Albistea entzun

Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Zabaltegi. Aitor Arregi. Zinemagilea

«Obsesioak indar narratibo handia du»

Kimuak programarako hautatua izan ondoren, Zabaltegi sailean dago ikusgai egunotan Aitor Arregiren 'Zarautzen erosi zuen', obsesio batek mendean hartzen duen dendari bati buruzko fikzioko film laburra.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko irailak 20 - Donostia

Bere arropa dendan izandako gertaera itxuraz ez bereziki larri bat obsesio bihurtzen zaio Mireni, Aitor Arregiren (Oñati, 1977) Zarautzen erosi zuen film laburrean. Anekdota xume batetik abiatuta, tentsio giroa eta are itolarria ere transmititzen du Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen 15 minutuko film laburrak. Nagore Aranburu, Ainere Tolosa eta Gotzon Sanchez ditu aktore nagusiak.

Ezer larririk gertatzen ez bazaio ere, Miren sufritzen ikusten da zure filmean, edozein ikusleren enpatia sor dezaketen egoera batzuetan.

Film labur bikain asko daude beste era batekoak, jakina, baina niri asko gustatzen zaizkit istorio sinple bat kontatuz, egunerokotasun handiko istorio anekdotiko bat kontatuz, beste kontzeptu batzuk lantzen dituzten filmak. Nik, segurtasuna bilatzeko edo, neuri gertatutakoak edo ingurukoek kontatutakoak hartzen ditut oinarritzat, eta antzeko gauzak bizi izan dituztenekin hitz egiten dut, informatzeko... Saiatzen naiz istorio enpatikoak bilatzen. Agian errazagoa delako; edo gertutik sentitutako zerbaitekin lan eginez erosoago sentitzen naizelako. Gustatzen zait pertsonaiak zerbait proiektatzea ikuslearengana, ikusleak sentitzea gauza bera edo antzeko zerbait bizi izan duela.

Kontatzen dena drama ikaragarria ez bada ere, tentsio handia transmititzen du filmak, itolarri moduko bat…

Nahiaren eta ezinaren arteko talka bat dago istorioan. Miren oso konbentzituta dago, erabakia du zer esan behar dion Jaioneri, baina gero, errealitatea parean jartzen zaionean, ezina agertzen da. Oso humanoa iruditzen zait hori. Batzuetan uste duzu Clint Eastwooden antzera begiratu eta bestea urtu egingo duzula zure begiradarekin, baina gero konturatzen zara zeu zarela urtzen zarena. Buruan sortzen dugun eszena idealaren eta errealitatearen arteko talka hori oso interesgarria iruditzen zait.

Txikikeria bat izan behar zuena obsesioa bihurtzen da.

Obsesioak indar narratibo handia du. Ikusle moduan gozatu egiten dut ondo kontatutako istorio obsesiboekin. Hor ere identifikatuta sentitzen naizelako. Uste dut ia denok pasa dugula obsesio fase bat, berez txikikeria den gai batekin berotuta, bizitza aldatuko ligukeen zerbait balitz bezala.

Tolosako inauterietan filmatua da amaierako eszena. Zer moduz moldatu zineten?

Beldurrez joan ginen, baina oso ondo etorri zitzaigun hango giroa, arreta puntu pila bat zegoelako inguruan. Gure ondotik hainbeste karroza eta konpartsa pasatzen zenez, jendea ez zen guri eta gure kamerei begira geratzen.

Orain arte, marrazki bizidunetan eta dokumentaletan egin duzu lan batik bat. Hau da zuk zuzendutako lehen film laburra?

Esan daiteke baietz. Lucio film dokumentalean [Jose Mari Goenagarekin batera zuzendu zuen] bada errekreazio zati bat, eta hamar bat egunez egin genuen lan fikzio bat grabatzen. Hori da fikzioan eta aktoreekin lan eginez aurretik, profesionalki, zuzendari gisa egin dudan lan bakarra.

Film laburra, zuretzat, berezko balioa duen genero autonomoa da, ala urrats bat film luzeak zuzentzera iristeko bidean?

Bi alderdiak ikusten ditut ondo. Lehen uste nuen film laburrak jendea ezagutzeko eta konplizitateak sortzeko bide bat zirela, horiei esker film luzeak zuzendu ahal izateko. Orain jabetu naiz berezko balioa eta interesa ere badutela. Istorio batzuk laburrak dira, film laburra izatea eskatzen dute, zoragarriak izan daitezke hamar minututan kontatuta, edo minutu bakar batean. Film labur batzuek sekulako maila dute.

Aurrerantzean zer egingo duzu zinemaren munduan?

Moriartiko kidea naiz, eta Moriartin era guztietako lanak egiten ditugu denok: zuzendu, ekoitzi, gidoiak idatzi… Askotan ez dakizu nondik joko duzun. Film luze bat zuzentzeko gogoa badut, baina zuhurtasun handiz esaten dut hori, horrelako proiektu bat eraiki eta martxan jartzea oso lan handia baita... Moriartin proiektu batzuk daude bidean, baina oraindik ziurtatu gabe. Beraz, ez dakit zer lanetan ariko naizen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Epaileak, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa epaitzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bertsogintzaren matematika

Miren Mujika Telleria

Hainbat faktorek egiten dute posible bertsolari txapelketa bat, eta faktore horien artean dago, noski, epailetza. Hogeita bat epaile arituko dira hasi berri den txapelketan bertso bakoitzari puntuazioa ematen. Zein da, baina, puntu horiek gora edo behera egiteko neurgailua?
Gozategi taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian. ©Gorka Rubio

30 urte, baina beti gazte

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza

Gozategi taldea 30. urteurreneko biran ari da aurten, eta plazetako harrera «ikaragarria» izaten ari dela dio Asier Gozategi soinu jotzaileak. Bihar Urnietan joko dute, eta urriaren 15ean, Zarautzen.

 ©IRUNE IZQUIERDO

Erretzaile damutuen konpainia

Berria

Aingeru Epaltzak hirurogei urteen talaiara iristen ari den kazetari bat jarri du 'Erretzaile damutuen konpainia' eleberri berriaren ardatzean: Edu Saragueta. Komedia garratz eta erotikoa, gizarte nahasi baten erretratua eta, batez ere, nobela beltz petoa osatu du.
Korri, Xalto eta Brinko animazio taldearen egitasmo bat bultzatuko dute. ©Hitza

Piztu METAk hamabost proiektu hautatu ditu

Berria

Egitasmoak sustatzeko finantzaketa kolektiboa hasiko dute. Gipuzkoako aldundiak 70.000 euro jarriko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...