Euskara 

Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek

Udal Legea gaur argitaratuko du aldizkari ofizialak, eta bihar indarrean izango da. Udalek euskara lan hizkuntza izatea bermatuko du: aktak euskaraz egin ahalko dituzte, eta horrela igorri beste erakundeei
Udalen euskarazko jardunaren aurka ekin dio Urkijok azken urteetan, eta haren aurkako protestak izan dira. Irudian, Tolosako Udalaren aurrean egindako elkarretaratze bat.
Udalen euskarazko jardunaren aurka ekin dio Urkijok azken urteetan, eta haren aurkako protestak izan dira. Irudian, Tolosako Udalaren aurrean egindako elkarretaratze bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko apirilak 14
Euskara biziberritzeko politikan berrikuntza batzuk eragingo ditu EAEko Udal Legeak. Gaur argitaratzekoa dute aldizkari ofizialean, eta bihar jarriko dute indarrean. Euskara sustatzeko bidean azkenaldian nabarmenduriko gatazka batzuk bideratzeko asmoa bistakoa da artikuluetan. Besteak beste, indarrik gabe utziko du Espainiako Gobernuaren ordezkariak udalen euskarazko jardunaren kontra abiatutako ildoa. Gainera, hirigintzak euskararen egoeran duen eraginari buruzko kezka zabaltzen hasi den honetan, zehazki jaso dute horrelako ikerketak egiteko beharra. Neurriak, hala ere, ez dira bete beharrekoak izango.

Eusko Legebiltzarrean joan den astean onartu zuten Udal Legea, EAJk eta EH Bilduk adostuta. Aldaketa handia da, horrelako arau baten aterperik ez baitute eduki orain arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek. Eskumenen eta finantzaketaren gaia zehaztea da legearen oinarrietako bat, baina euskararen arlora ere berritasunak dakartza. Hona nagusiak:

ELEBITASUN EREDUA

Bi hizkuntzak baliagarri

Euskara eta gaztelania, biak maila berean jarri dituzte Udal Legean ere, baina badago berritasun bat: batek ez du bestearen beharrik. Alegia, ez dago bi eletan aritu beharrik. Hizkuntza ofizialei buruzko artikuluak hau dio: «Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, EAEko toki erakundeen hizkuntza ofiziala. Alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izango da».

Kataluniako Udal Legearen antzeko formulazioa da EAEko Udal Legerako hartu dutena. Aditu batzuen arabera, formulazio horrek Euskararen Legea gainditu egiten du, arau hark euskararen eta gaztelaniaren artean ezarritako elebitasun simetrikoa arintzen baitu.

Herritarren hizkuntza eskubideetan ez du eragingo aldaketarik, nolanahi ere. Erakundeekiko harremanetan, herritarrek izango dute hizkuntza hautatzeko eskubidea, ez instituzioek ?eskubideak ez, obligazioak dituzte haiek: herritarren hautua bete egin beharko dute?. Areago: udaleko lan hizkuntza ez den hizkuntzan izan nahi badu harremana herritar batek, horrek ezingo dio eragin «karga edo betebeharrik». Finean, erabat euskaraz funtzionatzeko modua dute udalek, baina gaztelaniaz harremana eduki nahi dutenei hala egin beharko diete, haiei «kargarik» jarri gabe.

HAUTETSIAK

Ikasteko obligaziorik ez

Hautetsiei buruz zehazki mintzo da artikulu bat. Udaleko deialdiak, gai zerrendak, mozioak eta horrelakoak euskaraz egiteko bidea ireki du legeak, baina baldintza batekin: «Euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak ez urratzea».

Hautetsien euskara gaitasuna eztabaidagai izan zuten legearen tramitazioan. Agerraldien txanda egin zutenean, Gipuzkoako Euskara zuzendari ohi Zigor Etxeburuak proposatu zuen hautagaiek euskaraz jakitea. Betebeharrik ez dago legean: «Toki erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetze aldera, hautetsiek hizkuntza ofizialetan behar besteko gaitasuna izatea sustatuko da».

EUSKARAREN BALIOTASUNA

Euskarazko akten bermea

Euskarazko udal jarduna hizpide izan da azken urteetan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren jokabideagatik. Udalak auzitara eraman ditu Carlos Urkijok, aktak eta horrelako agiriak euskaraz bidaltzen dizkiotelako. Auzibide gehienak irabazi dituzte udalek, baina lege babesa jaso dute orain. «Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak eta laburpenak EAEko administrazioari eta estatukoari».

Euskara edo gaztelania, bietako edozein erabiliko dute erakundeen arteko harremanetan, «beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe». Urkijoren nahia hori zen: agiriak erdarara itzultzea. Udal Legean, euskara erakundeen artean «gero eta gehiago erabiltzea» da asmoa.

HIZKUNTZA POLITIKA

Erabileraren sustapena

Udalen eskumenak zehaztea da legearen oinarri nagusia, eta euskararen arloan ere badu eragina: euskara sustatzeko eskumena izango dute, baita «erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatzekoa» ere. Hau dio legearen sarrerak: «Euskara babestu eta normalizatzeko lana, Euskal Herriaren hizkuntza berezkoa eta komuna denez, lehenik, euskal botere publiko guztiei dagokie, baina euskal udalak bide erakusle izan behar dira».

Erabilera sustatzeko eskumenen gaia argitzea giltzarri da euskara planak egiteko. Oraintsu, adibidez, auzitegiak bertan behera utzi du Zarauzko Udalaren (Gipuzkoa) euskara plana, horretarako eskumenik ez daukala esanez.

ERAKUNDEAK

Ueman sartzeko baimena

Urkijoren beste salaketa ildo bat izan da: Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu diren udalen aurka jo du. Zeraingo, Berastegiko eta Eako udalak salatuak ditu, adibidez. Udal Legean espresuki jaso dute hau: «Mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak sortu edo halakoetan esku hartu ahal izango dute». Hitzarmenak ere babestuta daude.

HIZKUNTZA IRIZPIDEAK

Itundutako zerbitzuetarako

Erakundeen kontratuetako hizkuntza irizpideek ere jarri dute zeresana Urkijoren salaketengatik. Udal Legeak baimena eman du «kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak» sartzeko. Udalari aplikagarri zaion hizkuntza legedia kontratuan sartzea da asmoa. Bi xede ditu horrek. Bat: «Herritarrak artatuak izan daitezela berek hautatzen duten hizkuntza ofizialean». Bi: «Zerbitzua eman dadila, hizkuntza baldintzei dagokienez, administrazio titularrari exijitu ahal zaizkion baldintza beretan». Enpresek kudeatutako zerbitzuei eragingo die.

HIRIGINTZA PLANAK

Eragina aztertzeko beharra

Azkenaldian indar handia hartu du euskararen arnasguneetan hirigintzak duen eraginak. Plan urbanistikoen eragina neurtzeko tresna bat ere sortua dute Uemak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta lehen azterketak egin dituzte. Orion (Gipuzkoa), hirigintza planaren eragina neurtu dute ?«ertaina edo moderatua» da eragina, eta auzo batean, «larria», aurreikusitako etxe saila egiten bada?.

Azterketa horiek beste herrietara zabaltzea onartu dute Udal Legean: «Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da». Ebaluazioa egin bai, baina ez da derrigor bete beharrekoa izango. Hauxe dio: «Emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira».

Arnasguneen kontzeptua txertatu dute legean. «Toki erakundeek euskaraz funtzionatzea lortzen joateko neurriak» hartzea zehaztu dute, «bereziki euskararen arnasgune diren lurraldeetan». Horretarako bideen artean aipatu dute udal hautetsiek euskaraz ikasteko bitartekoak jartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna