Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Bagoaz-ek bizi osorako zigorrak salatzeko mobilizazioa antolatu du

Publizitatea

Politika

Bagoaz-ek bizi osorako zigorrak salatzeko mobilizazioa antolatu du

Martxoaren 25eko manifestaldira deitu du kolektiboak, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Nekane Txapartegiri zigorra hiru urte eta erdiz murriztu dio Espainiako Auzitegi Gorenak
Bagoaz kolektiboko kideak, atzoko agerraldian. Ezkerretik lehena, Oihana Parot, Unairen alaba.
Argazkia: BOB EDME

2017-02-16 / Ion Elizondo

Bizi osorako kondenan dira Ion eta Unai Parot, Frederique Haranburu Xistor eta Jakes Esnal euskal presoak. «27 urte preso hartuak izan direla, nahiz eta aske egoten ahalko ziren. Azken hilabete eta urteetan baldintzapean aske uzteko eskaera guziak ezeztatuak izan dira, salbu Lorentxa Guimonena, larriki eri baitzen», azaldu du Emilie Martinek, Bagoaz kolektiboko bozeramaileak.

Erabaki ezkor horiek guziak ikusita, kolektiboa azalpen bat aurkitzen ahalegindu da, eta ebatzi du soilik «erabaki politikoak» direla: «Baldintzapean aske uzteko eskaera guziak ongi eginak dira, berme guztiak beteak dira [lana, etxea, proiektu profesionala]; beraz, juridikoki ez da arazorik. Erabakien muinean argudio politikoak atzematen ditugu. Euskal presoei leporatzen zaie militante independentistak izatea eta ETAtik hurbil izatea».

Auzitegiek eta salbuespenezko epaiek hautua egin dute automatikoki eskaera guziak ezeztatzea, eta Bagoaz-i iruditzen zaio erabaki «pentsatuak, asumituak eta planifikatuak» direla. Epaiketetan prokuradoreak izan jarrera ere salatu nahi izan du: «Prokuradoreak beti eskaeren kontra egiten du. Lorentxa Guimonen kasuan ere, bi hilabetez gibelarazi du hura baldintzapean aske izatea. Epailearen erabaki positiboak daudelarik, automatikoki dei egiten du».

Horrez gain, Frantziak azken urteetan jasan dituen eraso larriek larrialdi egoera etengabe luzatzera bultzatu dute gobernamendua, baita legedia gogortzera ere. Bide beretik, kolektiboak ez du uste justizia botere exekutibotik independentea izan daitekeenik. «Urgentziazko denboraldia martxan denetik, lege antiterrorista guztiak gogortuak izan dira, eta de facto euskal presoei aplikatuak dira. Ion Paroten kasuan, adibidez, bere bortzgarren eskaeraren erantzunaren zain da, eta erabakia luzatu da lege berri horiek martxan eman baitira», esan du Emilie Martinek.

Bozeramaileak azpimarratu du egoera horren erantzule bakarra Parisko gobernamendu sozialista dela, eta «eginiko gehiegikeriak» bere gain hartu beharko dituela. «Nahi bazuten bake prozesua aitzinarazi, eta presoen egoerari konponbide bat eman, egiten ahal zuten, baina Espainiako Gobernuari lerrokatuak egoten dira [...] Bilduma hor dugu: hurbilketarik ez, askatzerik ez. Bilan hori ikaragarria da. Gobernuak ez du kuraia politikorik izan bake prozesuan ekarpen baikor baten egiteko».

Hala eta guztiz ere, «legearen aplikazio hutsa» galdegin dute Bagoaz-ek eta senideek, eta, hori aldarrikatzeko, manifestaldia antolatuko dute heldu den martxoaren 25ean, Donibane Lohizunen (Lapurdi), arratsaldeko 17:00etan.

Zigor murrizketa

Nekane Txapartegiri zigorra murriztu dio Espainiako Auzitegi Gorenak, zigorra sei urte eta bederatzi hilabetetik hiru urte eta erdira jaitsiz. Erabaki horren hartzeko, Gorenak Zigor Kodeko 579 bis 4. artikulua baliatu du, «erabilitako medioak eta eragindako ondorioak» aintzat hartuta, «larritasun gutxiagoko» gertaeretan zigorra gradu bat edo bi murrizteko aukera ematen baitio.

2007ko abenduan, Auzitegi Nazionalak 11 urteko kartzela zigorrera epaitu zuen, «etakidea» zela egotziz. 2009an, epaitegiak sei urte eta bederatzi hilabetera jaitsi zuen kondena, delitua «kolaborazioa» zela eta ez «integrazioa» ebatzita.

1999ko martxotik azarora eduki zuten preso Txapartegi, baina Suitzan bizi izan da azken urteetan. Espainiaren estradizio eskaera bat zela-eta atxilotu zuten joan den apirilean, eta han dute preso geroztik. Estradizioa ukatzeaz gain, asilo eskaera ere egin zuen Txapartegik Suitzan; bereziki, 1999an jasandako torturaren salaketa oinarri hartuta.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak