Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Ilusioa antzematen da nonahi

Publizitatea

Kirola

Ilusioa antzematen da nonahi

Espainiako Ligako hasiera distiratsua alde batera utzi, eta Europa liga irabaziz abiatu nahi du Realak gaur Anoetan. Euskal Herrian jokatu duen bi alditan partida berdintzea lortu du Rosenborgek
Realeko jokalariak, Anoetan Vila-reali sartutako hiru goletako lehena ospatzen.
Argazkia: JAVIER ETXEZARRETA / EFE

2017-09-14 / Jon Eskudero

Hemen da Europa liga. Iragan denboraldian bederatzi hilabetez haren atzetik buru-belarri ibili ondoren, Realak gaur ekingo dio luzaroan jomugan izandako lehiaketari. Garairik egokienean helduko dio lehiari, gainera. Espainiako Ligan azaldutako distirari esker, jokoan izandako bederatzi puntuetatik guztiak batu ditu Eusebio Sacristanen taldeak, eta konfiantzaz zein jokoz gainezka dira jokalariak. Nola ez, zaleen ilusioa ere biderkatuta nabari da azken egunotan, benetako aukera ikusten baitute Europan urrun iristeko. Hots, eskaileraz eskailera heltzen da goraino, eta lehen koska Rosenborg izango dute txuri-urdinek, gaur, Anoetan. «Anbizio handia dugu, eta Europan oso urrun iristea da helburua. Horretarako, ondo hastea da ezinbesteko baldintza», esan zuen atzo Eusebio Realeko entrenatzaileak.

Realeko jokalariek ilusio faltarik ez dute izango Europa ligari ekiteko. Datu bat: taldearekin erdiek baino gehiagok ez dakite zer den Europan jokatzea elastiko txuri-urdinarekin. Hori bai, ilusioari neurrian eutsi eta zuhurrak izatea hobe izango dute, Eusebioren esanetan. Besteak beste, Norvegiako ligan lidergoan baitago Rosenborg, eta titulua eskuratzeko bidea aski ongi bideratua du, sei punturen aldea ateratzen baitio bigarren sailkatuari bederatzi jardunaldi falta direla. «Talde landua eta sendoa da Rosengorg, eta ez du ezer oparitzen. Intentsitatez jokatu beharko dugu, eta gure onena eman».

Norvegiako ligan bakarrik ez, Europa ligan sartzeko bidean ere lan bikaina egin du Rosenborgek, hurrenez hurren, Ajax eta Fenerbache kanporatu baititu, izen handiko bi taldeak biak. «Berea ongi egin du partida horietan, eta aurkariak ez dira gai izan irabazteko. Etxean oso indartsua da, baina kanpoan ez hainbeste. Anoetaren indarra baliatu behar dugu». Eusebiok derrigorrezko jotzen du irabaztea, gerora begira lasaitasuna lortzeko. Hasiera batean multzoko aurkari indartsuena Zenit izanik, Rosenborgen kontra kale egitea bekatu handi samarra litzatekeela uste baitu.

Hori bai, etxetik urrun hain emaitza onak lortu ez arren, Euskal Herria gustuko lurra du Rosenborgek, jokatu duen bi alditan ez baita esku hutsik itzuli. Lehen aldiz 1998an jokatu zuen, San Mamesen, Txapeldunen Ligako ligaxkan, eta bana egin zuten. Bi denboraldi geroago Mendizorrotza bisitatu zuen, UEFA kopako final-hamaseirenetan, eta orduan ere bana egin zuten.

Iñigo eta Oiartzabal gabe

Halakorik gerta ez dadin, eskura duen hamaikako «lehiakorrena» zelairatuko du entrenatzaileak. Iñigo Martinez eta Mikel Oiartzabal ez dira osatu, eta deialditik kanpo daude. Raul Navasek ere min hartuta jarraitzen du. Hortaz, defentsaren erdian Aritz Elustondok eta Diego Llorentek jokatuko dute. Zelai erdian baliteke aldaketaren bat egotea, baina ziurra da Asier Illarramendi hasieratik ariko dela. Debuta izango du Realarekin Europako lehiaketa batean. Bide luze baten lehen pausoa eman nahi du Realak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak