Albistea entzun

Mobilizazio historikoa

150.000 lagun baino gehiago izan dira Durangotik Iruñera artean, euskal herritarren erabaki eskubidearen aldeko giza katea osatuta.

Festa, aldarrikapena eta emozioa batu dira Gure Esku Dago-k antolatutako mobilizazioan

Enekoitz Esnaola -

2014ko ekainak 8

Geroak esango du 2014ko ekainaren 8ko giza katea mugarria izan den ala ez, ikusteko baitago erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriaren bilakaera eta eskubidea gauzatuko den ala ez, baina mobilizazio gisa historikoa izan da: 150.000 lagun baino gehiago bildu dira Durango-Iruñea arteko 123 kilometroko giza katean, Gure Esku Dago-k arratsaldeko hiruretan jakinarazi duenez. Dinamikak duela urtebete zioen gutxienez 50.000 lagun beharko zirela. Oso erraz gainditu du zifra.

Iazko ekainaren 8an aurkeztu zuten Gure Esku Dago, baina, batik bat, azken hiruzpalau hilabeteetan hartu du dimentsio handia, hiri eta herrietan batzordeak sortuta eta giza katea jendez beteta. Kasik berrehun batzorde daude gaur egun. Oinarri handia da hori biharko egunera begira Euskal Herria are gehiago saretzeko eta indar eraginkor bilakatzeko.

«Esanak ekintza, ilusioak jarrera eta jarrerak erabakimen» bihurtu nahi ditu Gure Esku Dago-k, mobilizazioaren ondoko ekitaldietan adierazi duenez. Giza katea bukatu eta berehala Twitterrean idatzitako mezuan, «zorionak denoi! Bikaina! Izugarrizko erantzun herritarra», idatzi du. Angel Oiarbide dinamikaren sustatzaileetakoak «hemen ez dago inor soberan» esan du, herri ekinbideko 23 komunikabidek —tartean BERRIAk— elkarlanean egindako programa berezian; «guztion artean erabaki behar dugu etorkizuna».

Festa handi bat izan da giza katea, hura sustatzeko azken asteetan egin diren ekitaldiak bezala. Hori da dinamika honen balio bat; alaitasuna, baikortasuna, energia positiboa.

Kateko partaide gehienak goizeko hamarretarako euren lekuetan ziren, asko eta asko autobusean joanda —mila autobusetik gora ibili dira atzera eta aurrera—. Eta 2.500 boluntario aritu dira guztia ondo atera zedin. Katea osatu artean txarangak, joaldunak, kantu saioak, trikitilariak, txalapartariak eta hamaiketakoak izan dira.

Hamabietan puntuan hasi da giza katea; leku batzuetan suziria botata, beste batzuetan adarraren soinu bidez edota kanpaia jota. Herritarren begietan emozioa nabari zitekeen, baita haien txioetan ere —«oilo ipurdia», «kolosala», «mundiala», «hunkigarria»...—.

Herriguneetan ilarak ez, multzoak izan dira, bat, bi, hiru, lau lerroko katea. Besterik gabe kale buelta bat ematera atera diren lagun askok azkenean katera batzen amaitu dute, giroa ikusita. Ordu erdikoa izan da mobilizazioa, eta orduan ere, festa nagusi —lehorrean zenbat olatu izan den...—.

Aparteko gertakaririk ez

Eguzkiak ere bat egin du, era berean. Bero egin du, eta adinekoak eta umeak itzaletan izan dira une askotan, babesa aurkitu nahian; aterkiak ere nonahi ziren. Baina ez da aparteko osasun arazorik gertatu. Zirkulazio gertakaririk ere ez. Gehienez, Guardia Zibilak jarritako isunen bat.

Izan da jende ezaguna giza katean. Politikari eta sindikalisten artean, esaterako, Andoni Ortuzar (EAJ) Kanpazarren, Hasier Arraiz (Sortu) Etxarri Aranatzen, Pello Urizar (EA) eta Gemma Zabaleta (PSE-EE) Arrasaten, Dani Maeztu (Aralar) Abadiñon, Jose Luis Uriz (PSC) Iruñean, Adolfo Muñoz (ELA) Arbizun, Ainhoa Etxaide (LAB) Ataunen... Baina herritar xehearen mobilizazio bat izan da ekainaren 8koa. Gure Esku Dago-k ohar batean azpimarratu du Durangon izan direla Iñaki Gorritxategi (83 urte, 1936ko gerrako umea), Maribi Estankona (71, Durangoko ikastolako sortzailea), Peru Arrasate (20 urte, Kazetaritza ikaslea), edota Iruñean izan direla Amaia Arrieta (46 urte, langabea), Fernando Arbeloa (47 urte, Volkswageneko langilea), Eva Molina (38 urte, Iruñean bizi den katalana)... Halako 150.000 lagun pasa elkartu dira.

Borondate librearen ariketa bat izan da. Lagun bakoitza berak erabakita joan da, kolektibo baten, herri baten erabakitzeko eskubidearen alde egitera. Horri guztiari forma ematen jarraitu nahi dute Gure Esku Dago-ko kideek, datorren udazkenean batzar handi bat eginda. «Konfiantzako espazio berriak» sortu direla nabarmentzen dute. Ekainaren 8an, behintzat, giza kate erraldoi bat osatu dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ane Alava Ernaiko bozeramailea, aurrean ehunka kide dituela, gaur, Olatzagutiak kiroldegian (Nafaroa). ©Endika Portillo / FOKU

Ernaik «gazte estrategia» berritu du, 'Ehotzen' txostena onartuta

Julen Aperribai

Gazte antolakundeko kideen %93,5ek babestu dute txostena. «Gazte frontearen artikulazioa», hezkuntza eta naziogintza izango dituzte datozen urteetan lehentasun, besteak beste. Hirugarren urrats feminista egingo dutela ere aurreratu dute. 500 kide baino gehiago elkartu dira Olatzagutian (Nafarroan).

Basauriko espetxea. / ©Aritz Loiola, Foku

Gorka Martinez Ahedok eta Iñaki Bilbao Gaubekak Basauriko kartzelara itzuli behar izan dute

Berria

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak beste hiru euskal presoren gradu aldaketa errekurritu du.

Manifestaziora deitzeko egindako agerraldia, apirilean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Torturaren biktimen aitortza eskatuko dute Iruñean

Iosu Alberdi

Manifestazioa 18:00etan abiatuko da, autobus geltokitik. Kultur arloko 200 norbanakok baino gehiagok babestu dute protesta

Euskal herritarrek 154 gailur piztuko dituzte Pirinioetako Bidean

Euskal herritarrek 154 gailur piztuko dituzte Pirinioetako Bidean

Jon O. Urain

Astebete falta da erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizaziorako, eta hasieran iragarritakoak baino berrogei gehiago izango dira euskal herritarrek argiztatutako gailurrak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...