Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Korrikan elkarrekin parte hartuko dute euskalgintzak eta instituzioek

Publizitatea

Gizartea

Korrikan elkarrekin parte hartuko dute euskalgintzak eta instituzioek

Santiago zubian batera egingo dute kilometroa, zubigintzaren eta mugak gainditzearen ikur gisara. Hiriburuetako udalak ere batera irtengo dira. Nafarroako udal gehiago izango dira
Argazkia: JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2017-03-21 / Garikoitz Goikoetxea

Elkarlan hotsak gero eta ozenago entzuten dira euskalgintzan, eta horren ikur izango da 20. Korrika. Elkarrekin eramango dute lekukoa euskalgintzako eragileek eta erakundeetako ordezkariek. Apirilaren 4an izango da. Leku berezia hautatu dute: Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan egingo dute, Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian. Pisu handiko irudia izango da, eta esanahia ere horrelakoa eman nahi dio AEK-k: zubien beharra irudikatu nahi dute, elkarlanarena, eta euskararen lurraldeko mugak gainditu beharrarena. AEKren ekimenez batuko dira.

Datorren astean hasiko du bidea Korrikak, martxoaren 30ean, ostegunean. Otxandion (Bizkaia) abiatuko da, eta Iruñean amaituko da, apirilaren 9an, igandearekin. Batzuk leloa izango du, bat eta zuk hitzak elkartuta. Euskarara batzeko deia zabaldu nahi dute.

Gogoeta garaian dator Korrika aurten. Ziklo aldaketaren ideiak pisu handia hartu du. Korrikaren aurkezpenetan ere hizpide izan dute lankidetzaren beharra. Gisa bereko iritzi gehiago agertu dira. Adibide gisa har daitezke BERRIAn egindako bi elkarrizketa. Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburua: «Benetako gogoa nabari dut beste era batera lan egiteko». Lankidetzaz jardun zen: «Esango nuke denok sumatzen dugula premia». Bide beretik, Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia: «Legealdi honetan lankidetza egoki bat aurkitu behar da, hizkuntza politika eragingarri bat abian jartzeko».

AEK, elkarlan eske

Aurreko Korrikaren aldean, beste testuinguru bat ere badago. Gobernua aldatu da Nafarroan, eta Euskal Elkargoa sortua da. Gainera, Korrikaren amaierarekin bat egingo du ETAren desarmatzeak.

Aldaketen hatsa Korrikara ere heltzeko, orain hilabete batzuk hasi zituen harremanak AEK-k. Gutun bat igorri zien Kontseiluko zuzendaritzako kideei eta erakundeetako ordezkariei, Euskararen geroa: elkarlanean eta auzolanean, elkar hartuta izenburupean. Eskutitzean adierazi die «ezinbestekoa» dela administrazioen eta euskalgintzaren arteko elkarlana. «Bidea urratzeko garaia delako uste osoa daukagu». Horretarako, elkarlanaren irudi, «euskararen lurraldea» ikusarazi nahi dute kilometro horrekin, eta posible dela «euskararen geroa bermatzea» elkarlanean arituta. «Nahitaez egin behar dugu aurrera elkarrekin; beraz, irudi horrek erakutsi beharko luke elkarren funtzioa aitortzen dugula, eta gure arteko kidetasun-osagarritasun funtzioa». Aitortzarena da, hain justu, euskalgintzaren urteetako aldarri nagusietako bat.

AEKren proposamenak erantzun handia jaso du. BERRIAk jakin duenez, han izango dira instituzioetako agintariak; besteak beste, Zupiria Jaurlaritzako sailburua eta Ana Ollo Nafarroako kontseilaria. EEP Euskararen Erakunde Publikoko arduradunak ere joatekoak dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako ordezkaritza ere izango da; Gipuzkoako Diputaziotik, adibidez, Markel Olano ahaldun nagusia da joatekoa, Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariarekin batera. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Josu Labaka ere bai. Kontseiluko kideak ere han izango dira, Bilbao idazkari nagusia buru dela.

Udalak ere elkarrekin

Ez da batasun irudi bakarra izango Santiago zubikoa. AEK-k berak elkarrekin kilometro bat egiteko proposamena egin die zazpi hiriburuetako udalei. Otxandion izango da, Korrikaren bigarren kilometroan. Udal ordezkariak zein izango diren zehazten ari dira.

Euskarari bizkar emanda dauden herritarrak batzea du helburu aurtengo Korrikak. Asmo horrekin gonbidatu ditu alkateak elkarrekin parte hartzera. Hala dio AEK-k zazpi udalei igorritako gutunean: «Euskara biziberritzeko bidean, ekarpen ordainezina litzateke mezua zabaltzeko ahaleginean eta euskarari prestigioa emateko orduan». Haren ustez, herritarrak Korrikara elkartzeko «akuilua» litzateke batasun hori.

Korrikaren lehen egun horretan, martxoaren 30ean, Gasteiztik igaroko da lasterketa. Erakundeetako kilometroak izango dira han; besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena eta Eusko Legebiltzarrarena. Ipar Euskal Herrian, aurrekoen gisan, elkarrekin aterako dira alderdietako ordezkariak. Ez dute zehaztu non izango den hori.

Nafarroako aldaketa

Nafarroan egongo dira berritasun handiagoak. Kilometro bat erostea erabaki zuen atzo parlamentuko mahaiak —alde bozkatu zuten Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu-k, eta aurka UPNk; beste taldeak ez daude mahaian—. Bozeramaile batzordeak adierazpen bat onartu zuen, Korrikara dei egiteko, laukotearen ekimenez. UPNk eta PPk aurka egin zuten; PSNk, alde, parlamentuak kilometroa erosteari buruzkoan izan ezik: abstentziora jo zuen. Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak ere erosi dituzte kilometroak.

Herrietan ere nabarituko da aldaketa. Kilometroak hartu dituzte udal andana batek, baita hegoaldeko herrietan ere: Castejon, Cascante, Lodosa, Sartaguda... Euskararen Legearen aldaketa legebiltzarrean eztabaidagai duten garaian iritsiko da Korrika herri horietara —eremu ez-euskaldunetik mistora igarotzeko eskatu dute hogei herrik baino gehiagok—. Iruñean, Joseba Asiron alkateak eramango du lekukoa. 2.500 kilometro izango ditu Korrikak aurten. Aldaketaren ispilu.

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea Garikoitz Goikoetxea

Publizitatea