Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Eremu mistoko herrietara hedatuko da zonifikazioaren aurkako aldarria

Publizitatea

Gizartea

Eremu mistoko herrietara hedatuko da zonifikazioaren aurkako aldarria

Ofizialtasuna eskatzeko dinamika bat abiatuko du Kontseiluak eremu mistoko sei udalerritan; tartean, Iruñea. Herritarren eskaerak jaso eta erakundeetan aurkeztuko dituzte euskalgintzako ordezkariek
Kontseiluko eta Nafarroako euskalgintzako ordezkariak, atzo, Iruñeko Udaletxe plazan, dinamika berria aurkezten.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-10-12 / Ion Orzaiz

Aurretik zartatuta zegoen harresia eraitsi nahi dute. Zonifikazioa gainditu eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko eskaera egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta, horretarako, dinamika berri bat abian jarriko du Iruñerriko hainbat udalerritan. Iragan maiatzean 43 udalerri eremu ez-euskaldunetik atera eta eremu mistora sartzea ahalbidetu zuen olatuari segida eman nahi dio Kontseiluak. Bi ezaugarri propio izanen ditu dinamika berri horrek, ordea: batetik, herritarrek hartuko dute iniziatiba; eta, bestetik, eremu mistoaren mugak ez ezik, zonifikazioa bera ere izanen da jo puntuan jarriko dutena.

«Igaro da jada legealdiaren erdia, eta, bi urteotan zenbait aldaketa gertatu diren arren, euskaldunok pairatzen dugun bereizkeriak badirau, ez baitute indargabetu egiturazko arazoa: zonifikazioa», azaldu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok atzo, egitasmoaren aurkezpen ekitaldian. Gogoratu zuen, halaber, soilik eremu euskaldunean dela ofiziala euskara; beste bietan, euskaraz aritzeko eskubidea ofizialki aitortua egon arren, «erakundeek ez dute zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko betebeharrik».

Hori dela eta, eremu mistoko biztanleen ahotsa eraman nahi dute erakunde publikoetara, zona horretan bizitzeak euskaldunei eragiten dizkien arazoak azaleratzeko. Zehazki, Antsoainen, Berriozarren, Burlatan, Mutiloan, Sarrigurenen eta Iruñean abiatuko du egitasmoa Kontseiluak, tokian tokiko euskalgintzako eragileekin elkarlanean. Hala, euskararen ofizialtasuna eskatzeko aukera eskainiko diete udalerri horietako biztanleei, etxe guztietan eskuorriak banatuta. «Batzuetan, badirudi Euskararen Legea administrazioaren esparruari soilik eragiten dion kontzeptu abstraktua dela. Bada, egitasmo honekin frogatu nahi dugu legeak eragina duela eguneroko bizitzan, eta benetako arazoak sortzen dizkiela pertsona arruntei».

Sarrigurengo euskalgintzako kide Aurkene Isasik eman ditu prozedurari buruzko xehetasunak: «Hil honen amaieran, etxeko postontzian jasoko dute eskuorria udalerri horietako herritarrek. Udalari eskaria egiteko eskabidea izanen da. Horren bidez, euskaraz bizitzeko dituzten zailtasunak adierazteko eta euskararen ofizialtasuna eskatzeko aukera izanen dute».

Honako hau dio etxerik etxe banatuko duten agiriak: «Udalak izenda eta ezar dezala euskara herriko hizkuntza ofizial, eginkizun guztietarako, eta eska diezaiela Nafarroako Legebiltzarrari eta gobernuari bertan behera uzteko hizkuntza eskubideen zonifikazioa, eta izenda eta ezar dezatela euskara Nafarroa osoko hizkuntza ofizial».

Eskabideak herrietan bertan jasoko dituzte —kanpainaren eskuorrietan zehazten diren guneetan—, azaroko lehen hiru asteetan. Horren ostean, euskalgintzako taldeek udalei eta Nafarroako Legebiltzarrari helaraziko dizkiete, auzia osoko bilkuretan eztabaida dadin.

Xabi Gartziak, Kontseiluaren Nafarroako batzordearen izenean, «arduraz» jokatzeko deia egin die gobernuari eusten dioten lau indar politikoei: «Joan den ekainean bezala, aurreko astean ere esan zuten Euskararen Legea aldatzeko prest direla; bada, ekin diezaiotela, berandu baino lehen. Euren ardura da».

Mugimendurik ez laukoan

Hain zuzen, ofizialtasuna herrialde osora zabalduko duen lege berri bat ontzeko aukeraren inguruan, Nafarroako Gobernuko lau indarrekin batzartzeko asmoa dutela azaldu du Bilbaok: «Bilera sorta bat egin nahi dugu datozen asteetan gobernua babesten duten alderdiekin. Oraingoz, araua moldatzeko asmoa agertu duten arren, ez da mugimendu zehatzik egon».

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak