Albistea entzun

Katalunia. Independentziara bidean

Eta orain, zer?

Galdeketa hitzartu baterako negoziazioei ekiteko, bi aste eman dizkio CDCk Rajoyri. Ezezkoa jasotzen badu, zerrenda bakarreko boz plebiszitarioak gura ditu Artur Masen alderdiak. Oposizioa, alabaina, ez du alde.
Artur Mas presidentea, atzo, CDCren bilkurara iristen, txalo artean.
Artur Mas presidentea, atzo, CDCren bilkurara iristen, txalo artean. A. ESTEVEZ / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko azaroak 11

Independentziarako bidean, zer, nola eta noiz egin gura duten eztabaidatzeko beta ailegatu zaie Kataluniako indar politikoei. Igandeko galdeketaren biharamunean, aurrera begira egin beharreko urratsen bueltan murgildu dira bete-betean, buru-belarri. Nor bere aldetik, hori bai. Karta jokoan edo xake partida batean ariko balira bezala jarri dituzte proposamenak mahai gainean. Bat egin dute bozketaren «arrakasta» nabarmentzen; baita Madrilen jarrera kritikatzen ere. Dena dela, aurrera begira jarrita, ikuspuntu aski diferenteak hartu dituzte. Oraindik ere, ez datoz bat bide orrian, eta galtzak bete lan edukiko dituzte, prozesuaren mesedetan, ados jartzeko.

Bide bizkorretik jotzeko asmoa agertu du CDCk. Artur Mas presidentearen alderdia prest da kontsulta «adostu» eta «bete beharreko» baterako negoziazioak lehenbailehen hasteko. Halere, Espainiako Gobernuak jar ditzakeen «trabez» jakitun, bi aste eman dizkio. Madril mugitzen ez baldin bada, hauteskunde plebiszitarioak bultzatuko dituztela aurreratu du Josep Rullek, CDCko koordinatzaile nagusiak: «Bi aukera baino ez ditugu orain: gobernuarekin berba egiten hasi, edo boz plebiszitarioetara deitzea. Lehenbizikoak ia ezinezkoa dirudi; beraz, bigarrenaren alde egingo dugu». Rullek, ordea, ados jartzeko «borondatea» agertu du.

Bestelako iritzia dauka CDCren koaliziokide Uniok. Ez dator bat Masen indar politikoaren proposamenarekin. Antzekotasunik ez du, behintzat, hark egindakoak. Bozak baztertu ditu, kasurako. «Gobernatzeko istantea da orain, inola ere ez hauteskundeak egitekoa», azaldu du Unioko idazkari nagusiak, Ramon Espadalerrek. CiUko koordinatzaile nagusia ere bada, eta argitu du CiUk ez diola «eperik jarriko» Mariano Rajoy buru duen gobernuari: «A-9aren ostean oso babestuta eta indartuta sentitzen gara, baina ez gaitezen arinegi aritu. Rajoyren erantzuna jaso arte ez dugu pisuzko erabakirik hartuko». Masek gutun bidez egingo dio Espainiako Gobernuari negoziatzeko eskaria. Horri itxarotea, eta epe ertainean elkarrizketekin hastea proposatu du Unioko idazkariak, «Kataluniako gatazkari» irtenbide «hitzartu bat» emateko: «Itun politikoa lortzea dugu lehentasun, legezko erreferenduma egiteko».

Zerrenda bakarra, aztergai

CDCk, edonola ere, ez du itxaropen handirik. Espainiako Gobernuaren ezezkoa espero du, eta dagoeneko hauteskunde plebiszitarioetara aurkezteko moduan jarri du arreta. «Zer eta nola egin pentsatzea dagokigu orain. Ez du horrenbeste axola noiz egingo dugun», esan du Rullek. Horretarako, «alderdi subiranista guztiak» batzeari deritzo aproposena. Zerrenda eta programa bakarrarekin, nazioartean «aitorpen handiagoa» jasoko dutela dio Rullek.

Hauteskundeetako programak independentziari buruzko puntu bakarra edukitzea da CDCren jomuga. Kataluniako hautagaitza deitu diote Masen taldekoek proposamen horri. Ados jartzea espero du Rullek: «Indarrak metatzeko gai izan beharko genuke. Izan ere, norabide berean arraun eginda, ezinezko gauzak eskura ditzakegu. Garrantzitsuena irabaztea da, ezezko botoa eman duten herritar horiek erakarrita».

ERC, nolanahi ere, ez du erabat alde CDCk. Hauteskundeak aurreratu gura ditu Oriol Junquerasen alderdiak, baina boz horietara bere kasa aurkezteko asmoa duela jakinarazia du zenbait alditan.

Independentzia lortzeko, prozesu «konstituziogile bat» abiatzea premiazkotzat jo du ERCko idazkari Marta Rovirak: «Bozak ahalik eta lasterren egin, eta parlamentu berri bat osatzea behar dugu, herritarrek nahi baitute». CDCren kontrara, zerrenda bateraturik ez du nahi ERCk. Harreman hotza du uneon Generalitatearekin, eta uste du «ez zaiola komeni» CiUrekin batzea. Alde ditu, gainera, azkeneko inkestak.

ERCk, berriz, «bete-betean» alboratu du Espainiako Gobernuarekin negoziatzen hastea, eta denbora galtzeari utz diezaiola eskatu dio Generalitateari: «Galdeketa adostu bat egiteko elkarrizketa bide guztiak agortu ditugu. Eskura geneukan dena egin dugu ezertarako». Rovirak adierazi du «hamasei alditan» ahalegindu direla PPrekin erreferendum bete beharreko bat hitzartzen, baina «trabak» besterik ez dutela izan. Esertzea ere «merezi» ez duela dio Rovirak: «Orain ere berdina izango da Madrilen erantzuna».

Rullek badaki hari luze baten muturra baino ez dela izan igandeko galdeketa. Uste du, alabaina, Masek «sinesgarritasun nahikoa» duela orain Junquerasen alderdia erakartzeko. Ez du amore eman: «Ia ezinezkoak diruditen gauzak posible ere bilaka daitezke. Pentsaezina zirudien bozkatzea, eta azkenean egin dugu».

CUPko eledun Quim Arrufaten arabera, estatu berrirako «aginte demokratikoa» tentuz hautatzea baino ez da falta orain, gehiengoak eguneratu eta independentzia aldarrikatzeko. «Ez akordio posiblerik ez eta trantsiziorik ere. Bozak behar ditugu, herritarrek Kataluniako errepublika sor dezaten kanpoko esku hartzerik gabe».

Joan Herrera ICV-EUiAko koordinatzaileak, berriz, ez deritzo «logikoa» Madrilekin elkartzeari. Erreferendum bete beharreko bat gura du: «Nahitaezkoa da indar eta alderdi subiranisten metaketa berriro ere eraikitzea». Dena den, lehenengo aurrekontuak aurkez ditzala eskatu dio Generalitateari.

«Bozen aurreneko itzulia»

ANC Biltzar Nazional Katalanak ere zerrenda bakarraren alde egin du balizko hauteskundeetarako. ANCko presidente Carme Forcadellen aburuz, igandekoa «bozen aurreneko itzulia» izan da, eta horri segida emateko era egokiena hauteskundeetara deitzea da.

Zerrenda bateratua eta koalizio zibila osatzea «zaila» izango dela onartu arren, horren alde agertu da Forcadell, «mesede» egingo diolakoan prozesuari, negoziatu gabe bada: «Espainiatik irteteaz bakarrik hitz egin behar dugu». ANCk hiru hilabete eman dizkio Masi bozetara deitzeko. Presidenteak azalpenak emango ditu gaur.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pekinen iragan astean egin zuten manifestazioetako bat. ©M. R. CRISTINO / EFE

Txina, konfinamenduen amaierarako bidean

Olatz Urkia

Urumqin hiru lagun hil ziren joan den astean, sute bat hasi eta konfinamendu neurriek suhiltzaileen lana oztopatu zutenean. Haserrea segituan piztu, eta Txina osoan hedatu dira neurri horren aurkako protestak; orain, egoera baretuta, badirudi gobernuak manifestariak lasaitzeko keinua egin duela.
Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Uxue Rey Gorraiz Gorka Berasategi Otamendi

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste
Espainiako Polizia Ukrainaren enbaxadaren ingurumarietan, atzo. ©Chema Moya, EFE

AEBen enbaxadakoei eta Pedro Sanchezi ere bidali dizkiete lehergaiak

Uxue Rey Gorraiz

Sei dira guztira atzemandako bonbak; horietatik bost azken orduetan atzeman dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioan, AEBen eta Ukrainaren Madrilgo enbaxadetan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Pedro Sanchezen aurkako bonba bat atzeman zuten azaroan. Antzeko ezaugarriak dituzte, eta agian gehiago egongo direla ohartarazi dute.

 ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Mikel O. Iribar

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainanan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...