Albistea entzun

Batasunetik gutxi du UPNk

UPNren kontseilu politikoak bihar aukeratuko du nork beteko duen Barcinak utzitako lekua.

Presidenteak argitu du ez duela kontseilua atzeratuko.

Catalan eta Esparza dira faboritoak
Alberto Catalan, Nafarroako Parlamentuan, iragan asteartean.
Alberto Catalan, Nafarroako Parlamentuan, iragan asteartean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2014ko azaroak 28 - Iruñea

Ez da giro UPN barruan. Alderdiaren euskarazko itzulpenak (Nafarroako Herri Batasuna) hozkirria eragingo lieke alderdiko kide guztiei, begi bistako arrazoiengatik. Ezker abertzalearen alderdi historikoaren antipodetan dago UPN, baina azken asteko gertaerek erakusten dute izenaren esanahia urrun geratzen zaiola. Nafarroako eskuineko sektoreen batasuna pitzatuta dago. Historikoki, UPNk ondo jakin izan du barruko sektoreak kontent izaten eta barne krisiak eragozten. Nolanahi ere, Barcinak hautagaitzari uko egin ostean, benetako lehia ireki da zerrendaburu nor izango. Barcinaren zein Sanzen ingurukoek neutraltasuna eta kontsentsua eskatu dute, baina borroka betean dira bi taldeak: batzuek alderdiko botereari eusteko, besteak boterearen zati bat bereganatzeko. Sanzek primarioak eskatu ditu, baina Barcinak ukatu egin du. Hautagaietako hiruk kontseilua atzeratzeko eskatu dute, eta Barcinak ukatu du ere. Haren autoritarismoaren aurkako kritikak gero eta ozenagoak dira.

Alderdiaren izena dena delakoa izanik ere, hautagai berriarekin garai berri bat irekiko da UPNren barruan. Jesus Aizpun alderdiaren sortzailea 1998an hil zenetik, UPNk bi buruzagi izatea saihestu du, eta gobernuko lehendakaria alderdiburua izan da. Urte luzez Miguel Sanzek bereganatu zuen botere guztia, eta haren bidetik jarraitu zuen Barcinak. Alta, azaroren 10ean Nafarroako presidentegai izateari uko egin ostean, behin-behinean gutxienez UPNk bi buruzagi izango ditu. Izan ere, Barcinak ez dio UPNko presidentetzari uko egin eta alderdiaren barne kontrola izaten jarraituko du. Orain falta da jakitea buruzagitza haren sokako menpeko batekin edo arerioen sektoreko beste batekin partekatu beharko ote duen.

ALBERTO CATALAN

Azken trenaren aurrean

Azken egunean, azken orduan aurkeztu zuen hautagaitza Alberto Catalanek. Bere bizitza politikoko azken aukeraren aurrean dago. Urte ugari eman zituen Miguel Sanzen itzalean, eta 2009an alderdiko buruzagitza utzi zuenean, bere herrikide eta adiskideak Barcinaren alde egin zuen. Sanzen hatzak aukeratutakoa berretsi zuen UPNko kongresuak. Garai hartan Iruñeko alkatea Alberto Catalan baino aktibo politiko erakargarriagoa zen, eta, ziurrenik, Sanz beldur zen postu hura eman ezean sortu berri zen Nafarroako PPra alde egingo ziola Barcinak. Hala, berriz, bere ordua noiz iritsiko zain geratu behar izan zuen Catalanek.

Iaz sortu zitzaion aukera. UPNko kongresura begira alderdiko buru izateko hautagaitza aurkeztu zuen, baina ozta-ozta bada ere, militanteen botoen %51,8 eskuratuta irabazi zion lehia hura Barcinak. Emaitza hark agerian utzi zuen UPN erdibituta zegoela, baina Catalani galtzailearen arrastoak jarraitu dio geroztik. Lehia hartatik Barcina garaile atera arren, haren lidergoa eta gestioa oso kritikatua izan da alderditik kanpo eta alderdi barruan. Uda amaieran, ez zegoen argi Barcinak hautagaitza aurkeztuko ote zuen, baina duden aurrean, Catalanek bere babesa eman zion. Mugimendu taktikoa antzematen zen atzean: maiatzeko hauteskundeen ondoren gobernua osatzeko balizko zailtasunen aurrean, Barcinak utz zezakeen lekua betetzeko posizio egokian topatuko zen horrela.

Barcinaren amore emateak kalkulu politiko horiek hankaz gora utzi ditu, eta bere azken aukeraren aurrean dagoela jakinik, berriro hautagaitza aurkeztu du. Ikusteko dago Sanzen sektorearen babes osoa ote duen edo Barcinari bere babesa eman ondotik ez ote duten batzuek traidoretzat hartzen. Esanguratsua da, adibidez, Alberto Catalan ez zela egon Sanzek urriaren 10ean Muga de Beloso hotelean antolatutako bazkarian. Han, sektore kritikoak Barcinaren gestioa gaitzetsi zuen, eta jarrera hori erabakigarria izan zen Barcinak atzera egiteko. Bihar ikusiko da Catalanek kalkulatutako mugimendua edo etsian egindako jauzia egin duen.

JOSE JAVIER ESPARZA

Barcinaren hautagaia

Alberto Catalan fitxa mugitzen azkena izan zen, eta Jose Javier Esparza lehena izan da. Diskrezioz mugitu da egunotan, eta komunikabideen aurrean polemika oro saihestu du. Catalanek, Amelia Salanuevak edo Sanzen ingurukoek primarioak etengabe eskatzen zituzten aldean, Esparza isilik agertu da, eta kazetariek galdetu izan diotenean, ez da busti, nahiz eta inplizituki egungo prozedura babestu:«Esan izan dut ez dudala aldi berean parte hartzaile eta epaile izan nahi».

Barcinak eta bere ingurukoek egin diote lan zikina. Nahiz eta iragarri ez dutela ezein hautagaiaren alde egingo, primarioetara deitzeko ate oro itxi dute: «Ez da hori herritarrek eskatzen dutena». UPNko presidenteak kontzesio bakarra egin dio sektore kritikoari: hurrengo hautagaia ez du hautatuko bere kontrolpeko zerrenden batzordeak, bere kontrolpeko kontseilu politikoak baizik. Eskema horren barruan, Esparzak aukera gehiago ditu irabazteko. Hala ere, era berean, ahaleginak egin ditu Barcinarengana askorik ez hurreratzen. Kontsentsuko hautagaiaren profila bete nahiko luke Esparzak, etiketa horren pean etorkizuneko lider nagusia bihurtzeko.

Hain justu ere, mezu hori eman zuen asteartean Miguel Sanzek. UPNko presidente ohiaren iritziak pisu handia du oraindik ere, eta zuzendaritzari erregutu dio lau hautagaien artean kontsentsuzko hautagai baten alde egiteko: «Ez da posible arduraz jokatu eta bakoitzaren sendotasun zein ahuldadeak neurtu ostean hautagai baten alde egitea?».

AMELIA SALANUEVA

Primarioak erreguka

Sanzek hori esatearekin batera, zuzendaritzari «tematuta» egotea eta primarioetara ez deitzea egotzi dio. Salaketa bera egin du etengabe Amelia Salanuevak. UPNko senatariak astelehenean bere hautagaitza aurkeztu zuenean, iragarri zuen atzera egingo zuela baldin eta zuzendaritzak primarioetara deitzen ez bazuen. Oraingoz ez du bere hitza bete, eta ikusi beharko da bihar aurrera jarraitzen duen. Sektore kritikoarentzat ez luke zentzu handirik bi hautagai batera aurkezteak, eta horregatik, litekeena da uneren batean Salanuevak atzera egitea.

JUAN RAMON RABADE

Enbarazu egiteko gertu

Rabadek harrizko gonbidaturen itxura du. Orain, lehia nagusia Esparzaren eta Catalanen artean emango dela dirudi, eta benetako ezustekoa litzateke, baldin eta Tuterako ospitaleko zuzendaria beste hirurei gailenduko balitzaie. Dena den, Rabaderen presentzia erabakigarria izan daiteke, hari babesa ematen diotenek galtzailea lurperatu dezaketelako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Egitasmoa babesten duten zenbait kide, gaur, Nafarroako Jauregiaren aurrean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroa XXI dinamika sortu dute, Foru Hobekuntzaren inguruko «herri kontakizun bat» sortzeko

Ane Eslava

Nafarroaren «autogobernu galerarekin larrituta», herrialdearen orainaren eta etorkizunari buruzko eztabaida «plural eta parte hartzailea» sustatu nahi dute.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Presoek egiteko bat dute elkarbizitzaren eraikuntzan»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Dudouetek uste du euskal prozesua «berritzailea» eta «inklusiboa» izan dela, aldebakarrekoa ez ezik: «Egon da elkarrizketa bat; euskal elkarrizketa bat». Itxaropenez egiten die so azken aitzinamenduei.

 ©Jon Urbe / FOKU

Herri baten biderako gakoak

Enekoitz Esnaola

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek

<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Joxerra Senar

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna