Albistea entzun

Auzitegi Nazionalak aurki jasoko ditu presoak hurbiltzeko eskaerak

Zenonek Erkorekari egotzi dio EPPKren inguruan nahasmena eragitea.

Espetxeetako ezezkoen ondoren, «datozen asteetan» igorriko dituzte eskakizunak Espetxe Zaintzara

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko uztailak 8

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek egindako eskaerei buruzko eztabaida «faltsua» da. «Nahasmena» besterik ez du eragiten, eta ez da zuzena. Argi du hori Alfontso Zenon abokatuak. Kalte besterik ez duela egiten dio; eztabaida sustatu dutenak, gainera, nahasmena «nahita» eragiten ari direla. «Sakabanaketa amaitzeko eskaerak eginda daude», ziurtatu du. Eta ohartarazi du ez dela inolako baldintzarik bete behar gerturatzeak galdegiteko: «Presoek etxetik hurbilen dituzten kartzeletan egon behar lukete, legez; beraz, hori betetzeko, ez da behar inolako baldintzarik».

Hala ere, ziurtatu du presoek eginak dituztela eskaerak, horietako askok erantzunak ere jaso dituztela; ezezko erantzunak. Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaileak aurreko astean esan eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak errepikatu duen argudioa entzunda, haserretu egin da abokatua: «Lehen pausoa eman dute, eta hori, logikoa denez, espetxe administrazioan egiten da; bakoitzak bere espetxean egin du eskakizuna».

Castrok esan zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak ez duela jaso preso bakar baten gerturatze proposamenik. Erkorekak adierazpen horiek jarri ditu EPPK-ko kideei leporatzeko ez direla betetzen ari «hartutako konpromisoak». Abokatuaren ustez, ordea, iruzur egiten ari dira, bai bata, bai bestea. Lehenengo ezezkoa jaso ondoren, Auzitegi Nazionalera igorri beharreko eskaerak prestatzen ari dira abokatuak. Castrok azaldu du «aste batzuetan» izango dituela mahai gainean.

Abokatuak sinetsi nahi du epaileak onartuko dituela Zaballako kartzeletara eramateko proposamenak. Hala behar lukeela dio: «Bat egiten dugu Castro epaileak dioenarekin: etxetik gertuko kartzeletan egotea ez da espetxe onura; eskubidea da». Horixe adierazi zuen Zaintza Epaitegiko epaileak aurreko astean. Baina abokatua ez da fio: «Sarritan, gauza bat esaten du, baina gero kontrakoa egiten du», ohartarazi du. «Laster edukiko du gaia mahai gainean, eta ikusiko dugu zer egiten duen, baina hark ere aitortzen du eskubide batez ari garela, ez direla espetxe onurak, legediek eta nazioarteko hitzarmenek jasotzen dutela presoek etxetik hurbilen dituzten kartzeletan egon behar dutela eta beraz, ezin dela baldintzatuta egon».

Auzitegi Nazionalak ere ezezkoa emango balio eskaerari, abokatuek apelazio helegitea aurkeztuko lukete auzitegi berean. Orduan ere ez baliete arrazoirik emango, Auzitegi Konstituzionalera joko lukete, eta azkenik, Estrasburgora.

Baldintzapeko askatasunak

Erkorekak beste argudio bat erabili zuen esateko presoak ez direla ari urratsak egiten: Asier Arronategi presoak baldintzapeko askatasuna jaso izana. Arronategik ETA gaitzetsi, damua azaldu, barkamena eskatu eta justiziari laguntzeko konpromisoa hartu zuen, eta Langraitz bideari helduta ibili da. Notario aurrean egin zuen hori, eta epaileak baldintzapeko askatasuna eman zion. Zenonek azaldu du eztabaida hori ez dela nahastu behar presoak gerturatzearekin.

Zigor osoak betetzeari begirako 7/2003 Legea indarrean jarri zenetik, damuarekin lotutako hainbat baldintza ezartzen zaizkie euskal presoei. «Presoek inoiz ez dute onartu salbuespeneko lege hori», zehaztu du abokatuak. «Beste gauza bat da prozesuak aurrera egiten duen heinean, etxeratzeko prozesu batean, presoak prest daudela legeak eman ahal dizkien aukerak aztertzeko; salbuespen neurriak kentzeko eskatzearekin batera, hori adierazi zuten abenduan».

Sortuk ere hizpide hartu du eztabaida, buruzagi jeltzaleen jarrera gaitzesteko. Erkorekari leporatu dio «gezurretan» aritzea eta «gaizto» jokatzea. «Badaki Zaballarako lekualdatzea ukatzen ari zaiela [presoei] ilegalki».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

<b>Arrasate.</b> Arrasateko eta Hego Euskal Herriko Sarek atzo egindako agerraldia. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Bizi guztiko zigorren» aurkako aldarria, herrietara

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Arrasateko martxa bertan behera utzita, Sarek elkarretaratzeak egingo ditu Euskal Herri osoan. PPk, Voxek eta AVTk beren omenaldiei eutsi diete

Isabel Rodriguez eta Olatz Garamendi, atzo, Madrilen. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Beste bi transferentziari buruzko proposamena egingo du Madrilek urrian

Gotzon Hermosilla

Bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak dira Jaurlaritzari eskualdatu beharreko eskumenak. Transferentzia aurten itxi nahi dute
Alianza Verderen aurkezpena, gaur goizean Gasteizen. ©FOKU

Alianza Verde alderdia bildu dute Elkarrekin Podemosen barruan

Uxue Rey Gorraiz

Bidea hasi berri duen alderdiaren asmoa da «krisi ekologikoaren kontrako borroka ekintza politikoaren lehen lerrora eramatea». Gasteizen egin dute aurkezpena, goizean.

Maria del Rio eta Oskar Matute, artxiboko irudi batean. ©Luis Jauregialtzo / Foku

«Autoritarismoaren olatuari» buru egitera deitu du Alternatibak

Gotzon Hermosilla

Erakundearen Koordinakunde Nazionalak batzarra egin du, eta datozen hilabeteetarako «erronkak eta lehentasunak» ezarri ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.