Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Kide berriari neurria hartzen

Publizitatea

Mundua

Kide berriari neurria hartzen

Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkaria lehenbiziko aldiz joan da G20ko bilera batera. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin elkartu da, bilera «pragmatiko eta emankor» batean
Rex Tillerman AEBetako Estatu idazkari berria, G20ko bere lehenbiziko bileran, Bonnen (Alemania).
Argazkia: FRIEDEMANN VOGEL / EFE

2017-02-17 / Samara Velte

Ikaskide berriari nola, hala begiratu diote G20ko gainerako ordezkariek Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkariari: ikusminez eta kezkaz, klubean ezarritako ordena zenbateraino nahasiko duen neurtu nahirik bezala. Munduko hogei estatu boteretsuenetako Atzerri ministroak Bonnen (Alemania) elkartu dira egunotan, nazioarteko hainbat auziri buruz modu informalean eztabaidatu eta uztaileko goi bilera prestatzen hasteko.

Gai horien artean ez zegoen, printzipioz, AEBen eta Europaren arteko harremana, ez eta Donald Trump presidente berriak Errusiarekin eszenifikatutako flirta ere. Baina saihetsezina zen, haren Atzerri idazkari berria lehenbiziko aldiz etorriko zela jakinik. Europako Batasunari ustez segurtzat emandako hainbat egia erori zaizkio azken hilabeteotan: Erresuma Batuak brexit-aren bidea hartu du, eta Bruselako logikak ulertzen ez duen presidente bat iritsi da Etxe Zurira. Trumpek adierazpen hiperboliko ugari egin ditu nazioarteko aliantzei buruz: NATO «zaharkituta» dagoela, edota Europako estatuek diru gehiago inbertitu behar luketela defentsan —ikuskera «estuegia», Alemaniaren arabera—. Hitz adeitsuak izan ditu Vladimir Putin Errusiako presidentearentzat, eta Ukrainako gatazkari garrantzia kendu dio.

Aski arrazoi badira horiek Europako Batasunaren alarmak pizteko. Atzo eta gaurko bilerak, beraz, Tillersoni neurria hartzeko baliatuko dituzte, hark Trumpen atzerri politika izango denari buruzko argi pixka bat ekarriko dien esperantzaz. Trumpen Estatu idazkaria bera ere ezaguna baita Errusiarekiko merkataritza harreman sendoa izateagatik: ExxonMobil petrolio enpresako zuzendarietako bat izan zen lehenago. Bonnen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin elkartu da; bilera «pragmatikoa, emankorra eta erabilgarria» egin dutela esan dute, baina biek ukatu dute zigor ekonomikoei buruz aritu direnik. Tillersonek, Europako kideak lasaitze aldera, esan du Minskeko akordioa errespetatzeko eskatu diola Lavrovi, Ukrainako gatazka ez berpizteko.

AEBetako Gobernuko azken tirabirek areagotu dute EBren errezeloa. Astelehenean, Michael Flynn segurtasun nazionalerako aholkulariak dimisioa eman zuen, presidenteak hala eskatuta. Etxe Zuriak jakinarazi zuen Flynnek aldez aurretik Errusiako enbaxadorearekin izandako elkarrizketa batzuek eragin zutela krisia; ez ziola gobernuari elkarrizketon berri eman, eta Trumpek harekiko «konfiantza galdu» zuela. EBk kezka du, Washingtongo inteligentzia agentziak eta Etxe Zuria ez ote doazen errail paraleloetatik.

Protestak kalean

G20a osatzen duten estatuen artean, munduko biztanleen ia bi heren batzen dituzte, Barne Produktu Gordin globalaren lau bosten baino gehiago, eta merkataritzaren hiru laurdenak. Tartean daude AEBak, Errusia, Txina eta India. Aurten, Alemaniak dauka taldeko presidentetza, eta berak antolatu ditu bai egunotako topaketa eta bai uztaileko goi bilera ere Hanburgon. Ohi baino goizago izango dira hura, Bundestag-erako hauteskundeek baldintzatuta. Angela Merkelen gobernuak propio ezarri du bere mesedetarako agenda bat Bonneko topaketan; besteak beste, Afrikako segurtasun egoerari buruz eztabaidatu nahi du, hortik iheslariekiko politikaren bat adosteko.

Atzo, afari informal bat egin zuten atzerri ordezkariek, eta gaurkoa izango da bileren egun nagusia. Nolanahi ere, ez dute adierazpen bateratu batekin amaitzeko asmorik. G7aren 2015eko goi bileran bezalaxe, oraingoan ere protestak iragarri dituzte Bonnen. Ordukoan, Bavariako jauregi isolatu batean elkartu zituen Merkelek gainerako agintariak, 24.000 poliziak zainduta.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea