Garaile gutxi eta galtzaile asko
Herritarrik Israelgo armadan aritu ote den ikertzeko eskatu diete palestinarrek munduko estatuei

Luzaroan ukatu dieten plazera dastatu dute Gazako herritarrek: kalean elkartzea, Israelgo armadaren erasoetatik babestu gabe. Bezperako ospakizunetakoak salbuetsita, tirorik gabe igaro da su-eten iraunkorra indarrean sartu osteko lehen eguna: palestinarrek ez dute armadaren bonbardaketarik sufritu, eta Israelera ere ez da suziririk heldu.
Zazpi asteko gerra odoltsua amaituta, Gaza bizitza arruntera itzultzen hasi da apurka. Hegi Babesgarria operazioak bi mila lagunetik gora hil ditu; asko zaurituta daude oraindik, eta 450.000 inguru, etxerik gabe. Auzoak, eraikin publikoak eta lantegiak suntsitu dituzte bonbek, eskualdeko jardun ekonomikoaren zati handi bat geldiaraziz. Berreraikuntza lanetan ari diren nazioarteko eragileen arabera, urte asko beharko dituzte guztia berriz martxan jartzeko, eta orain indarrean dagoena baino bake akordio sendoago bat beharko dute prozesu osoa burura eramateko.
Herenegun jakinarazi zuten bi aldeek behin betiko bake ituna lortu zutela. Palestinarren hitzetan, su-eten «iraunkorra» da; Israelgo Gobernuko ordezkari baten arabera, «baldintzarik eta epe mugarik gabea». AEBek, Europako Batasunak eta Nazio Batuen Erakundeak babesa adierazi diete, eta Hamasek erresistentziaren garaipentzat jo du akordioa. «Etsaiarekiko gatazkan, ez zen sekula hau bezalako borrokarik izan», esan du Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak. Abu Ubaida alderdiko bozeramailearen hitzetan, su-etena onartzera behartu dute Israel: «Erresistentziak herria elkartu du, eta hori izan da gure garaipen handiena. Ez gara berriz banatuko».
Egiptok eta Israelek mugak zabaltzea onartu dute, giza laguntzari eta eraikuntzarako materialari sartzen uzteko. Horrez gain, Tel Avivek arrantzarako eremua zabaldu die Gazako itsasontziei, eta eskualde horretan diharduten erakundeetarako diru transferentziak baimendu ditu, Hamasek bere funtzionarioei Qatarko diruarekin ordain diezaien. Munduko Elikadura Programa ere Gazara sartu da, blokeoa hasi zenetik lehenbiziko aldiz; 150.000 lagunentzako jana banatu ditu.
Bizitza arrunta ere egoera zaila da, ordea, Gazan. Gatazka konpontzeko hainbat urrats dakartza aste honetako akordioak, baina ez du betetzen palestinarrek jarritako baldintza nagusia: Gazako blokeoa bertan behera uztea. Beste hainbat alderdi ere adosteko daude oraindik. Garaile gutxi eta galtzaile asko utzi ditu 50 eguneko gerrak, eta hildakoak zenbatzen bukatutakoan hasiko da lan gogorrena. 277 eskolatan ez da ikasturtea hasi, eraikinak kaltetuta daudelako edo iheslarientzako babesleku gisa erabiltzen dituztelako. Gazako Osasun Ministerioak ohartarazi du zentro horietan pertsona gehiegi daudela pilatuta; aski urik ez dagoela eta eritasunak hedatzen ari direla.
50 egunen balantzea
Gazako ospakizunei garrantzia kentzen ahalegindu da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa: «Hamasek badaki zein prezio ordaindu duen». Su-etena palestinarrek «erregutu» zutela esan du: «Hamasen Gazako erregimena suntsitu bagenu, bi milioi palestinarrekin zer egin erabaki beharko genuen».
Baina berari ere garesti irten zaio Hegi Babesgarria. Erasoa agindu zuenean, Israelgo gizartearen zati handi baten babesa zeukan —hiru adingabe hil berri zituzten, eta palestinarren aurkako kanpaina gori zegoen—; parlamentuko alderdiek ere ez zuten protestarik egin. AIC atariaren arabera, «32 urtean protesta masiborik eragin ez duen operazio militar bakarra izan da».
Denborarekin, ordea, kritika ugari heldu zaizkio. Sektore kontserbadoreenek kargu hartu diote palestinarrekin negoziatzeagatik, eta beste batzuek erasoaren eraginkortasuna jarri dute zalantzan. Israelek 64 soldadu galdu ditu, eta, helburua Hamas desarmatzea bazen, oraingoz behintzat ez du lortu. Nazioartean nabarmen okertu da gobernuaren irudia, eta, Martin Indyk AEBetako diplomazialariaren arabera, Tel Aviven eta Washingtonen —haren aliatu handienaren— arteko «tentsioa» ere handitu da.
Bestalde, hor dago erantzukizunaren auzia. Palestinarrek ez dute jakinarazi Israel nazioarteko auzitegietan salatzeko asmoa duten edo ez, baina alderdi nagusi guztiek babestuko lukete halako ekinbide bat. Oraingoz, gainerako herrialdeei egin diete eskaria: iker dezatela euren herritarrik aritu ote den Israelgo armadan, eta epaitu ditzatela, Gazaren aurkako operazioko gerra krimenetan parte hartu dutela sumatzen badute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.