Albistea entzun

Atetz eremu euskaldunera pasatuko da, eta mistoan segituko du Zizurrek

Euskararen Legea aldatzeko bozketa dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Eremu ez-euskaldunetik mistora pasatuko dira 43 udalerri. Atzera botako dute Zizur eremu ez-euskaldunera sartzeko eskaria
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko maiatzak 31

Euskaldunen lege babesa areagotzeko aldaketak bai, baina gutxitzekoak ez. Nafarroako Parlamentuak gaur aztertuko du Euskararen Legea aldatzeko proposamena. Legebiltzarreko iturrien bidez BERRIAk jakin duenez, bat eginda bozkatuko dute gobernua babesten duten lau taldeek, nahiz eta zuzenketa guztiak ez dituzten elkarrekin aurkeztu. Hortaz, onartu egingo dute 43 udalerri eremu ez-euskaldunetik mistora igarotzea, baita Atetz eremu mistotik euskaldunera joatea ere. Beste eskari bat bidean geratuko da, ordea: Zizurko Udalak eremu ez-euskaldunean sartzeko eskatu du, UPNren gehiengoarekin, baina parlamentuak ez du onartuko. Nafarroako Arartekoak emandako argudioa baliatuko dute horretarako: herritarren eskubideetan atzerapausoa litzatekeela hori.

Foru Erregimeneko batzordea bilduko da gaur. Hain justu, saioa hasteko, Javier Eneriz arartekoak hartuko du hitza. Eremu aldaketei buruz txostena egin du Arartekoak, parlamentuak eskatuta. Bi norabideak aztertu ditu: batetik, eremu ez-euskaldunetik mistorakoa —43 udalen eskaria—; bestetik, mistotik ez-euskaldunerakoa —Zizurko Udalarena—. Lehen aldaketa ildoa «koherentetzat» jo du Arartekoak, eskubideak zabaltzea baitakar. Bigarrenaz, berriz, ohartarazi du «atzerakada» dela eskubideetan, eta, hori egitekotan, «motibo objektibo eta arrazoituak» eman behar direla. Zizur Zendeako Udalaren argudioa zera da, postu publikoetan euskara eskatzea ez dela egokia. Arartekoak ez du balekotzat jo argudioa.

UPNren eta PPren eskariak

Arartekoaren txostenak heldulekua eman dio laukoari Zizurko Udalaren eskaria atzera botatzeko. UPNk defendatuko du eskaria gaur parlamentuan, eta argudiotzat erabiliko du laukoteak beste herrietan darabilena: aldaketa udaleko gehiengoak eskatu duela.

UPNren proposamena bidean geratuko da, eta PPrena ere bai. Aldaketarik ez egiteko eskatu du, udalen eskariei bide ematea «lur arriskutsuetan sartzea» delakoan.

Beste zuzenketak, bai, aurrera aterako dira. Batetik, lege aldaketa abiarazi zuena: udalerriak eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzea. 43 herri izango dira azkenean —tartean daude Tafalla, Erriberri eta Zangoza—. Lau taldeek elkarrekin aurkeztu dute eskaria.

Gainerako zuzenketak, ordea, ez dituzte laurek elkarrekin aurkeztu. Atetz eremu euskaldunera pasatzeko eskaria, adibidez, Ahal Dugu-k eta EH Bilduk erregistratu dute —EH Bilduk du gehiengoa Atetzen, eta haren botoekin egin du eskaria udalak—. Geroa Baik eta Ezkerrak ere babestuko dute aldaketa, hango iturrien arabera.

Eremu aldaketen alboan, badira beste bi proposamen ere. Batetik, eremu ez-euskalduneko udalei aukera ematea euskara ordenantzak egiteko; orain arte ez dute lege bermerik izan. Bestetik, hitz aldaketa bat legean: gaztelaniaz, vascuence ez, euskera erabiltzea. Ezkerrak ez beste hiru taldeek aurkeztu dituzte bi proposamen horiek —Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k—, baina Ezkerrako iturriek BERRIAri baieztatu diote aldeko botoa emango dutela gaur.

Zonifikazioak indarrean jarraituko du Nafarroan oraingoz, laukotean ez baitute akordiorik egin legea berritzeko. Zonifikazioan bertan aldaketa handia izango da. Ia 39.000 herritar pasatuko dira eremu ez-euskaldunetik mistora. Euskarak ez du ofizialtasunik eremu mistoan, baina herritarrek badute eskubidea administraziora euskaraz jotzeko; lanpostu publikoetan ere pisu handiagoa dauka. Atetzen, bai: zona euskaldunean sartuta, euskara ofizial izango da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetan duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO / FOKU

EHUko irakasle batek Ibaetan egindako eraso sexista salatu dute ikasleek

Erredakzioa

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakalak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan ziren atzo BECen, estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zaharrak etxean zaintzea sustatu nahi dute instituzioek

Edurne Begiristain

Estrategia soziosanitario berria aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek
Hezkuntza eragile ugaritako ordezkariak bildu ziren, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikasleen segregazioa nola utzi aparte

Irati Urdalleta Lete

'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskola segregazioa landu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.