Albistea entzun

Aurrekontuaren %1 berdintasun politikarako jarriko du Gipuzkoak

Berdintasunerako foru araua onartu dute Batzar Nagusiek, aho batez.

Politiketan genero ikuspegia zaintzeko organoa sortuko dute.

Alardeen inguruko aipamenik ez dago arauan
Mugimendu feministako kideak, atzo, Batzar Nagusietan, Ugartek arauaz emandako azalpenak entzuten.
Mugimendu feministako kideak, atzo, Batzar Nagusietan, Ugartek arauaz emandako azalpenak entzuten. G. RUBIO / ARP

Maite Asensio Lozano -

2015eko martxoak 5 - Donostia

Aho batez onartu zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusiek Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako Foru Araua. «Urrats historikotzat» hartu zuen Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak, halako lehenengoa baita aldundien artean. Berdintasun organo ikuskatzaile bat sortzea ekarriko du arauak, baita diru baliabideak ziurtatzea ere: 2020rako aurrekontuaren %1 berdintasun politiketara bideratuko du diputazioak; egun baino bost aldiz gehiago.

Politika publikoetan «beste begirada bat» txertatzea du xede arauak, Laura Gomez Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak azaldu duenez. Ekonomia feministan oinarritzen da planteamendua: «Pertsonen zaintza beharrizanei erantzun behar diete erakunde publikoek. Baina indarrean den eredu sozioekonomikoak ez die bizitzako behar horiei erantzuten, etekin ekonomikoak pilatzea baita lehentasuna; horren mende jarri baitu bizia. Beraz, zaintza beharrak esparru pribatuan konpontzen dira, emakumeen bizkar, eta oso modu prekarioan».

Pozik agertu da Gomez: «Oso arau ona da». Prozesuan eragile askok parte hartu dute: Gunean bildutako eragile feministek, berdintasun teknikariek, aldundiko talde politiko eta teknikoek... «Legitimitate handiarekin heldu zen araua Batzar Nagusietara: ez zen Bilduren araua, baizik eta hainbat eragilerena». Are, alderdi guztien zuzenketaren bat onartu dute. «Testua handinahia zen landu genuenean, eta bidean asko aberastu da». Hona arauaren giltzarri nagusiak:

ARAUA, BLINDATZEA

Bi abiadura dauzkate berdintasun politikek. Batek larrialdiei aurre egiten die. Besteak epe luzerako politika zehazten du: «Eraldaketarako agenda ere landu behar dugu: gipuzkoarrentzat nolako bizi duina nahi dugun eztabaidatzen eta adosten hasi behar dugu». Horretarako sortu zuten Gunea, «mugimendu feministarekiko interlokuzioa izateko».

Abagune horretan landu dute araua. Baina zergatik arau bat, eta ez berdintasun plan bat? «Arauak legezko markoa ematen dio, denbora mugarik gabe. Gehiengoaren akordioa dakar, Batzar Nagusiek onartua delako», erantzun du Gomezek. Funtsean, eraldaketarako agendari egonkortasuna emango dio, edozein alderdi dagoela gobernuan: «Orain arteko lana nolabait blindatu egingo du».

ALDAKETAK EGITURAN

Administrazioaren ohiko prozeduretan —estatistikak, aurrekontuak, kontratazioak, giza baliabideen kudeaketa...— zein politika sektorialetan genero ikuspegia txertatzea ekarriko du arauak. Hori bete ahal izateko, diputazioaren barne egitura moldatuko dute. Batetik, berdintasun unitate berriak eratuko dituzte sailetan, administrazio postuetan, berdintasun politiketan trebakuntza dutenekin. Bestetik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako foru organoa sortuko dute, politikak sustatzeko ez ezik, arau eta dekretuen genero inpaktua ere egiaztatzeko. «Ez da loteslea izango, baina pisu politiko handiagoa izango du».

INDARKERIA MATXISTA

Berdintasun Zuzendaritzak hartuko du indarkeria matxistaren aurkako politikak koordinatzeko ardura. «Arauak argi uzten du begirada feministarik gabe ezin dela bortizkeriaren aurkako politika egin». Berritasun bat badakar testuak, indarkeria definitzean: «Emakumeen aurka emakume izateagatik hainbat modu eta espaziotan egiten den bortizkeriaz gain, heteroaraua hausten duten gorputzen aurkako bortizkeria ere bada indarkeria matxista». Transfobia, lesbofobia eta homofobiaren aurkako jardunari pisu handiagoa eman nahi izan diote: «Erakunde publikoen artean ez dago koherentziarik auziok jorratzean: ez daude agendan».

NEURRI ZEHATZAK

Egituran ez ezik, aldundiaren gainerako politiketan ere eragin nahi du arauak. Esparru ekonomikoan: «Atal bat dago genero dimentsioetara egokitutako zerga politika progresiboaz: zergek generoaren arabera duten inpaktua aztertu eta hortik datozen desorekak zuzentzeko neurriak hartu, kapitalaren errentetatik diru gehiago bildu lanaren errentetatik baino...».

Alde horretatik, erantzukidetasunerako neurriak ere txertatu dituzte. «Bizitzaren zaintzaz eta ongizatea hobetzeaz arduratu behar du merkatuak ere, eta, beraz, enpresek». Diputazioaren kontratuak eta diru laguntzak baliatuko dituzte horretarako: «Enpresetan lan egiten dutenentzako bizi-baldintza duinak eskatuko zaizkie. Bestela, ematen du etxeko lanak banatzera mugatzen dela erantzukidetasuna, baina harago doa, gizarte osoari dagokio: administrazioek, etxeek eta enpresek erantzun behar dute».

AURREKONTUA

Hori guztia aplikatzeko baliabide ekonomiko esanguratsuak izango ditu aldundiak: erakundearen aurrekontuaren %1 berdintasun politiketarako jarri beharko du 2020rako. Aurrekontua boskoiztea ekarriko du horrek: egun %0,21 baliatzen da arlo horretarako, eta %0,06 zen Bildu diputaziora heldu zenean. PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa bati esker lortu dute akordioa, Gomezek azaldu duenez: «Hasieran, arauak bazioen baliabide gehiago beharko zituela, baina ez genuen ehunekorik zehaztu». Dirua «arduraz» erabili beharraz ohartarazi du, halere: «Milioi eta erdi eduki beharrean ia zazpi milioi kudeatuko ditugu; beraz, diru horretarako egiturak eta programak sortu beharko ditugu».

JAIEN AUZIAN, APAL

Jaiei buruzko artikuluen negoziazioa gaiztotu du Irun eta Hondarribiko alardeen auziak. EAEko Berdintasun Legeak gaiari buruz dakarrena baino eduki apalagoa du arauak. Bestelakoa zen diputazioak hasieran proposatutakoa: andreak diskriminatzen edo baztertzen dituzten aisialdi edo ospakizun ereduei babes instituzionala kendu behar zien aldundiak, besteak beste. EAJk eta PSEk ez zuten onartu, eta puntu hori atzera bota zuten zuzenketa bidez. EAEko legearen edukiarekin ordezkatzea ere ez zuten ontzat jo.

Kontraesana ikusten du Gomezek. «Eusko Legebiltzarrean euren alderdiek onartu zuten berdintasun legearen agindua bete behar dute, eta argi dio erakundeek ezin dituztela halakoak babestu». Gainera, alardeez harago doa auzia: «Festetan eta aisialdi espazioetan andreen diskriminazio kasu gehiago dago Gipuzkoan; udalak ez dira esku hartzen ari, ez dutelako halako gatazkarik eragin nahi. Guk ardura dugu hor».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Arantxa Iraola

Manifestazio baterako deia egin dute langileekin batera, hilaren 15erako; 'Onkologikoa monografikoa eta bizirik' aldarriak batuta irtengo dira dira kalera guztiak.

San Cristobal de las Casas herriko irudia, Chiapasen, Mexikon. ©Carlos López, EFE

Chiapasen desagertu diren bi euskal herritarrak aurkitzeko laguntza eskatu dute haien familiek

Uxue Rey Gorraiz

Gutxienez hilabete daramate desagerturik, Frantziako Enbaxadak jakinarazi duenez. Bat Donibane Lohizunekoa da; bestea, Ziburukoa.

Grebalari bat, gaur, foru jauregiaren aurreko protestan. ©Monika del Valle / Foku

Bizkaiko zahar etxeetako hiru greba egunen «balorazio positiboa» egin du ELAk

Maite Asensio Lozano

Lan itunaren negoziazioa desblokeatzeko eskatu dute langileek, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean egindako protestan. Prest agertu dira greba gehiagora deitzeko.

Lapurtzen saiatu diren bankua, Gasteizko Done Jakue hiribidean. ©Google Maps

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen banku batean lapurtzen saiatu ostean

Julen Otaegi Leonet

Bi gizon saiatu dira lapurreta egiten, suzko arma batekin. Bata atxilotu egin du Udaltzaingoak, eta besteak ihes egitea lortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...