Munduan lekua aurkitu ezinik

Donostiako 63. Zinemaldiko Zuzendari Berrien sailean lehiatuko diren hamahiru filmek egungo balioen krisia islatzen dute.

'Pikadero' euskarazko lana dago aukeratuen artean
'Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira <em>Pikadero</em> filmeko protagonistak.
'Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira Pikadero filmeko protagonistak. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Ihintza Elustondo -

2015eko uztailak 29
Hazi nahi eta ezin. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariaren arabera, egungo egoera zein den argi islatzen da 63.edizioko Zuzendari Berrien Sailean. «Munduan euren lekua bilatu nahian ari diren gazteen arazoak presente daude ia pelikula guztietan». Atzo jakinarazi zuen Kutxak eta Donostiako Zinemaldiak elkarlanean antolatutako lehiaketan parte hartuko duten hamahiru pelikulen zerrenda. 50.000 euro jasoko ditu Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzen duen filmaren egileak. Zuzendari berriek zinemaren merkatuan sartzeko izan ohi dituzten oztopoak saihestea du helburu zinemaldiko sail horrek.

Mundu osoko zuzendarien lanak aukeratu dituzte. Egin duten lehenengo edo bigarren pelikula dute guztiek lehiaketan aurkeztutakoa. Horien artean bat nabarmendu zuen Rebordinosek, euskara hutsean delako: Pikadero (Ben Sharrock, Euskal Herria-Erresuma Batua). «Oso harro gaude». Kasu «bitxia» iruditu zaie, zuzendari eskoziar batek euskaldunei buruz egin duelako. «Euskaldunen ikuspegia islatzen da, umore ukitu batekin. Europa iparraldeko umorea du, kasik Aki Kaurismakiren estilora». Topikoak ageri diren arren, ez omen du Ocho apellidos vascos-ekin zerikusirik. «Harriturik» daude errealizazioarekin, enkoadraketa eta eszenaratzea interesgarriak iruditu zaizkielako. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira komedia erromantiko honetako protagonistak. Krisi ekonomikoak gogor erasotako Euskal Herriko bikote baten istorioa interpretatu dute.

Zuzendari Berrien Sailean lehiatuko diren filmak aukeratzerakoan, interesgarrienak iruditu zaizkienen alde egin dute antolatzaileek. Mundu osoko lanak direnez, gaiak ere askotarikoak dira. Dena den, gaiei bereziki erreparatu ez dieten arren, badago zerbait behin baino gehiagotan errepikatzen dena: gazteen egoera islatzen dute, orokorrean munduan, eta batez ere Europan. Gizartea konplexua dela erakusten dute, Rebordinosen arabera, aurrera egitea duela urte batzuk baino zailagoa delako egun. Krisi ekonomikoaz gain, baloreen krisia da nagusi. Mundua ulertzeko moduaren inguruan hausnartzen dute pelikulek.

Mugak deseginez

Gero eta gehiago dira herrialde bat baino gehiagok elkarlanean ekoitzitako filmak. «Munduak gero eta muga gutxiago ditu», azaldu zuen Rebordinosek. Pikadero-z gain, Paula da egoera horren beste adibide bat (Eugenio Canevar, Argentina-Espainia). Argentina eta Espainiak elkarrekin egindako lana da. Zuzendaria Gloria baila film laburrarekin aurkeztu zen lehenengoz Donostiako Zinemaldian, Ikasleen Nazioarteko Topaketan. Sail horretan parte hartzean, «hastapenetako talentua erakutsi zuen», Rebordinosen iritziz. Gaur, beste sail batean aukeratu dute haren Paula film luzea. «Noizbait Sail Ofizialean lehiatuko balitz, zinemaldiak bere helburua lortuko luke». Izan ere, zinemaldiko zuzendariaren arabera, jaialdia «guztia» da, eta sailen artean komunikazioa egotea erdietsi nahi dute.

Beste hiru film ere herrialde bat baino gehiagoko kapitalak batuz eginak dira. Bost herrialderen artean ekoitzi dute Rodinny film / Family film (Olmo Omerzu, Txekiar Errepublika-Alemania-Eslovenia-Frantzia-Eslovakia). Kontakizun honetan, bikote bat itsasora joango da, seme-alabak etxean bakarrik utzita, haiek askatasunez bizitzea zer den aztertzen duten bitartean. Ontziarekin batera ondoratuko da familia, ordea. Txakur bat izango da salbu irteteko esperantza bakarra. Granny's Dancing On The Table (Hanna Skold, Suedia-Danimarka) filmean, Einiren aitak beldurra dio munduari, eta erabateko isolamenduan haziko du alaba. Iona ere (Scott Graham, Erresuma Batua-Alemania) integratzeko arazoak dituen familia baten ingurukoa da. Krimen bortitz baten ondoren, babes bila joango dira Iona eta haren seme Bull ama jaio zen uhartera.

Europan egindako beste lau lan aukeratu dituzte. Einer von Uns / One Of Us (Stephan Richter, Austria) benetako istorio batean oinarrituta dago, eta hiri handien kanpoko aldeko interesik gabeko bizitzari aurre egin nahi dioten gazteen egoera erakusten du. Jajda/Thirst-ek (Tsotsorkova Svetla, Bulgaria) mendixka batean duten garbiketa zerbitzuarekin aurrera egiteko zailtasunak dituen familia baten bizitza du oinarrian. Jaialdian normalean komedia gutxi egon ohi badira ere, Le Nouveau /The New Kid (Rudi Rosenber, Frantzia) «oso dibertigarria» da, Rebordinosen aburuz. 14 urteko gazte baten eskolako lehen egunak erakusten ditu. Parasol (Valery Roseir, Belgika) erabat bestelakoa da. Inoiz existitu gabeko iragan batekiko nostalgia du gai.

Asiako bi pelikula daude aukeratuen artean: Barash (Michal Vinik, Israel) eta Stay With Me (Jinwoo Rhee, Hego Korea). Israelgo filmak nerabe baten lehenengo harreman homosexuala du kontagai. Hego Koreakoak ere nerabeak ditu protagonista. Haien bizitza zorrotz aztertzen duen drama da.

Azkenik, Amerikako beste bi film lehiatuko dira:After Eden (Hans Christian Berger, Kanada) eta Vida sexual de las plantas (Sebastian Brahm, Txile). Lehenengoak Interneteko pornografiaren aroan sortuko den amodiozko eta tentaziozko ipuina du oinarrian. Bigarrenak, berriz, galdutako amodioa ahaztu ezinak bizitza berri bati ekitea eragozten dion pertsonaia bat du protagonista.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: