Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Opera 'borobilena' bueltan da

Publizitatea

Kultura

Donostiako 78. Musika Hamabostaldia

Opera 'borobilena' bueltan da

Mozarten 'Figaroren ezteiak' opera entzutetsua berreskuratu du Musika Hamabostaldiak, Yi-Chen Lin zuzendariarekin. Bihar izango da lehen emanaldia, eta 15ean bigarrena
Operan parte hartuko duten kideetako zenbait, atzo, Kursaalean.
Operan parte hartuko duten kideetako zenbait, atzo, Kursaalean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-08-12 / Itziar Ugarte Irizar

Duela 70 urte Figaroren ezteiak ez zela Donostiako Musika Hamabostaldian taularatzen. Lantalde sendoarekin, eta Yi-Chen Lin zuzendari taiwandarra gidari, bihar itzuliko da W. A. Mozarten opera klasikoa Kursaalera. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (EOS) gertatu dute Hamabostaldirako emanaldia, eta Easo abesbatzak ere hartuko du parte. Kantariak, denera, 11 izango dira: Lucas Meachen (kondea), Carmela Remigio (kondesa), Katerina Tretyakova (Sussana), Simon Ofila (Figaro), Clara Mouriz (Cherubino), Marina Rodriguez Cusí (Marcellina), Valeriano Lanchas (Don Bartolo), Juan Antonio Sanabria (Don Basilio), Gerardo Lopez (Don Curzio), Fernando Latorre (Antonio) eta Belen Roig (Barbarina). Biharko emanaldia asteartean egingo dute berriz, iluntzeko zazpietan.

«Mozarten partituretan ez dago nota bat bakarra ere sobran; dena dago egon behar den lekuan», esan du Yi-Chen Linek. XVIII. mendean idatzita dago, eta sasoi hartako Erregimen Zaharrean jauntxoek zuten lehen gaueko eskubidearen aurkako opera da, hots, nobleek euren zerbitzariekin oheratzeko zuten eskubide feudalaren aurkako aldarria. Hala ere, operaren «gaurkotasuna» nabarmendu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak, eta hiru gakorekin laburtu du obra: politika, feminitatea eta sexualitatea. «Oinarri-oinarrian dagoena trama sexuala da, nor norekin oheratzen den».

«Ni naiz denaren erruduna». Simon Ofilak esan du, Figaro pertsonaia interpretatzen duenak; bera baita pertsonaien arteko tirabirak eragiten dituena ere, hein handi batean. Bere ibilbidean gehien interpretatu duen pertsonaia da Figarorena, apurka mamituz joan dena, erabat bere sentitu duen arte.

Arazoak saihesteko, Figaro pertsonaia hiltzea agindu ahalko luke kondeak, baina hain dago aldakor gizartea, ez baitu halakorik egingo. Lucas Meachem baritono estatubatuarrak du kondearen rola, eta operak irudikatzen duen tentsio soziala nabarmendu du: «Publikoak ezin du ahaztu iraultza baten atarian dagoela». Izan ere, Mozartek Frantziako Iraultza baino hiru urte eskas lehenago estreinatu zuen obra, Vienan, Lorenzio Da Ponte libretistaren lanetik abiatuta.

Aldaketa horien «lekukoa» da Clara Mouriz mezza-soprano donostiarraren pertsonaia. Cherubinoren rola interpretatzen du: «Nerabe bat da Cherubino, trama guztiaren erdian dagoena; kondesak erabat maiteminduta dauka, eta beti dago egon behar ez duen lekuan. Hormona ibiltari bat da, eta, inozentzia horretatik, aldatzen ari den guztiaren testigu da». Lehen aldia du Hamabostaldian Mourizek; beretzat «etxera itzultzea» dela dio.

Donostiarako egokituta

Donostian opera egiteko aukerak urriak direla esan du Gorka Miranda Easo abesbatzako zuzendariak, eta, beraz, eurentzat «ekitaldi ezinbestekoa» dela azaldu du. Koruko hemezortzi kidek operako hiru unetan abestuko dute: «une motzak, baina zehatzak». Bereziki eskertuta agertu da Miranda Lin zuzendariak koruarekin egin duen lanarekin. Izan ere, uztailean Madrilgo Escorialeko monasterioan eman zuten opera, eta EOSekin eta Easo abesbatzarekin egiteko moldatu behar izan dute orain. Prozesu guztian izandako lan giro «aberatsa» nabarmendu dute, hala ere, abeslariek nola zuzendariak berak.

Figaroren ezteiak «inoiz idatzi den operarik borobilena» dela errematatu du Meachemek, eta bat etorri da Alfaya: «Jenio baten lanak iraun egiten du denboran; horrek egiten du bat jenio, edozein dela arte diziplina». Katerina Tretyakovak —Sussanaren pertsonaia du— obrak «giza kondizioa» duela ardatz gehitu du, eta hori beti dela «atenporala».

Linek azaldu du oreka lortzen saiatu dela, ahotsen artean ez ezik, operaren tonu serioaren eta umoretsuaren artean ere; hori izan da obra klasikoari ikuspuntu pertsonala emateko hartu duen bidea. Musika Hamabostaldiaren 78 urteko historian aurreneko emakume zuzendaria izango da: «Denek galdetu didate horretaz, eta zer nahi duzue esatea, zerbait naturala da niretzat».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak