ere begirada zehartsua dago. Adibide bat jartzearren, AEBetan egon zen ikerketa batek hala baieztatu zuen. Curriculum berdina bidali zuten hainbat unibertsitatetara, baina bertsio batean hautagaia John zen, eta beste batean, berriz, Jennifer. John aukeratu zuten unibertsitateen portzentajea handiagoa zen Jennifer hautatu zutenekin alderatuz. Johni eskaintzen zioten soldata ere handiagoa zen. Emakumeek haien hautagaitzak alboratzeko joera horri erabakia hartzen dutenen begiradan dagoen zehartasuna gehitzen badiogu, berrelikatzen den egoera bat suertatzen da.

Denborarekin inertzia horiek ez al dira berez desagertuko?

Zenbait lekutan, batez ere erabaki informalak hartzen direnean, inoiz ez da helduko parekotasunera era naturalean, eta, horregatik, nolabaiteko erregulazio bat beharrezkoa da. Ez da naturala emakumeak bost mende pasatu arte unibertsitatean sartu ez izana, eta, beraz, ezin dugu pentsatu egoera artifizial hori denborarekin era naturalean konponduko denik. Gutxiengoen kasuan gertatzen den bezala, arlo honetan ere kuotak beharrezkoak dira naturala ez den egoera hori konpentsatze aldera. Batetik, etorkizunean heldu behar den berdintasun horri bultzada bat eman behar zaiolako; bestetik, horrelako eremuetan aniztasuna bermatzea ere behar-beharrezkoa delako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: