Nola jaiotzen den kanta bat

Gitarraz bakarrik lagunduta urtebeteko kontzertu bira eskainiko du Mikel Urdangarin musikariak.

Abesti berriak sortu ahala eskainiko ditu, gainera, zuzeneko saioetan
Mikel Urdangarin atzo, Bilbon, bere gitarrarekin abesti bat jotzen.
Mikel Urdangarin atzo, Bilbon, bere gitarrarekin abesti bat jotzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2015eko urtarrilak 23
«Entzuleak nire kantuak beti ezagutu ditu grabatu eta gero, musikarien laguntzarekin, eta sekula ez ditu ezagutu jaiotzen diren era horretan. Eta horixe erakutsi nahi dut, nola jaiotzen den kanta bat. Etxeko sukaldeko Mikel hori erakutsi nahi dut, lanean orduak eta orduak ematen dituen bakardadeko Mikel hori». Minimora jo nahi izan du Mikel Urdangarin musikariak oraingoan. Iturrira. Pertsona bat kantuan. Gitarra eta ahotsa baino ez dituela igoko da, horregatik, oholtzara. Urdangarin bakarrik. Taldekiderik eta beste tresnaren laguntzarik gabeko urtebeteko bira hasiko du otsailean musikariak. Hamazazpi urteko ibilbidean osatutako kantutegiko piezak eskainiko ditu saio horietan, baina, abesti berriak ere txertatuko ditu errepertorioan, abesti berri horiek jaio ahala eta jaiotzen diren gisan. Bukatu gabe. Eta, printzipioz, abenduan hamar kanta berri bilduko dituen disko bat osatzea da asmoa. Printzipioz. Hori dio. «Ez diot neure buruari ezarri nahi bete behar hori; sorkuntza prozesua naturala izatea nahi dut». Jaiotza hori oholtzan erakustea da oraingoz haren kezka.

«Inoiz onartu dudan erronkarik handiena da hau». Onartu du beldurra horregatik. «Zortzi bat urtetik honako ideia bat da hau, baina sekula ez naiz ausartu pausoa ematera». Baina orain bai, orain indartsu dagoela dio. «Agian, nire gitarrarekiko harremana pixka bat hobetu delako izango da, nire lagun sentitzen dudalako, eta sentitzen dudalako kapazak garela elkarrekin ikuskizun ezberdin bat egiteko». Baina, dioenez, ez da hori azken urteetan aldatu den bakarra. Kontzertuak bizitzeko duen modua ere aldatu egin dela dio. «Jada ez naiz lehengo bera, eta hori igarri egin behar dela uste dut. Bide bat egon dela, eboluzio bat. Ez dut berdin bizi musika orain hamazazpi urte eta orain, eta publikoarekiko harremana ere aldatu egin da. Urteekin gero eta balio handiagoa aitortzen diot oholtzara igo eta zure istorioak kantatzearen ospakizun horri. Hasieran, ez zara oso kontzientea horretaz. Orain, festa txiki bat da niretzat kontzertu bat eskaintzea».

Zirriborroak baditu, eta zuzenekoak eskaini ahala joan nahi du kanta berriak ere borobilduz. Hitz guztiak berak idatzi nahi lituzkeela dio. «Bai, behintzat, blokeo egoerarik biziko ez banu, behintzat. Batzuetan gertatu zait sortutako sehaska horretan hitzak ezin kokatuta ibiltzea. Beti hala egin dut lan, halere. Musika sortzen dut lehenengo, eta oinarri horren gainean sartzen ditut hitzak». Horretan dabil oraintxe bertan, hain zuzen ere. Otsailaren 6an Getxon (Bizkaia) eskainiko duen kontzerturako nahi luke lehen pieza bukatuta, eta hitzak dira oraingoz falta zaizkionak. «Helduko naizela espero dut». Eta hurrengo saioetarako aurkeztu nahi ditu hurrengoak. Orotara, hamar kantako disko bat du buruan musikariak.

Emanaldia aldatuz joango da, beraz, birak aurrera egin ahala, eta saio guztiak grabatzeko asmoa du horregatik Urdangarinek. «Gehien gustatzen zaizkidanekin geratuko naiz gero». Horrek ez du esan nahi, ordea, diskoan zuzeneko bertsio hori joango denik. Taldea du buruan horretarako musikariak. Ez daki zer tresnarekin, ez daki zer musikarirekin, baina taldea. Orainari heldu nahi dio oraingoz. «Erabat libre nago orain, eta hala sentitu nahi dut orain». Abenduko datari ere zama kendu dio horregatik, behin baino gehiagotan. «Konpromiso moduko bat badut abenduan diskoa ateratzeko, egia da hori, baina neure buruari ez diot jarri nahi presio hori. Ez banaiz heltzen, barkamena eskatuko dut, eta hurrengo urtean egingo dut».

Soiltasunaren bila

Eskaini ditu inoiz bakarkako zuzeneko emanaldiak, baina sekula ez hainbeste eta sekula ez hain jarraian. Orain artekoak salbuespenak izan direla dio musikariak, baina 24 kontzertu baditu hitzartuak 2015erako. Beroketa modura ere eskaini ditu horregatik bakarkako lau emanaldi azken hilabeteetan. «Test pertsonal moduko bat izan ziren, eta, dudarik gabe, askoz ere handiagoa da presioa eta kontzertu osteko nekea halakoetan, baina poza ere ikaragarria da. Zeure burua kontzertu bat gidatzeko gai ikusi, eta bidaia moduko bat sortzeko kapaza zarela ikustea oso bihotz altxagarria da. Oso bultzada garrantzitsua izan dira saio horiek aurretik dudan birari aurre egiteko». Argi du asmoa, izan ere: «Nigan esentziarik balego, esentzia hori erakustera nator. Bere muga guztiekin eta bere askatasun guztiarekin. Uste dut neure burua gitarraz lagunduta agertzea baino gauza soilagorik ezin dudala aurkeztu. Errespetu handia ematen dit horrek, baina sekulako ilusio eta gogoa ere pizten dit».