Albistea entzun

Bilioi erdiko EBZren bultzada

Bloomberg agentziaren arabera, herrialdeen zor publikoan 500.000 milioi arte inbertitzeko programa ari da aztertzen banku zentrala.

Urtarrilaren 22an du erakundeak hurrengo gobernu kontseilua
Gobernuek jaulkitako zor publikoa erosteko modu ezberdinak aztertzen ari da Europako Banku Zentrala, deflazio arriskuari kontra egiteko asmoz.
Gobernuek jaulkitako zor publikoa erosteko modu ezberdinak aztertzen ari da Europako Banku Zentrala, deflazio arriskuari kontra egiteko asmoz. LEX VAN LIESHOUT / EFE

Ivan Santamaria -

2015eko urtarrilak 10

Beste bilioi erdi bat. Horra hor Europako Banku Zentralak (EBZ) deflazio arriskua uxatzeko asmoz egiteko prest dagoen hurrengo ahaleginaren tamaina. Bloomberg agentziaren arabera, gobernuen zor publikoan 500.000 milioi euro arte erosteko ereduak aurkeztu dizkiete EBZko teknikariek gobernu kontseiluari.

Batzarra joan den urtarrilaren 7an egin zen, bankuak Frankfurten (Alemania) duen egoitzan. Hedabideak iturri gisa bileran parte hartu zuen pertsona bat aipatu du, izenik eman gabe. Horren arabera, hainbat gradu dituzten bonuak erosteko zenbait aukera aztertu zituzten, AAA eta BBB- maila artekoak. Alegia, merkatuetan inbertsio maila dituzten bonuak. Hortik behera kalifikatuta daudenak zabor bonu gisa ezagunak dira, eta hori da, gaur egun, Greziako edo Zipreko zorraren egoera.

Deflazio arriskuari aurre egiteko asmoz, banku zentralaren balantzea nabarmen handitzeko neurri sorta martxan dago. EBZko presidenteak, Mario Draghik, behin baino gehiagotan iradoki du balantzea bilioi bat eurotan igotzea dela helburu kuantitatiboa. Helburuaren erdia beteko luke zor erosketaren bidez.

Neurrien artean ez da egon orain arte herrialdeetako zor subiranoa erostea. Funtsean, gobernuek jaulkita dituzten bonuak erostea litzateke, bigarren mailako merkatuetan. Erosketa inprimatutako diru berriarekin egiten denez, ekonomiari diru hori zuzenean sartzearekin parekatzen dira halako ekintzak. Ingelesez quantitative easing deitzen zaio, eta krisia hasi zenetik ildo bereko programa indarrean jarri dituzte AEBetako, Erresuma Batuko edo Japoniako banku zentralek.

Krisiaren une jakin batzuetan arazoak zituzten herrialdeen zorra erosi zuen EBZk, baina eskala txikian, eta diru masa ez handitzeko neurriak hartuta. Haatik, bide horrek eztabaida handiak piztu izan ditu, bereziki Alemanian dagoen erresistentziaren ondorioz. Jens Weidmann Alemaniako Bundesbankeko burua horren aurka mintzatu da behin baino gehiagotan.

Eztabaidak eztabaida, eurogunean inflazioak behea jo du berriro pasa den abenduan, eta honezkero tasa negatiboan dago. Egoera horrek eta petrolio upelak izan duten merkatzeak luze gabe inflazio aurreikuspenak okertzea eragin dezake, EBZ neurri gehiago hartzera behartuko lukeen egoera, Draghik sarritan azpimarratu duenez.

Bestelako neurriak abian

Quantitative easing programa bat kate luze baten azkena litzateke. Iazko udarik ari da banku zentrala ekonomia animatzeko neurriak hartzen. Haatik, inflazioaren erreakziorik ezak horien eraginari buruzko zalantzak piztu ditu.

Bankuei baldintzapeko likidezia merkea eskaintzeko bi enkante egin ditu EBZk. Aukeran zegoen diruaren erdia baino gehiago ez dute hartu finantza erakundeek, hala ere.

Halaber, zorpetze pribatu mota batzuk erosteari ekin dio bankuak. Oraingoz, bi programak kontuan hartuta 30.000 milioi erosi ditu, ia guztia hipoteka zeduletan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa zuzendaria, atzo, Iruñeko Tres Reyes hotelean, egungo egora ekonomikoari buruz azalpenak ematen.</b> ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroako ekonomia 2022aren hasieran iritsiko da pandemia aurreko mailara

Joxerra Senar

Laboral Kutxaren arabera, ekonomia %6,4 haziko da aurten, eta 2022an %6,7. Joseba Madariaga ekonomistak ohartarazi du hornidura arazoek luze irauten badute susperraldia baldintzatuko dutela

2010. urteaz geroztiko langabezia tasarik apalena neurtu du Eustatek, %8,9

Irune Lasa

Hirugarren hiruhilekoan 15.900 langabe gutxiago daude bigarrenean baino. Guztira, 9.300 landun gehiago daude
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako burua Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiarekin, aurreko eguneko ekitaldi batean. ©LUIS TEJIDO / EFE

LABek salatu du EAJk «lotsagabeki defendatzen dituela» enpresa elektrikoak

Xabier Martin

Iberdrolaren «xantaia» agerikoa dela uste du sindikatu abertzaleak, «eta baita euskal patronalaren lankidetza ere» estrategia horren alde

EHNEko, harategietako eta Jaurlaritzako ordezkariak, gaur, proiektuaren aurkezpenean. ©EHNE

Ekoizle txikien produktuen banaketa errazteko proiektu pilotu bat hasi dute

Julene Frantzesena - Urola Kostako Hitza

Gipuzkoako EHNEk, Ederto harakinen taldeak eta Gipuzkoako hainbat ekoizlek eta harakinek Azpeitian aurkeztu dute egitasmoa gaur, ostirala. Gaurtik aurrera, Gipuzkoako hamabost saltokitan 11 ekoizleren askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.