Iraun behar duten gauzen alde

Aurrekoetan baino soilago idatzi du Jon Gerediagak, baina 'Argia, lurra, zuhaitza, zerua' poema liburuan bere betiko ezaugarriei eutsi die, eta bizirik egotearen ajeak ditu hizpide
Jon Gerediaga atzo Donostian, liburua aurkeztu aurretik.
Jon Gerediaga atzo Donostian, liburua aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2015eko ekainak 4

Idazten hasi orduko, «bigarren edo hirugarren poemarako», Jon Gerediagak (Bilbo, 1975) nahiko argi zeukan zein izen jarriko zion hurrengo poema liburuari. «Hasi nintzen pentsatzen zer den salbatu beharrekoa, zeintzuk diren iraun behar duten gauzak, inportanteenak». Eta konturatu zen izenburuan aipatzen dituenak direla garrantzitsuenak. Argia, lurra, zuhaitza, zerua (Pamiela). Horiei idatzi die, edo horiez idatzi du; «iraun behar duten gauzen alde, alegia». Naturako elementu horiek baliatu ditu «bizirik egotearen ajeez» hitz egiteko. Jose Angel Irigarai Pamielako editorearen iritziz, aurreko lanetako poetikaren ezaugarriei eutsi die Gerediagak —Fitola Balba, Karpuki Tui (2004), Jainkoa Harrapatzeko Tranpa (2007) eta Zentauro-hankak (2012), horiek ere Pamielarekin argitaratutakoak—: «Bere poesiagintzan heriotzaren kontrako antidoto bat bilatu nahi du; poesia bilakatzen du denbora harrapatzeko mugarri; bizitzari zentzu bat aurkitzeko erabiltzen du». Azken liburuan ere bere obra mamitu duten gaiei heldu dien arren, besteetan baino laburrago eta soilago idatzi du Gerediagak, «bulkada bati» jarraituz.

Lurrari itsatsita jarraitzen du haren jardunak, nahiz eta «hegan dabilela irudi», Irigaraik azaldu duenez. «Argia, zerua, zuhaitza aipatzen ditu, baina horien bidez baztertu, zokoratu eta amildutakoen hotsak bere egiten ditu». Oier Guillan poeta, antzerkigile eta aktorearen esanetan, poema ugaritan errepikatzen ditu ideia, hitz eta kontzeptu berak, «baina ertz desberdinetatik erakusten ditu» —90 poema pasatxo dauzka liburuak—. Iruditzen zaio, beraz, aurreko lanetako nortasun zeinu guztiak topatu daitezkeela Argia, lurra, zuhaitza, zerua-n, «baina inoiz baino orekatuago» ematen dituela. «Poema laburrak dira, baina liburua izan zitekeen poema luze bat ere; agian, horregatik, ez dute, aurreko lanetakoek ez bezala, titulurik», adierazi zuen Guillanek atzo Donostian, Gerediaga eta Irigarairekin batera egindako aurkezpenean.

Argiari, lurrari, zuhaitzari eta zeruari erreparatu die hainbat ertzetatik, baina baita, Guillanen ustez, «errekari, harriari, suari, minari, beldurrari eta isiltasunari ere», esaterako. Argia aipatzean, Gerediagaren testuek badute kutsu espiritual bat. «Espirituala, zentzurik zabalenean, baina batez ere lurtarrenean. Izan ere, aurrekoetan topaturiko pertsona horren neurrira egiten dira liburuko gomutak, eguneroko bizitzako kezka eta galderekin konpromiso betean».

Guillanentzat, irakurleak oso gertu sentituko duen ahots bat da liburuan topatu daitekeena. «Hitzez modu ezin ederragoan adieraziz, hitzik gabe nornahik sentitu dituen hainbat gauza». Dena den, ahots horrek ez du bazter uzten pertsonen bizitzako zutabea: samina. «Erorialdia eta, nola ez, heriotza».

Natura da poemetako ezinbesteko protagonista. «Idazleak xehetasun txikienei erreparatzen die, naturaren keinu txikiena sentituz». Halere, Guillanek pentsatzen du ez duela sobera jo abstrakziora. «Naturaren kaos perfektuan edo perfekzio kaotiko horretan, kale jendearen kezkak topatzen ditu egileak, kalea ez aipatu arren». Bide batez, aurkezpenean egileak berak aitortu zuen testu gehienak Artxanda mendiaren magalean idatzitakoak direla, ilunabarrean, nahiz eta Plentziako hondartzan (Bizkaia) ondutako ale baten ondoren konturatu zen gauzak modu soilago batean esateko gogoa zeukala.

Zeruari dagokionez, Gerediagaren testuetan zerua bera ez da helburu, Guillanen hitzetan. «Zerua lurreko sentimenduak islatzen dituen ispilu erraldoi bat da». Lau elementuen indarra baliatuta, galdera dezente planteatzen ditu Gerediagak liburuan, baina, Guillanen aburuz, «ez dauka erantzunak inposatzeko grinarik». Esango luke isiltasun ozen baten mintzoa biltzen duela etengabe; «poesia idaztearen balioaz eta zentzuaz ari den aldietan, adibidez».

Paisaia baten osagaiak dira argia, lurra, zuhaitza eta zerua elkarrekin jarrita, eta, hain zuzen, paisaia baten kontenplazioak sorraz dezakeen hitzezko azalpenarekin lotzen ditu Gerediagak norbanakoaren kezkak: «Askotan, paisaia bati begiratzerakoan eta kanpoan ikusten duzun hori hitzez deskribatzerakoan, ari zara, nahi gabe, barruan dituzun min eta beldur batzuen berri ematen». Bizirik egotearen ajeak dira. Gerediagak, ordea, iraun behar duenari idatzi dio, horren alde.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iruñeko alde zaharreko terraza bat, hutsik. ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroa itxi egin dute

Joxerra Senar

Bihar gauerditik ezingo da ez sartu eta ez irten, funtsezko arrazoiengatik ez bada. Ostalaritzak ateak itxiko ditu, eta jarduera oro 21:00etarako amaitu beharko da

PCR probak egiten, Ordizian, uztailaren hasieran izandako agerraldian. ©Juan Herrero / Efe

Jaurlaritzak ez du beharrezko ikusten herriak ixtea

Irati Urdalleta Lete

«Transmisio handia» dagoela aitortu du, baina ez du itxierarik egingo. Baheketak egingo dituzte Ordizian eta Durangon

Nafarroako erietxeko oheak garbitzen, iragan apirilean. ©Iñigo Uriz / Foku

«Berriz hura bada?»

Arantxa Iraola

Nafarroako Ospitale Guneko hiru solairu daude COVID-19a dutenez beteta. Langileek diote oraingoan lana «progresiboki» ugaritu dela

Jendea maskarak jantzita Alemanian. ©RONALD WITTEK / EFE

40 milioi lagunetik gora kutsatu ditu COVID-19ak munduan

Maria Ortega Zubiate

Mundu osoko kasuen erdiak baino gehiago AEBetan, Brasilen eta Indian zenbatu dira. Europan eta Amerikan izan du gorakadarik handiena pandemiaren bigarren olatuak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna